Gaur egun, lana izatea ez da nahikoa pobreziatik ihes egiteko. Hego Euskal Herrian 347.000 lagun daude baztertuta gizartean, baina, horiez gain, badago multzo handi bat, herritarren %35 inguru, «integrazio prekarioan» bizi dena; hau da, lan prekarioen eta soldata apalen ondorioz, zailtasunak dituzte bizitzaren oinarrizko beharrak asetzeko, eta bazterkerian erortzeko arriskua dute espero gabeko gasturen bat gertatuz gero. ELAk eman ditu datuak, Pobreziatik pauso batera izenburu aski esanguratsuko txostenean.
ELAko Azterketa Bulegoko kide Janire Landaluzek aletu ditu txostenean bildutako datu nagusiak, gaur, Bilbon. Esan duenez, pobrezia kronifikaturik dago Hego Euskal Herrian, eta «askotariko ertzak» ditu, errentari ez ezik, etxebizitzari, osasunari, hezkuntzari eta beste zenbait arlori eragiten baitie. Pobrezia sortzen duten faktoreak «sistemikoak» dira, eta «aberastasuna banatzeko modu desorekatua» da funtsezkoena: «Aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da».
ELAren datuen arabera, Hego Euskal Herrian, lan errentek azken urteetan BPG barne produktu gordinaren 2,5 puntu galdu dituzte, eta enpresen ustiapeneko soberakin gordina, berriz, 4,8 puntu handitu da: «Horrek erakusten du sortzen den aberastasuna enpresa handien eta kapitalaren esku geratzen ari dela».
Migratuak, emakumeak, gazteak
Pobreziak ez die berdin eragiten gizartearen sektore guztiei. Batez ere, migratuek pairatzen dute egoera hori, eta Hego Euskal Herrira etorritako hamar migratutik lau bazterketa egoeran daude (%40,7 EAEn eta %40,2 Nafarroan).
Generoa da pobrezia eta bazterketa eragiten duen beste faktore nagusia. Datu bat eman du Landaluzek, horren erakusgarri: EAEn, emakumeak buru dituzten etxeetan bazterketa tasa %15,4koa da, eta gizonak buru dituzten familietan, berriz, %10ekoa. «Zaintzen banaketa desorekatuak» azaltzen du hori, eta, gainera, desabantaila hori denboran «metatu» egiten da, Landaluzeren esanetan: askoz gehiago dira ordaindu gabeko zaintzan aritzen diren emakumeak, horrek diru sarrerak murrizten dizkie eta lan prekario eta jarraitutasunik gabekoetan aritzera bultzatzen ditu, zahartutakoan pentsio apalagoak jasotzen dituzte, eta, luzaroago bizi direnez, haietako askok arazo handiak izaten dituzte bizitzaren etapa horretan.
Zifrak
%50,8Baztertuta daudenetatik zenbatek dituzten laneko diru sarrerak EAEn. ELAk dioenez, lana edukitzeak ez du bizimodu duina bermatzen, eta horren froga da EAEn bazterketa egoeran dauden herritarren %50,8k lanari lotutako diru sarreraren bat dutela. Nafarroan, %44,2koa da portzentaje hori.
%45Pobrezia arriskuan daudenetatik zenbat bizi diren hilean 644 euro baino gutxiagorekin. Pobreziak jende gutxiagori eragiten dion arren, «intentsitate handikoa» da, eta pobrezia arriskuan dauden ia erdiek 644 euro baino gutxiago dituzte hileko gastu guztiei aurre egiteko.
Azkenik, «belaunaldien arteko arrakalaz» ohartarazi du Landaluzek, eta nabarmendu gazteek «bazterketa arrisku handiagoa» dutela: EAEn, bazterketa tasa %19,9koa da 18 urtetik beherakoen artean, eta %23,4koa Nafarroan.
Landaluzek esan duenez, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak daude pobreziaren atzean, eta, bereziki, alokairua edo hipoteka ordaintzeko diru baliabide ugari jarri beharra. Baina ez hori bakarrik: etxebizitza desegokietan bizitzea, etxebizitza batean behar baino pertsona gehiago bizitzea edo etxerik gabekoen egoera ere aipatu ditu, etxebizitzarako eskubidea gauzatzeko ezintasunaren adibide gisa.
Egiturazko neurriak
ELAko Politika Sozialeko arduradun Aitor Murgiak esan duenez, «egiturazko neurriak» proposatzen ditu sindikatuak egoera horri irtenbidea emateko. Gutxieneko soldata propioa da horietako bat: gogorarazi du martxoaren 17an greba orokorra egingo dutela beste zenbait sindikaturekin batera 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren alde, eta eskaerak berretsi ditu: patronalari, gutxieneko soldata hori ezar dezatela sektore arteko hitzarmenak sinatzean; eta alderdi politikoei, bideak bila ditzatela gutxieneko soldataren auziaz Euskal Herrian erabaki ahal izateko.
Beste zenbait neurri ere zerrendatu ditu Murgiak: prestazio sozialak gutxieneko soldatari lotzea, etxebizitza politiketan barne produktu gordinaren %2 jartzea, pentsio minimoak osatzea, zerbitzu publikoak indartzea, zaintza sistema doako, unibertsal eta kalitatezkoa abian jartzea eta zerga erreforma «progresibo eta bidezkoa» ezartzea.