KPIaren gainetik egingo dute gora gutxieneko pentsioek ―%7,07 eta %11,4 artean―, eta nahikoa kotizatu ez dutenenek ere bai (%11,4). Igoera horiek bere aurrekontuekin batera zehazten ditu Espainiako Gobernuak, baina, kontuak onartzeko babesik ez duenez, dekretu bidez egin beharko du. Gaur aurkeztu du bere proposamena, eta Espainiako Kongresuak hilabeteko epean berretsi beharko du.
Babes hori lortze aldera, Elma Saiz gobernuko eledun berri eta Gizarte Segurantzako ministroak zehaztu du igoera horiek eta pentsioen igoera orokorra (%2,7koa) jasotzen dituen dekretuan ez dutela beste neurririk sartuko, PPk eskatu duen moduan.
Hego Euskal Herrian gutxieneko pentsioa zenbatek jasotzen duten ezin da zehazki jakin, ez baitago erkidegoen araberako datu ofizialik. Pentsioaren zenbatekoari dagokionez, kontuan hartzen da eskatzen duenak zer adin duen —65 urte baino gehiago ala gutxiago dituen—, eta bakarrik bizi den ala ezkontiderik edo bere kargu seniderik duen ala ez.
Hala, bakarrik bizi eta 65 urte edo gehiago dituztenek %7,07ko igoera izango dute, eta hilean 936 jasoko dituzte gutxienez —hamalau ordainketa urtean—, 62 euro gehiago hilero. Igoera handiagoa izango dute, % 11,4koa, beren kargu senideren bat badute, hilean 1.257 euro gutxienez.
Bestalde, zahartzaroko eta elbarritasunetarako nahitaezko saria (SOVI) %7,07 igoko da datorren urtean. Hilean 600 euro jasoko dituzte beste pentsiorik jasotzen ez dutenek, eta 582 euro besterik jasotzen dutenek.
Nahikoa kotizatu ez dutenenak era bai
Nahikoa kotizatu ez dutenen pentsioek ere, pentsio ez-kontributiboek, %7,07ko igoera izango dute. Hego Euskal Herrian 16.000 bat lagunek jasotzen dute. Datorren urtean 629 eurokoa izango da hilean, aurten baino 64 euro gehiago.
Gutxieneko diru sarrerak, berriz, igoera handiagoa izango du: %11,4koa. Hego Euskal Herrian 691 euro izango dira batez beste, jasotzen duena bakarrik bizi den ala ez kontuan hartuta. 37.000 lagunek jasotzen dute, eta hamarretik sei emakumeak dira.
Beste pentsio guztiak bezala, gutxieneko diru sarrera bateragarria da Eusko Jaurlaritzak ematen duen DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta Nafarroako errenta bermatuarekin. Gutxieneko diru sarreraren kasuan, Espainiako Gizarte Segurantzak ordaintzen du dagokion zatia, eta besteek DSBEa eta errenta bermatua osatzeko gelditzen den tartea.
Autonomoen kuotak, zehazteko
Gizarte kotizazioekin ere erabaki bat hartu behar izan du gobernuak. 2026-2028 eperako kuotak izoztu ditu, autonomoen elkarteekin abiatu dituen negoziazioetan besterik adosteko asmoarekin. Azken proposamenean, sarrera handiagoak dituztenentzat %1etik %2,5era arteko igoerak jaso zituen gobernuak — hilean 2,5 y 14,75 euro artean— eta txikienak izoztea. Autonomoen elkarteek ez zuten babestu, eta negoziazioek irekita jarraitzen dute.
2022an adostu zuten autonomoen kotizazio sistema berria, eta aurten jarri da indarrean. Horren helburua da errendimendu garbien arabera kotizatzea. Gaur egun, hamabost tarte daude, eta autonomoek horietako bat aukeratu behar dute, beren diru sarreren aurreikuspenen arabera. Tarte horiek hiru urtean behin berritzen dira, eta 2032ra arte eguneratuko dira.