Hego Euskal Herriko ETEak finantzatzeko funtsa sortu dute Elkargik eta Kenta Capitalek

Finantza egoera egonkorra eta, gehienez, 50 milioi euroren diru sarrerak izan beharko dituzte inbertsio funtsaren onuradunek. Bost eta zazpi urte artean izango dute lau milioi eurorainoko maileguak itzultzeko.

Elkargi eta Kenta Capital erakundeetako arduradunak gaurko prentsaurrekoan, Bilbon. ELKARGI
Elkargi eta Kenta Capital erakundeetako arduradunak gaurko prentsaurrekoan, Bilbon. ELKARGI
14789412 kepa
Bilbo
2025eko irailaren 10a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bankuek ematen duten finantzaketatik harago, maileguak baldintza egokietan lortzea ez dute erraz izaten ETE enpresa txiki eta ertain askok. Hego Euskal Herriko enpresei arazo horri aurre egiten lagunduko diete Elkargik eta Kenta Capitalek: bi erakundeek funts bateratu bat sortu dute, eta, haren bitartez, lau milioi euro arteko maileguak eskainiko dizkie finantza egoera egonkorra duten sozietateei, haien hazkundea bultzatzeko asmoz. Mailegua itzultzeko, berriz, bost eta zazpi urte arteko epea izango dute ETEek. Funtsaren bidez 50 milioi euro banatuko dituzte.

Urtebete baino gehiagoz lankidetzan aritu ondoren sortutako proiektua «aitzindaritzat» jo du Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak, gaur, Bilbon. Enpresei «eragiketa tamaina, amortizazio formatu eta prezio lehiakorrak» eskainiko dizkiela ziurtatu du.

«Epe luzeko kapital egiturak sendotu eta hazkunde aukera berriak baliatu ahal izango dituzte ETEek, akzioen partaidetza laga beharrik gabe»

ZENON VAZQUEZ Elkargiko zuzendari nagusia

Besteak beste, interesei dagokienez, mailegua emateko baldintzak sozietate bakoitzaren egoeraren araberakoak izango dira, Borja Bertran Kenta Capitaleko arduradunak gehitu duenez: «Hala ere, ezin izango du halako mailegurik eskatu egoera ekonomiko kaskarrean dagoen enpresarik». Gehienez 50 milioi euroren diru sarrerak izan beharko dituzte ETEek.

Funts honen bidez, sustatzaileek finantzaketa iturri berri bat eskaini nahi diete enpresa txikiei eta ertainei, haien iturriak dibertsifikatzen eta finantza sendotasuna hobetzen laguntzeko. Baina, zor funts berriaren helburua ez da bankuak ordezkatzea, «enpresei irtenbide osagarri bat eskaintzea» baizik.

«Ezin izango du halako mailegurik eskatu egoera ekonomiko kaskarrean dagoen enpresarik»

BORJA BERTRAN Kenta Capitaleko arduraduna

«Epe luzeko kapital egiturak sendotu eta hazkunde aukera berriak baliatu ahal izango dituzte ETEek, akzioen partaidetza laga beharrik gabe», Vazquezek nabarmendu duenez. Funtsak industria enpresei laguntzea lehenesten duen arren, ezarritako irizpideak betetzen dituzten zerbitzu arloko konpainiak ere sartu ahal izango dira.

Partaideak

Mirai Investments buru duen inbertitzaile pribatuen talde batek ipiniko du maileguetarako dirua; horien artean Kutxabank eta Unicaja ere egongo dira. Kenta Capitali dagokionez, funtsaren aholkulari gisa arituko da, eta arduratuko da aukerak sortu, aztertu eta egituratzeaz. Elkargik, berriz, «berebiziko garrantzia» izango du, mailegu bakoitzaren bermatzaile gisa jardun eta inguruko enpresa ehunari buruzko ezagutza emango baitu.

Halaber, CERSA Espainiako Birfidantzamendu Konpainiaren laguntza izango du funtsak. Espainiako Industria Ministerioaren mendeko erakundea da hura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.