Hegoaldean %25 murriztu da hipoteketan emandako dirua

Etxeak erosteko hipoteken kopurua %15 apaldu da urtebetean, eta Gipuzkoan bakarrik igo da

jakes goikoetxea
Donostia
2009ko abenduaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurtengo urrian 492 hipoteka eman dituzte Hego Euskal Herrian etxeak erosteko, iaz baino ia %15 gutxiago; hipoteken bitartez utzitako dirua gehiago murriztu da, %25 pasatxo. Finantza erakundeek Hego Euskal Herrian 377 milioi utzi dituzte urrian etxea erosteko.

Etxebizitzen merkatuak geldirik jarraitzen du, eta hori nabarmen erakusten dute hipoteka maileguei buruzko urriko estatistikek. Espainiako Estatistika Institutuaren urriko datuen arabera, urtebetean etxeak erosteko hipotekak asko murriztudira Araban, Bizkaian eta Nafarroan: %27,73 Araban, %19,10 Nafarroan eta %13,4 Bizkaian. Proportzioan, baina, jaitsiera handiagoa izan da hipoteka horien bitartez utzitako diru kopuruan: %46,20koa Araban, %23,10ekoa Nafarroan eta %22koa Bizkaian.

Gipuzkoan emandako hipoteken kopurua handitu egin da, ia %2, baina finantza erakundeek iaz baino diru gutxiago utzi dute hipoteka horien bitartez: %17,5 gutxiago.

Aurtengo urrian hipoteka maileguen bidez utzitako diru kopuruaren batez bestekoa 133.105 eurokoa izan da; iazkoa, berriz, 153.061 eurokoa zen.

Irailetik urrira bitartean murriztu egin dira, bai hipoteken kopurua, bai hipoteken bidez utzitako dirua, baina bien arteko aldea ez da hainbestekoa: bata %16 murriztu da, eta bestea %18 Hego Euskal Herrian.

Aurrezki kutxek eman zituzten lau mailegutik hiru, eta bankuek lau mailegutik bat.

Prezio apalagoak

Bigarren eskuko etxeen prezioaren jaitsiera ez da izan hipoteka kopuruaren edo hipoteketan utzitako diruaren neurrikoa. Aurtengo azken hiruhilekoan, iazkoarekin alderatuta, metro koadroa merkatu egin da Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan, Idealista.com Interneteko etxe agentziaren arabera: Iruñean %6,7, iazko 3.000 eurotik aurtengo 2.830 eurora; Gasteizen %5,1, 3.143 eurotik 2.982 eurora; Donostian %3,5, 4.598 eurotik 4.764 eurora; eta Bilbon %2,8, 3.744 eurotik 3.640 eurora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.