Hegoaldeko auto parkea gero eta zaharragoa da, hamabost urtekoa batez beste

Ibilgailu elektrikoen presentzia oso apala da oraindik, guztien %0,65 baitira. Saltzen diren autoen artean, hirutik bik hamar urte baino gehiago dituzte.

Auto batzuk, Bilboko erdigunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Auto batzuk, Bilboko erdigunean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko abuztuaren 7a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta gazte gutxiago parkeetan. Eta auto berriak ere bai. Hego Euskal Herrian bitik batek hamabost urte baino gehiago ditu: 800.699 guztira (%50,68). Eta, berrienen artean, %1,26 baino ez dira elektrikoak eta hibrido entxufagarriak.

Parkearen elektrifikazioa astiro doa. Ekoizleak gero eta modelo gehiago eta merkeagoak merkaturatzen ari dira, baina bezeroek zalantza handiak dituzte oraindik auto elektriko baten alde egiteko orduan. Nahiago izaten dute kontzesionarioetatik bigarren eskuko auto batekin atera, berri batekin baino. Iaz, hamar urte baino gehiagoko 2,25 ibilgailu saldu ziren matrikulatutako auto berri bakoitzeko. Beste era batera esanda, saldutakoen artean hirutik bi zaharrak dira.

Datu horiek ezagutarazi ditu ostegun honetan Anfac Espainiako auto ekoizleen elkarteak. