LABeko koordinatzaile orokorra

Igor Arroyo: «Gutxieneko soldataren eskumena lortzea ez da lehentasun bat EAJ eta PSErentzat»

Greba orokorrak gutxieneko soldata propioaren aldarria indartu duela uste du, ixten ari ziren bideak ireki dituelako. Aurreratu du sindikatuak neurriak hartuko dituela CCOOrekin duen harremanaren inguruan.

Igor Arroyo, LABen Bilboko egoitzan. ARITZ LOSADA / FOKU
Igor Arroyo, LABen Bilboko egoitzan. ARITZ LOSADA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egun osoan pilaturiko tentsioaren eraginez greba orokor «arrakastatsuaren» osteko gauean lo hartzea kosta egin zaiola aitortu du Igor Arroyok (Iruñea, 1978). Euforiaren eta hura prestatzearen nekearen zantzuek bat egiten dute haren aurpegian. Galderak erantzuteko orduan, baina, gora egin du, eta bizi-bizi erantzun ditu, LAB sindikatuak Bilbon duen egoitzan. 

Zer aho zapore utzi zizun greba orokorrak?

Oso ona. 2008-2013ko borroka ziklotik hona egon den greba orokorrik arrakastatsuena izan da, erantzunik zabalena izan duena. Botere sindikalaren adierazpena izan da, eta oihartzun sozial handia izan du. Beraz, balorazio oso baikorra egin dugu.

BERRIAn titulu hau argitaratu zen: Lantokiak erdizka, kaleak beteta. Hori da gaur egungo greba orokorren patroia? Lan munduan eragin mugatua eta mobilizazio oso handiak.

Aurreko deialdietan baino jende gehiagok greba egitea zen helburua, eta lortu genuen. Ehun enpresatan baino gehiagotan bozkatu zen, gehiengo handi batean baiezkoa atera zen, eta horietan enpresa erabat itxi zen. Beste hainbatetan batzar informatiboak egin ziren, eta jende askok egin zuen greba. Irakaskuntzan ere oso nabarmena izan zen eragina, eta egia da Jaurlaritzan, Osakidetzan eta Osasunbidean apalagoa izan zela. Balio handia eman diogu, badakigulako ez dela erraza greba egitea. Batetik, deskontuak egoten dira soldatetan, eta, bestetik, greben aurkako desprestigio handi bat dago Europa osoan. Eta errealitatea da bakarrik Euskal Herrian egiten ari direla mota honetako greba orokorrak; euskal sindikalismoak duen altxor bat da.

Espainiako Vueltan Israel taldearen aurkako protestak egon zirenean isun pila bat bidali zituen Segurtasun Sailak. Horrelako zerbaiten beldur al zarete?

Gure ustez, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ez dira inpartzialak klase borrokaren inguruan. Otzanak eta eskuzabalak dira enpresariekin, eta, aldiz, gogor jokatzen dute langileekin. Greba orokor honetan ia ez da egon intzidentziarik, eta grebalarien eta langileen jarrera txalotzekoa izan da. Errespetuz aritu dira, pikete informatiboak egiteko eskubidea baliatu dute, eta egondako arazoak ia anekdotikoak izan dira. Ez genuke ulertuko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak isun bidalketa masibo bat egitea.

«Grebalarien jarrera txalotzekoa izan zen. Arazoak ia anekdotikoak izan ziren, eta ez genuke ulertuko Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak isun bidalketa masibo bat egiterik»

Orain zer? Esan duzue grebaren ondoren indartsuago zaudetela.

Bai. Grebara deitzeak gauzak mugiarazi ditu, eta arrakastatsua izateak are gehiago. Negoziazio kolektiboaren eta politikaren bideak itxi nahi zizkiguten, eta biak berriz irekitzea lortu dugu. Patronalek, CCOOk, UGTk, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak mugitzeko beharra dute. Luze gabe fruiturik izango duen ikuskizun dago, baina egia da bultzada eman digula eta bi bideetan aukera dugula estrategikotzat jotzen dugun helburu hau gauzatzeko.

