Hasi dira igoerak

Iker Aranburu.
2009ko uztailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Languedoc eta Roselloko zelaietan indarra galdu ondoren, Montjuiceko aldapa txikia nahikoa izan da merkatuak animatu eta lau eguneko beheranzko joera eteteko. Ibex 35 taldeari (%0,88) Sacyr igotzaile trebeak (%11,78) eman dio indarra: eraikuntza enpresa %19 haztera iritsi zen, Panamako kanala handitzeko lortutako kontratuak bultzatuta. Andorrako gaurko etapa gogorraren zain geratu ziren liderrak, BBVA (%1,67), Santander (%1,60) eta Iberdrola (%1,14). Mendiaren usainarekin animatu dira mendi barreneko altxorren bilatzaileak, Angloamerican (%5,60) eta Rio Tinto (%3,77) meatzaritza enpresak. Lehenengoak Xtrataren erosketa eskaintza arbuiatu du, gehiago balio duela argudiatuta, eta bigarrenak Txinako Gobernuaren espioitza akusazioak jaso ditu. Euskalteleko liderrak bezalaxe, erorialdietan denbora galdu dute Repsolek (-%0,59) eta Enagasek (-%0.58), lehen aldiz maiatzaz geroztik petrolioa 60 dolarretik salerosten delako.



Alcoa. AEBetako aluminio enpresak abiatu du lehen seihilekoaren emaitzen lasterketa. Irabazietatik urrun dagoela erakutsi arren -545 milioi dolar galdu ditu-, uste baino sasoi txukunagoan dagoela uste dute analistek.



Ingalaterrako Bankuak ere galga bota du. Interes tasak %0,5ean uzteaz gain, quantitative easing-erako jarritako dirua ere(125.000 milioi libera zor publikoa edo pribatua erosteko) ez ¡kutzea erabaki du. 113.000 milioi dagoeneko erabili ditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA