Hartzidurak sortutako CO2az jende gehiago ez hiltzea nahi dute

Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio neurriak har ditzala ez dadin jenderik hil upategietan karbono dioxidoa arnastearen ondorioz.

Urriko Lantziegoko (Araba) istripuaren osteko irudiak. RAQUEL MANZANARES / EFE
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 2a
16:54
Entzun

Azken hiru urteetan lau langile hil dira Euskal Herriko upategietan, ardoaren hartzidurak sortutako karbono dioxidoak itota. Azken bi heriotzak Lantziegon (Araba) izan ziren, urrian, istripu berean: hildakoetako bat upelaren barruan erori zen, eta hura sorostera joan zenean hil zen bigarrena. Halako heriotzarik gerta ez dadin, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio neurri bereziak hartzeko. Voxek ez beste alderdi guztiek babestu dute EH Bilduk aurkeztutako eta EAJ eta PSE-EErekin adostutako testua.

Hala, Gasteizko parlamentuak Lakuari eskatu dio neurriak har ditzala ez dadin jenderik hil hartziduraren karbono dioxidoa arnastearen ondorioz. Zehazki, Euskadipreben estrategian eskatu dituzte aldaketak, Osalanekin lankidetzan, baita alderdi politikoen eta sindikatuen partaidetzarekin ere.

Testua onartuta, nahi dute upategiei aholkuak eta irizpideak ematea aurrerantzean prebentzioaren arloan. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardotegi, garagardotegi eta upategietan aplikatu nahi dituzte neurri horiek.

Arrisku sumagaitza

Edari alkoholikoak hartziduraz egiten diren lantegietan kontu handia izan behar da karbono dioxidoarekin, ekoizpen prozesu oso automatizatuak ez dituzten lekuetan bereziki. Izan ere, karbono dioxidoa ikusezina da, eta ez du usainik; beraz, arnasarik gabe geratzen hasiz gero, baliteke beranduegi izatea.

Halako lekuetan ohikoa da gas neurgailuekin sartzea, baina bada beste metodorik, kandela batekin sartzea esaterako. Oxigeno gutxiegi dagoenean, itzali egingo da: leku horretatik alde egin behar den seinale. Hala ere, hori ez da nahikoa, posible delako kandela bat piztuta izateko aski oxigeno egotea, baina ez arnasa normal hartzeko adina. Osalanen gomendioak dira upeletan bakarrik ez sartzea, eta ahal bada, lotuta eta errazago arnasa hartzeko gailuekin joatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.