«Bidea itxi nahi izan digute, eta berriz ireki dugu greba orokorrari esker». Pozik agertu dira jendaurrean martxoaren 17ko greba orokorrera deitu zuten sindikatuak: haien ustez, gizarteak deialdiari erakutsitako atxikimendua «oso zabala» izan da, haien jarrera indartu egin da lanuzte eta mobilizazioen ostean, eta xedea lortzeko jorratzen ari diren bi bideak, negoziazio kolektiboa eta bide politikoa, «guztiz irekita» daude.
ELAren idazkari nagusiaren alboko Amaia Muñoa eta LABeko koordinatzaile nagusi Igor Arroyo aritu dira bozeramaile, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuen ordezkariek lagunduta, haiek ere deitua baitzuten grebara. Haien esanetan, «euskal langile klasearen eta euskal sindikalismoaren indar erakustaldia» izan da greba orokorra, eta argi geratu da euskal gizarteak «bere» egin duela gutxieneko soldata propioaren aldeko aldarria.
Hainbat datu eman ditu Muñoak grebaren arrakastaren zenbatekoa izan den azaltzeko. Esan duenez, 1.700 enpresa batzordek bat egin zuten deialdiarekin, lanuzteek eragin nabaria izan zuten zenbait sektoretan eta eskualdetan, 125.000 lagun inguruk parte hartu zuten goizeko mobilizazioetan, eta arratsaldean gutxi gorabehera 65.000 atera ziren kalera, 85 herritan egindako manifestazioetan. Arroyo bat etorri da: haren ustez, 2008 eta 2013 bitartean krisiak ekarri zuen mobilizazio zikloa egin zenetik, aurtengoa izan da Hego Euskal Herrian egindako greba orokorretan zabalena.
«Grebaren ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarrera aldatu behar dute, nahitaez»
AMAIA MUÑOA ELAko idazkari nagusiaren albokoa
Sindikatuek azaldu dutenez, eskari «estrategikoa» da gutxieneko soldata propioarena, hainbat arrazoi direla eta. Batetik, munduko egoera gatazkatsua gogortzen ari den honetan, beharrezkoa da «okerren daudenak» babestea eta «inor atzean ez uztea».
Bestetik, gutxieneko soldata igotzea «arrakala matxista eta arrazista» gainditzen laguntzeko tresna bat da, eta mugak jarriko lizkioke patronalaren «lapurretari». Horregatik, gutxieneko soldata zehazteko eskumena Euskal Herrira ekartzea eta zenbatekoa handitzea «beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria» da, sindikatuen iritziz.
Eskaera gauzatzeko aukerak
«Inoiz ez zaigu gertatu greba orokor baten biharamunean haren helburuak lortzeko bideak hain zabalik egotea». Muñoaren hitzek ondo baino hobeto laburbiltzen dute sindikatuen ikuspegia; haien ustez, badago gutxieneko soldata propioa lortzeko modua, eta horretarako jorratzen ari diren bi bideak zabalik daude erabat.
Negoziazio kolektiboa da horietako bat: lege aldaketak gorabehera, sindikatuak eta patronala ados jartzea lan hitzarmenetan gutxieneko soldata bat ezartzeko. Muñoak gogorarazi duenez, patronalak inoiz adierazi du gutxieneko soldata propioaren auzia «gainditutzat» jotzen duela, baina, haren iritziz, errealitateak erakutsi du ez dela horrela.
Sindikatuek bi hitzordu jarri dizkiote patronalari, gaiaz eztabaidatzen hasteko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begira, Confebaski martxoaren 24an bilera egiteko deia egin diote, eta Nafarroako CEN patronalari, berriz, martxoaren 25ean.
Lehenagotik ere egin dituzte horrelako bileretarako deialdiak, nahiz eta arrakastarik ez izan. baina Arroyok uste du orain egoera aldatu dela: «Haien ezezkoek indartu egin gaituzte. Grebaren ondoren, sindikatuok indartsuago gaude, eta patronala, berriz, ahulago, urduriago eta zilegitasun txikiagoz».
«Gure asmoa zen Pradales eta Txibite buru izatea autogobernua hedatzeko bidea emango lukeen neurri baten aldeko lanean; zoritxarrez, ez da hala izan»
IGOR ARROYO LABeko koordinatzaile orokorra
Gutxieneko soldata propioa lortzeko bidean ez ezik, lan hitzarmenak sinatzeko negoziazioetan ere nabaritzen ari da grebak sindikatuei emandako bultzada eta patronalaren urduritasuna, Arroyoren esanetan. Horregatik, aholku bat eman dio patronalari: «Ongi pentsa dezatela mahaiaren inguruan eseri edo ez». Ez joatea erabakiz gero ondorioak izango direla ohartarazi die Arroyok: zilegitasuna «are gehiago» galtzeaz gain, esparru politikoko eragileak «leku txarrean» utziko lituzkete.
Madrilera begira
Bide politikoa da bigarrena, hau da, gaiaren inguruko eskumena Euskal Herrira ekartzea, legerian beharrezkoak diren aldaketak eginda. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aukera horri ezezkoa eman izana deitoratu dute sindikatuek: «Gure asmoa zen Imanol Pradales eta Maria Txibite buru izatea autogobernua hedatzeko modua emango lukeen neurri baten aldeko lanean, eta horrekin Madrilera joatea», azaldu du Arroyok. «Zoritxarrez, ez da hala izan».
Baina horretan ere grebak gauzak aldatu dituelakoan daude sindikatuak: «Orain, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarrera aldatu behar dute, nahitaez», esan du Muñoak. «Aukera horri bidea moztu nahi izan zioten, eta ez dute lortu».
Gasteiz eta Iruñea ez ezik, Madril ere bada gutxieneko soldata propioaren auzia ebazteko jokalekua. Sindikatuek gogorarazi dute Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako ezker subiranistak jada iragarri duela neurri horren aldeko lege ekinbide bat, eta uste dute beharrezkoa dela inbestidurako blokea deiturikoa osatzen duten indar politikoak, hots, Pedro Sanchezen hautagaitza sustatu zuten indarrak eskakizun horren inguruan batzea.
Edonola ere, sindikatuak aurrera egiteko prest azaldu dira. Muñoa: «Alderdi politikoek eta patronalak ondo baino hobeto dakite; ez gara geldituko gutxieneko soldata propioa lortu arte».