Haize errotetarako 105 metroko dorreak eraiki eta entregatu ditu Haizea Windek

Erresuma Batuan eraikitzen ari diren Hornsea 3 itsas parkera bidali dituzte Bilboko portuan egindako dorreak. Europako hegoaldean osatutako dorrerik handienak dira.

Ziri bakarreko dorre handiak, Bilboko portuan, Zierbenan. BERRIA
Ziri bakarreko dorre handiak, Bilboko portuan, Zierbenan. BERRIA
gotzon hermosilla
2026ko abuztuaren 6a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orsted Danimarkako enpresarekin duen kontratuari jarraikiz, hainbat monopilote edo ziri bakarreko dorre eraiki eta entregatu ditu Haizea Wind taldeak. Energia aerosorgailuetan erabiltzen dira dorre horiek: itsaspeko lurrean finkatzen diren altzairuzko zutabeak dira, eta haiei lotzen zaizkie turbina eta palak. Baina Haizea Windek egindakoak ez dira edozein dorre: 105 metro luze dira, 11 metroko diametroa dute, eta 2.300 tona baino gehiagoko pisua. Europako hegoaldean egindako mota horretako dorrerik handienak dira, eta Europa osoko dorrerik handienetan bigarrenak.

Haizea Windek Bilboko portuan duen lantegian egin dituzte dorreak. Horiek ontziratu eta itsasoratzeko lanak ez dira makalak izan, eta garabi bereziak erabili behar izan dituzte horretarako. Langintza horretan, Aguado, Cadeler eta Mammoet enpresen laguntza izan du Haizea Windek.

Dorrek Erresuma Batua dute helmuga; zehazki, Ipar itsasoa, Norfolkeko kostaldetik 120 kilometrora. Han, Hornsea 3 itsas parke eolikoa eraikitzen ari da Danimarkako Orsted enpresa; 2023an ekin zieten hura egiteko lanei, eta espero dute 2027ko bukaerarako prest egotea. Munduko itsas parke eolikorik handiena izango da, eta 2,9 gigawatteko ahalmena izango du, 3,3 milioi etxebizitza hornitzeko adina.

Ziri bakarreko dorreak

«Etorkizuna ziri bakarreko aerosorgailuak dira. Merkatuak eremu horretara eramango gaitu». Hala esan zuen Borja Zarraga Haizea Windeko zuzendari nagusiak 2022an, iragarri zuenean ziri bakarreko dorreak egiteko beren-beregi prestaturiko beste instalazio bat eraikiko zutela Bilboko portuan. Ordura arte, hiru zatiko dorreak eraikitzen zituzten batez ere, baina argi ikusi zuten ziri bakarreko dorreen eremuan negoziorako aukera handiak zeudela, eta Orstedekin sinatu zuten kontratuak zalantza guztiak uxatu zituen. Ehun milioi euroko inbertsioa egin zuen planta berria eraikitzeko.

Gaur egun, 200.000 metro koadroko eremua hartzen du Haizea Windek Bilboko portuan, eta, lantegiez gain, dorreak gordetzeko biltegia handia ere badu han. 900 behargin inguru aritzen dira azpiegitura horietan. Orotara, 1.500 langile inguru ditu Haizea Windek, eta iaz 400 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen. Hogei milioi euroko irabaziak izan zituen, aurreko urtean baino %11 gehiago.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA