Ezegonkortasun geopolitikoa, Europako ekonomia batzuen ahultasuna, eta nazioarteko lehia gero eta indartsuagoa gorabehera, Gipuzkoako ekonomiak eutsi egingo dio aurten hazkunde sendoari, eta barne produktu gordina %2 haziko da. Hala uste du Gipuzkoako Ganberak lurraldeko enpresen aurreikuspenei begira. Zerbitzuak eta eraikuntza izango dira hazkundearen motorrak, eta industriaren panorama konplexuagoa izango da, azpisektore batzuen jarduera maila ona izanik ere beste batzuek zailtasunak baitituzte.
Laino ilun horietan larriena Txinaren lehia da, eta bereziki automobilgintzara lotutako enpresei eragiten die, Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiak azaldu duenez. «Ikusten ari gara azken urteetan egiturazko aldaketa gertatzen ari dela, Txinaren gero eta posizio garrantzitsuagoaren ondorioz. Eta Gipuzkoan, autogintza sektore oso inportantea da, sektore traktorea, enpresa asko baitauzka hornikuntza kate osoan».
Zubiaren ustez, «lehiakide gogorra da Txina, geroz eta maila teknologiko hobea baitute, eta epe luzerako begirada. Antzeman dugu industriako sektore ia guztietara iristen ari dela Txinarekiko kezka».
Industriako beste azpisektore batek ere zailtasunak ditu: ekipo ondasunen arloak. «Mundu mailako ziurgabetasun handiak eraginda, atzeratu egin dira inbertsioetarako hainbat erabaki, eta guk, hain zuzen, inbertsio horietarako ekoizten ditugu ekipo ondasunak», esplikatu du Zubiak.
Errekorrak esportazioetan
Zailtasunak zailtasun, kanpo merkataritzan datu onak daude, eta hura da Gipuzkoaren hazkunde ekonomikoaren oinarrietako bat. Aurreko kopuru handiak gainditzea lortu dute esportazioek, 10.235 milioi eurorekin. Aurrera begira, enpresen ia %80k aurreikusten dute beren esportazio mailei eutsiko dietela edo haiek handituko dituztela.
Bide horretan, Zubiak itxaropenez aipatu ditu Frantzian eta Alemanian aurreikusi duten hazkundea, horrek adierazten baitu balitekeela halako suspertze bat gertatzea. Asia, Saudi Arabia eta Maroko dira, haren ustez, beste merkatu interesgarri batzuk. «Guretzat AEBak ere merkatu garrantzitsu bat dira oraindik ere, baina adi gaude ea nola egokitzen den egoera berrira».
Edonola ere, merkatuak dibertsifikatzen jarraitu beharra dagoela azpimarratu du Mauri Arregi ganberako presidenteak: «Hazkundeko urtea iragarri arren, enpresek esan digute kezkaturik daudela epe ertainean lehiakortasuna ez ote duten galduko nazioarteko merkatuetan. Hain zuzen, posizionamendu horri eusteko giltzarria izango da produktuetan dibertsifikatzea, baita sektoreetan eta merkatuetan ere. Estrategia horren eraginkortasuna frogatuta geratu da».
Turismoa, BPGaren %8,7
Esportazioak ez ezik, zerbitzuen eta turismoaren bilakaera ona ere bada baikor egoteko oinarrietako bat. Aipatzekoa da turismoa lurraldeko ekonomian hartzen ari den pisua: iaz barne produktu gordinaren %8,7 izan zen.
Eta nabarmentzekoa da ere eraikuntzaren bilakaera ona. Horri buruz hiru arrazoi nabarmendu ditu Arregik. «Nahiz eta lursail gutxi egon eta lursail horiek eskuratzeko araubideak gehiegizkoak izan, eraiki ahal diren etxebizitza guztiak ari dira eraikitzen, eta horrek sustatu egiten du sektorea. Bestalde, Europako Next Generation funtsak ere iritsi dira azpiegituretara eta etxebizitzen eraikuntzara. Eta, azkenik, eraikuntzara doa ere enpresen inbertsioaren zati bat».
Salmentei, enpleguari eta inbertsioei dagokienez, egonkortasuna da nagusi Gipuzkoako enpresen aurreikuspenetan, eta, oro har, datu onak espero dituzte. Enpresen %33k esan dute aurten salmentak handituko dituztela, eta %49k, salmentei eutsiko dietela. Enpresen %73k uste dute enpleguari eutsiko diotela, eta %20k langile taldea handituko dute. Inbertsioari eusteko planak dituzte enpresen %59k eta handitzekoak %29k.
erregulazioen zama
Haien jarduna baldintzatzen duten faktoreetan, ohi bezala, irabazi marjinak eta haiei oso lotuak doazen lan kostuak daude, eta horiek dira oraindik ere Gipuzkoako enpresen kezka nagusiak. Eskari txikia ere kezka iturri da konpainientzat, baina kezka nagusi horien artean gero eta pisu handiagoa hartzen ari da erregulazioek dakarten zama.
Batez ere arau eta baimen horiek betetzeko epeak, luzeegiak baitira. «Lizentziak arin tramitatzea eskatzen dute enpresek», zehaztu du Arregik. «Gure enpresentzat ezinezkoa da bizpahiru urte itxarotea fabrika bat handitzeko lizentziak lortzeko, merkatuak eta bezeroak ez baitira zain egongo». Ganberako presidentearen iritziz, zama horiek arintzeak enpresen konfiantza indartuko du eta Gipuzkoako ekonomiaren dinamismoa bultzatu.