Lan merkatuari eta gizarte babesari lotutako parametro guztiak ez dira hobera egiten ari. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen kopuruak gora egin du maiatzean: hil horren amaieran 51.117 lagunek jasotzen zutenDSBEa, apirilean baino 376 gehiagok. Hamarretik sei Bizkaian bizi dira; laurdenak, Gipuzkoan; eta gainontzekoak, Araban.
Horiei gehitu behar zaizkie IMV bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen dutenak: 21.082, guztira. Espainiako Gobernuak sortutako gizarte laguntza da IMVa, eta Lanbidek kudeatzen du gaur egun. DSBEarekin bateragarria denez, 10.487 lagunek biak jasotzen dituzte: IMV laguntza nagusi gisa, eta DSBEa osatzeko.
Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen %45 dira langabeak. Ia-ia laurden batek bere pentsio txikia osatzeko baliatzen du gutxieneko errenta, eta beste hainbeste lanean ari dira, baina DSBEaren laguntza behar dute gutxieneko diru sarrerak osatzeko. Hamarretik zazpik Espainiako herritartasuna dute.