Hamaika mugimendu sozialek bat egin dute martxoaren 17ko grebarekin

Patronala eta agintari politikoak «eskutik helduta» doazela salatu dute: «Aberastasuna modu justuan banatzeko edozein neurri blokeatzeko asmoa dute».

Gizarte talde ugarik 1.500 euroren gutxieneko soldatari atxikimendua erakusteko egindako agerraldia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Gizarte talde ugarik 1.500 euroren gutxieneko soldatari atxikimendua erakusteko egindako agerraldia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 18a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxeko langileen taldeek, ekologistek, migratuen aldekoek, etxebizitza sindikatuek, gerraren kontrakoek... Molde eta borroka desberdinetako hamaika gizarte taldek eta erakundek bat egin dute sindikatu abertzaleek 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzeko antolatua duten greba orokorrarekin. Martxoaren 17ko mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak, haien arabera Euskal Herrian erabakitako gutxieneko soldata baita aberastasuna banatzeko modurik egokiena. 

Izen propioak aipatzekotan, besteak beste Euskal Herrian Euskaraz, Ernai, Jardun, Donostiako Harrera Sarea, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Jauzi Ekosoziala eta Euskal Herriko Bilgune Feminista agertzen dira grebaren aldeko manifestua sinatu dutenen artean. Gaur aurkeztu dute, Bilboko Bolsa eraikinean.

Nabarmendu dutenez, «ez dira garai errazak langile eta herri sektoreontzat», krisi asko pilatzen direla uste baitute: «Krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena. Mundua hankaz gora jarria du sistema kapitalista patriarkal, ekozida eta arrazistak; joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, pobrezian eta prekaritatean sakonduz».

Giro horretan kokatu dute Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propio bati enpresaburuen elkarteek eta zenbait alderdi politikok ateak itxi izana. «Patronala eta agintari politikoak eskutik helduta doaz, aberastasuna modu justuan banatzeko edozein neurri blokeatzeko asmoz». 

Imaz eta etxeko langileak

Josu Jon Imaz Repsoleko burua ere kritikatu dute, haren izena aipatu gabe —«badira Etxe Zurira joan eta milaka herritarren heriotza eragiten duten agintarien morrontzan negozioak egin nahi dituztenak»—, eta kritika orokor bat egin diete agintariei ere —«badira haien bulegoetan hartutako erabakiek mina eta sufrimendua eragiten dutela jakinda ere lotsagorritzen ez direnak—. «Baina ez dira gehiengoa, eta gu ez gara horietakoak. Gu aurrez aurre izango dituzten langileak eta herri antolatua gara», nabarmendu dute. 

M17
Grebaren aldeko manifestua. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Etxeko langileak izan dituzte gogoan, haietako gehienak emakumeak eta migranteak izanik haientzat izan ohi direlako soldatarik apalenak eta lan baldintza prekarioenak. «Lan harreman justuak sustatu nahi ditugu, baita etxeko lanaren eta zaintza lanaren esparruan ere, zeinetan askotan gaur egun dagozkien soldatak ere ez dizkieten ordaintzen eta dagozkien baino askoz ordu gehiago sartzen dituzten». 

Manifestua sinatu duten taldeen aldarrikapenak ez dira soilik soldaten aldeko borrokarekin lotuak, eta grebaren sustatzaileek gogorarazi dute «greba orokor oro politikoa» dela eta beste proposamen sozialek ere tokia izango dutela martxoaren 17an: «Genero arrakala ezabatzea, jatorriarekin edo arrazarekin zerikusia duen diskriminazio oro amaitzea, aniztasun funtzionala dutenen bizitza hobetzea, zerbitzu publikoak defendatzea, jende guztiarentzako etxebizitza duina bermatzea, pentsio eta prestazio sozialak hobetzea, euskara eta erabakitzeko eskubidea defendatzea eta lan prekaritatearen aurka borrokatzea».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.