Greba eguneko mitinean negoziazio kolektiboaren bidea aipatu zenuen. Bilera bat duzue hilaren 24an EAEko patronalarekin, eta beste bat 25ean Nafarroakoarekin. Agertuko al dira?

Espero dugu Confebask agertzea eta jarrera aldatzea. Sindikatuok eta langileek, greba eginez, eta Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak eskatu diogu negoziatu dezala. Beraz, ezezkoa ematen badio, gogoeta egin beharko da ea noraino jarraitu behar den finantzatzen eta babes politikoa ematen horrelako patronal bati. Gogoeta egin beharko da ea patronal horrek ordezkatzen dituen enpresariak eta ea patronal horrek betetzen duen eskatzen zaion rol negoziatzaile hori. Nafarroari dagokionez, iruditzen zaigu aldaketa bat badagoela. Duela sei hilabete, CENek uko egin zion gurekin biltzeari, baina pribatuan esan digute bilerara agertzeko asmoa dutela. Gaur egun Confebaski entzun ez dizkiogun gauzak entzun dizkiogu CENi. Jarrera irekiagoa du.

Confebaskek dio biltzeko prest dagoela, betiere Elkarrizketa Sozialaren Mahaian bada eta beste gai batzuekin batera.

Confebaskek eta Jaurlaritzak badakite espresuki osaturiko beste mahai batean eztabaidatuko dela gaia. Mahai horretan gaitegi bat eta egutegi bat finkatu behar da, eta alde bakoitzak planteatu beharko luke nola ikusten dituen gauzak. Baina orain arte Confebaskek ez du urrats hori egin. Horra iritsiz gero, hainbat afera landu beharko ditugu: BPGa, soldaten pisua, zein den estatuan dagoen gutxieneko soldata, hemengo prezioak, jarduera ekonomikoa, enpresen irabaziak...

Igor Arroyo
Igor Arroyo, elkarrizketako une batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zure ustez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldata ezartzeko eskumena nahi al dute?

Nik uste dut Eusko Jaurlaritzak beste eskumen batzuei ematen diela lehentasuna. Hura gobernatzen duten alderdientzat ez dela hain inportantea eskumen hau lortzea eta beste batzuei ematen dietela lehentasuna. Autogobernuaz mintzatzean enpresarien beharrei erreparatzen dietela, baina ez hainbeste langile jendearen beharrei. Deigarria da esatea hemen badagoela aukera zerga politikaz erabakitzeko, enpresei aplikatu beharreko sozietate zergaren portzentajeaz erabakitzeko, baina ezin dela langileen gutxieneko soldata hobetu.

EAJ eta PSErengan borondate falta ikusten dugu, eta autogobernuaren ikuspegi partziala dutela, patronalari komeni zaiona. Eta Nafarroako Gobernuari dagokionez, iruditzen zaigu iraganeko inertziak ere badaudela, batez ere PSNren posizioan. Zentralismoak pisu handia du PSOEn, estatu federalista bati buruz hitz egiten dute, baina ez da ikusten praktikan. Baina ez beharrik ez dagoelako, objektiboki esan baitaiteke Espainiako gutxieneko soldatarekin ezin dela bizi hemen: beste interes politiko batzuk dituzte.

Grebaren balantzean oso gora begiratu zenuen: «Pradalesek eta Txibitek eraman beharko lukete eskaera Madrilera». Egingarria al da? 

Duela urtebete genuen espektatiba zen EAJk baiezkoa ematea herri ekimen legegilearen tramitazioari. Pentsiodunei ezezkoa eman zietenean, baina, baloratu genuen agian guri ere atea itxiko zigutela. Aukera ona zen bertako erakundeen prestigioa zabaldu eta herri gisa Madrilera joateko jende xeheari mesede egingo liokeen eskakizun batekin. Eta Pradalesek bazuen aukera Urkulluren aldean beste aurpegi bat erakusteko. Gero ikusi genuen ezerezean gelditu zela.

Oraingoz ikusi dugu EAJk ez duela borondaterik EAEn aurrera egiteko; Nafarroan, berriz, bai, Geroa Baik hala egin duelako, eta EAJ barnean dago beste batzuekin batera. Geroa Baik EH Bildurekin batera aurkeztu du EAJk EAEn ezeztatu duen zerbait. Gure galdera da, zergatik Nafarroan bai eta EAEn ez? Gure ustez, interes politikoak daude atzean, kalkulu ekonomikoak eta Confebaskekiko mendekotasuna. Gu Madrilera joango gara, eramango dugu ekinaldia, baina guri gustatuko litzaiguke Pradalesek eta Txibitek eramatea herri ordezkari moduan.

«Kezkatuta gaude Sumarrek zer jarrera izango duen Madrilen; haren atzean CCOOren interes korporatiboak egon daitezkeela uste dugu»

ELAk fede handia du Madrilgo bidean. Grebako zure mitinean, aldiz, zuk ez zenuen aipatu ere egin. LABen zer itxaropen duzue?

Uste dugu Euskal Herritik sustatu behar direla aldaketa sozial eta ekonomikoak, ez dugula konfiantzarik izan Madrildik edo Paristik etor daitezkeen euskal langileentzako onurekin. Hala ere, guk aukera guztiak arakatuko ditugu, eta badakigu EH Bildu, ERC eta BNG prest daudela ekinaldia aurkezteko Madrilen. Eta badakigu orain arte ez dugula ezezkorik jaso. Beraz, aukerak irekita daude, baina asko kezkatzen gaitu Sumarren jarrerak. Espainian gutxieneko soldata bat egoteak eta hori erkidegoetan hobetzeak klase borroka egiteko egoera hobean jartzen ditu langileak. Beraz, ez dugu ulertzen zergatik egiten zaion uko. Bururatzen zaigun gauza bakarra da Sumarren jarreraren atzean UGT eta bereziki CCOO dagoela. Haiek lehenesten dutela Madrilen langileen ordezkari eta bitartekari duten rolari eustea, eta uste dute hori ahulduko dela. CCOOren interes korporatiboengatik duela Sumarrek jarrera hori. Asko kezkatzen gaitu, Sumarren botoak beharrezkoak direlako eta indar politiko txikia izan arren Lan Ministerioa duelako.

Beste bi alderdi: Junts eta UPN. Zer diote? UPNk esan zuen eztabaidatzeko prest zegoela.

UPNren posizioa iruditzen zait, parte bat interesatua dela eta beste bat logikoa. Interesatua, ikusi dutelako PSN kontra agertuko zela, eta ikusi dute aukera bat gobernua desorekatzeko. Logikoa, beraiek badakitelako zentzua duela. Badakite Nafarroan 1.221 eurorekin ezin dela hilabete amaierara iritsi, eta badakite autogobernuaren ikuspegitik zaila dela ulertzea gutxieneko soldata ez arautzea. Ez dugu ulertzen, ordea, nola UPNk ulertzen duen eta PSNk eta Izquierda-Ezkerrak ez. Haien posizioan ere baliteke UGTren eta CCOOren interes korporatiboak egotea. Juntsen inguruan, jaso dugu eskaera honekin aurrera egiteko prest daudela eta beraien proposamen propioak dituztela.

«LABek erabakiak hartuko ditu CCOOri dagokionez. Ari da. Lehenik eta behin, maila konfederalean argi utzi diogu ez dagoela hurbilketarako aukerarik euskararen gaian jarrera aldatzen ez badu»

 

CCOOren interes korporatiboak aipatu dituzu, eta euskara eskakizunen aurka jarri dituzten helegiteak ere hor daude. Haiekin duzuen harremana birplanteatuko duzue?

LABek erabakiak hartuko ditu CCOOri dagokionez. Erabakiak hartzen ari da. Lehenik eta behin, maila konfederalean argi utzi diogu ez dagoela hurbilketarako aukerarik euskararen gaian jarrera aldatzen ez badute. Horrez gain, duela urtebete funtzio publikoko mahaian planteatu genuen elkarlanean aritzea sindikatu guztiekin, baina ez genion zentzurik ikusten lan baldintzen inguruko dinamika batean CCOOrekin egoteari, noiz-eta lan baldintzekin loturiko gai garrantzitsu batean —euskara eskakizunen gaian alegia— CCOOk horrelako jarrera bat izan duen honetan. Guk berresten dugu gure jarrera, eta funtzio publikoan ez dugu ikusten elkarlanerako aukerarik CCOOrekin.

