Koronabirusaren pandemiak eragin duen geldialdiaren ondoren, merkataritza txikia gutxika ateak zabaltzen ari da berriro: tabernak, ile apaindegiak, 400 metrotik beherako saltokiak... Hego Euskal Herriko kaleetan ikusi ahal da dagoeneko jarduera ekonomikoa merkataritzari lotua, baina oraindik geldialdiaren aurreko erritmotik urrun. Era berean, arotzak, iturginak, mekanikariak... ogibide askotako autonomoak ere lanean dira berriro, eta Espainiako ATA elkarteak zenbakiak jarri dizkio itzulera horri: %61 Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, eta %67 Nafarroan.
Erakunde berak dio nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutako jarduerak direla gehienak; sektorearen kasik %90 lanean dagoela esan du. Ostalaritzan, adibidez, sektorearen %22 besterik ez dago lanean oraindik. Jakina da muga handiekin zabaldu dituztela lehen taberna eta jatetxeak, baina erakundeak dio bigarren fasean gehiago itzuliko direla.
Autonomoen zati handi batek laguntzak izan ditu geldialdi behartuaren harira, baina autonomoen erakunde guztiek azpimarratu dute laguntza horiek ez direla nahikoa izan. Eusko Jaurlaritzak ekainerako ordaindu nahi ditu autonomoei agindutako diru laguntza guztiak, baina lehen ordainketak maiatzaren amaieran egiteko asmoa dutela adierazi du Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak. Ordainketa bakar bat egingo du gobernuak, hiru mila eurokoa gehienez.
Langabeziari eutsi
Bestalde, autonomoek eutsi egin diote Espainiako Gobernuak martxan jarri duen langabezia sari bereziari, negozioa ireki ala ez. Hilaren 11tik aurrera beren denda, taberna edo kontsulta ireki duten langile autonomoek ez dute galduko langabezia sari berezi hori. Gizarte Segurantzak zehaztu duenez, dagoeneko saria eskuratu duten autonomoek eutsi ahal izango diote sari horri alarma egoerak iraun bitartean. Neurri horrekin, Espainiako Gobernuak lortu nahi du autonomo gehiagorentzat errentagarria izatea konfinamenduaren amaieraren lehen fasean negozioa irekitzea. Izan ere, ez du inork espero negozio horiek krisi aurreko jarduera laster berreskuratzea, eta, diru sarrera bat bermatuta edukiz gero, autonomo gehiagok egin dezakete normaltasunerako lehen urratsa.
Autonomoek apiril bukaeran jaso zuten hil horri dagokion langabezia sari bereziaren bigarren zatia. Hego Euskal Herrian, 64.000 autonomok eskuratu dute: 26.008k Bizkaian, 18.030ek Gipuzkoan, 13.542k Nafarroan eta 6.357k Araban.