Greba orokorra. Manifestazioak

Gutxienez 18 lagun atxilotu dituzte, eta bost zauritu, pilotakada botata lau

Bilbon, lanean ari zen tabernari bat jipoitu zuen, ustez, grebalari talde batek; Iruñean izan zen istilu gehien

Ertzainak grebalariak kolpeka sakabanatzen, atzo goizean, Bilboko Kale Nagusian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Goizean goiz hasita, tentsio une asko izan ziren atzoko greba egunean: Poliziaren oldartzeak, zaurituak, atxilotuak, errepide mozketak... Iruñean izan zen istilutsuena greba eguna, baina Bilbon eta Gasteizen ere ez zen Poliziaren oldartzerik falta izan. Zauritu ugari izan zen, horietako batzuk polizien pilotakaden ondorioz. Azkenean, gutxienez hemezortzi lagun atxilotu zituzten; horietatik hamalau Iruñean, hiru Gasteizen eta bat Urduñan (Bizkaia). Horiez gain, hamahiru lagun inputatu zituen Ertzaintzak.

Arazuri ondoan (Nafarroa), goizeko zazpiak eta erdi pasatxo zirenean, A-15 autobidea itxi zuten hainbat lagunek, hamar bat gurpili su emanda. Ordubete geroago, Atarrabian, pikete lanetan ari ziren grebalarien aurka egin zuen Espainiako Poliziak, eta horietako bat atxilotu zuen. El Corte Ingles saltokiaren kanpoaldean ere jazarri zitzaien polizia grebalariei. Horien artean zen Espainiako Kongresuko diputatu Sabino Cuadra, Amaiur koaliziokoa. Diputatu txartela erakutsi eta poliziari identifikatzeko eskatu zionean, hark korrika egin zuen alde, Cuadrak berak Info7 irratian kontatu zuenez. Ondoren, Sarasate pasealekuan izan ziren istilurik larrienak: hiru lagun zauritu zituzten, lekukoen arabera gertutik pilotakadak botata. Horietako bik buruan dituzte zauriak; tartean, hamalau urteko nerabe bat. Nafarroako Gobernu Ordezkaritzaren arabera, lau polizia ere zauritu ziren istilu horietan, eta hainbat edukiontzi erre zituzten. Gobernu Ordezkaritzak esan duenez, parlamentua eta zenbait banketxe harrikatu ere egin zituzten grebalariek.

Eguerdia lasaiago igaro arren, korrikaldi eta kolpeak itzuli ziren arratsaldean Iruñeko kaleetara, eta Sarasate pasealekuan eserialdia egiten ari ziren lagunen aurka jo zuen Poliziak. Alde zaharrean ere izan ziren istiluak, iluntzean. Azkenean, Gobernu Ordezkaritzak jakinarazi zuenez, hamalau lagun atxilotu zituzten.

Gasteizen hainbeste ez ziren izan, baina han ere gertatu ziren istiluak, goizeko manifestazioa El Corte Ingles parean zela. Lekukoen arabera, pilotakadak ere bota zituen Ertzaintzak. Hiru pertsona atxilotu zituen, eta beste hamabi inputatu, istiluak sortzea egotzita. Pikete berean zihoazen guztiak, Herrizaingo sailaren arabera. Lekukoek Hala Bedi irratian azaldu zutenez, une batez manifestazioa bitan zatitu zuten ertzainek. Oldartze eta korrikaldi zenbaiten ostean, normal egin zuen aurrera manifestazioak.

Bi lagun erietxera Bilbon

Bilbon hainbeste istilu izan ez arren, bi lagun erietxera eraman behar izan zituzten. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, tabernari bat jipoitu zuten hainbat lagunek, lanean ari zen taberna ixteari uko egin zionean. Goizean, berriz, gazte bat Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten, lekukoen arabera Ertzaintzaren pilotakada batek begian jota. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde Miguel Buenek eguerdian adierazi zuen ez zegoela argi pilotakada batek zauritu ote zuen gaztea. Hala ere, Buenek jakinarazi du erabilitako materiala berrikusi eta ertzainek izandako jokabidea aztertuko dutela.

Ertaintzaren pilotakadek zeresana eman zuten martxoaren 29ko greba orokorraren ondoren ere. Larri zauritu zen egun hartan Xuban Nafarrate gaztea, Gasteizen. Haren aitak salatu zuen oso gertutik bota ziotela pilotakada, eta bi bideo ere aurkeztu zituen Herrizaingo Sailaren bertsioa gezurtatzeko. Izan ere, Rodolfo Ares sailburuak esan zuen lurrera erorita zauritu zela gaztea. Oraindik ez dute argitu Nafarrateren kasua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.