Era berean, guk erabaki dugu maila publikoan kritika argia helaraztea CCOOri. Iruditzen zaigulako iruzur egiten ari dela, hasieran esaten baitzuen bera ez zegoela helegiteen atzean. Gero esaten zuen zenbaiten lan eskubideak zeudela kolokan. Eta orain ikusten dugu helegite horien atzean daudela eta helegiteak jartzen ari direnak ez direla lanpostu horietarako hautagaiak. Tonbola batean bezala ari dira: izena eman, dohainik baita, eta helegitea jarri, erakunde publiko baten dinamika zapuzteko.

Gainera, esango nuke aitakeria dagoela CCOOren jarreraren atzean, batzuetan iradokitzen dutelako langile migratuentzat zaila dela euskara ikastea. Baliabideak jartzen badira, euskara ikastea guztion esku dago, edozein tokitan jaiotakoa izanda ere, eta langile migratu batzuk inguru eleaniztunetan hazi dira. Langile guztiok izan behar dugu aukera euskara ikasi eta funtzio publikoan sartzeko, euskara eta gaztelania ezagutuz, bi hizkuntzak maila berean jarrita.

Tubos Reunidosen 301 langilek enpresaren eskaintza onartu dute. Zer ondorio ateratzen duzue?

Lan harremanak xantaian oinarritzen dira askotan, eta hau kasu garbi bat da. Patronalak alde bakarreko erabakia hartzen du lan espediente bat egiteko, eta langileei xantaia egiten die: edo onartzen duzue hau edo diru gutxiagorekin zoazte kalera. Xantaia hori ikusita, sindikatuoi dagokigu hori salatzea, aurre egitea eta adieraztea hemen ez dagoela inor sobran eta lanpostu guztiak defendatu behar direla.

Harritzekoa iruditzen zaigu nola Eusko Jaurlaritzan eta hedabide batzuetan ez zaion garrantzirik ematen xantaia horri. Ataka estuan jarri dituzte 300 familia. Fribolitate handiz lantzen da hori. Gu dagokiguna egiten ari gara, ez dugu kaleratzerik onartuko, eta langileak, muturreko egoera batean, inor behartu gabe boluntarioki beste aterabide bat aukeratzen badute, guk ez ditugu epaituko. Hemen indarraren legea gailendu da, ez arrazoiarena. Enpresak dibidendu erraldoiak banatu ditu, eta kudeaketa oso txarra izan du; horiek dira arazoak, eta, beraz, ezin zaie errua langileei bota.

«Tuboseko zuzendaritzak xantaia egin die langileei. 301 familia ataka estuan jarri ditu, eta Eusko Jaurlaritzak eta hainbat hedabidek fribolitate harrigarriz jorratu dute xantaia hori»

Gestampek 280 kaleratze egin asmo ditu bost urtean. Egia al da? Langile batzordean zuek duzue gehiengoa.

Ez nago baieztatzeko moduan. Badakit eztabaidatzen ari direla hurrengo urteetako ibilbideaz, eta badakit kezka bat badagoela. Badakit enpresa prest dagoela langileen ordezkariekin hitz egiteko. Tubosen eta Gestampen arteko lehen ezberdintasuna da Gestampek ez duela aurkeztu lan erregulaziorik. Hori garrantzitsua da. Guk beti esan dugu arazoak dituzten enpresekin hitz egiteko prest gaudela, eta horrek izan beharko luke ohiko dinamika. Alde bakarreko konponbideak, ordea, ez ditugu onartzen. Esaten dute sindikatuok ez dutela inoiz hitz egin nahi enpresaren bideragarritasunaz eta etorkizunaz, eta hori ez da egia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA