Bi urteren buruan defizit publikoa barne produktu gordinaren %3tik behera utziko duela agindu du Frantziako Gobernuak. Aldi berean, zor publikoaren hazkunde ia etengabeari amaiera eman nahi dio, eta 2012tik aurrera jaisteko bidean jarri nahi du. Bi helburu horiek batera lortzea oso zaila da, baina Parisek espero du ekonomia nahikoa haziko dela eta diru sarrera handiagoei esker biak uztartuko dituela.
Zehazki, %2ko hazkundea iragarri du Frantziako Gobernuak, atzo Asanblea Nazionalean aurkeztutako aurrekontu proiektuan. Igoera apalagoak aurreikusi dituzte erakunde pribatuek.
Hazkundeak zerga bilketaren handitzea ekarri beharko lukeenez, Parisek uste du posible izango dela aurtengo BPGaren %7,7tik %6ra jaistea 2011. urtearen amaieran. Plana betetzen bada, 2012an defizita %4,6ra jaitsiko da, %3ra 2013an eta %2ra 2014an.
Zor publikoari dagokionez, datozen bi urteotan igo egingo dela aitortu du Parisek: BPren %77,6 iaz, %82,9 aurten, %86,2 2011n, %87,4 2012an, %86,8 2013an eta %85,3 2014an.
Helburu horiek lortzeko, ez da nahikoa ekonomiaren hazkundeak zerga bilketa berez emendatzea, hemendik 2013 bitartean bete beharreko zuloa 100.000 milioi eurokoa baita. Epe horretara arte estatuaren gastua izozteko asmoa du Nicolas Sarkozyk, eta herriko etxeek ere ez dute sos gehiago jasoko. Bideetako bat izango da erretiroa hartzen duten bi funtzionarioetatik bat baizik ez ordezkatzea, eta haien soldatak izoztea.
Ekonomia sustatzeko neurri bereziak ez dira berrituko, eta hainbat zerga kenkari ezabatuko dituzte. Besteak beste, pentsio pribatuetan dirua jartzeagatik emandakoak. Errenta zergaren tasa handiena %41era igoko da.
Hazkundeari esker defizita eta zorra jaitsiko dituela agindu du Parisek
Gastu publikoa 2013 bitarte izoztuko du, eta funtzionarioen erdiak baizik ez ditu ordezkatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu