Olazabal y Huarte fundizioak hartzekodunen konkurtsoa eskatu du

30 lanpostu daude arriskuan. LABen arabera, jabeen «kudeaketa txarragatik» heldu dira egoera horretara.

Olazabal y Huarte fundizioko langileak, pieza handi batekin. BERRIA
Olazabal y Huarte fundizioko langileak, pieza handi batekin. BERRIA
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko irailaren 30a
16:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olazabal y Huarte fundizioko langileek uztaileko soldataren %60 jaso zuten, eta abuztukoa ez zuten kobratu. Horiek horrela, langileek jabeen aurrean protesta egin eta zor zietena ordaintzeko eskatu zuten. Bada, Gasteizko enpresa horrek, dirurik ez duela adierazi, eta hartzekodunen lehiaketa eskatu du. LAB sindikatuak salatu duenez, enpresaren erabakiak arriskuan jarri du 30 langileren egoera, lanpostuak «kenduko» dituztela iritzi baitio.

Sindikatuak salatu duenez, Olazabal y Huarte fundizioaren egoera ez dator azken hilabeteetan izandako gorabehera batengatik: «Enpresa txarto kudeatu izan da hainbat urtez». Ohar baten bidez azaldu duenez, enpresa galeretan sartu aurretik, haren jabe zen familiak milioi bat euro banatu zituen dibidendutan. «Ordutik, enpresak ez du bururik altxatu». 

Duela lau urte, Arteaga enpresak erosi zuen fundizioa, baina LAB kexu da egoerak okerrera egin zuela hobera egin beharrean. «Lan baldintzetan funtsezko aldaketak aplikatzen saiatu dira, ordainketa batzuk ez dituzte egin, prebentzio neurri batzuk ez betetzeko erabaki oso larriak hartu dituzte, eta silikosi kasuak izan dira»: horiek dira, besteak beste, sindikatuak nabarmendu dituen egoeraren ezaugarriak.

Horiek horrela, Gasteizko fundizioko langileek manifestazio bat antolatu zuten Durangaldean irailaren 24rako, iragan ostegunerako. Izan ere, Arteaga enpresak Durangon (Bizkaia) du lantegi nagusietako bat: Funbarri.

LABek Arteagari egotzi dio gaur egungo egoerara heldu izana: «Aste batzuetan, enpresak ez zuen produkzioari eusteko materialik, eta zuzendaritzaren interes eta proiektu industrialen falta jasan behar izan du». Jabeen interes faltaren adibide gisa, Gasteizko fundizioan azkenaldian inbertsiorik egin ez izana nabarmendu du sindikatuak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA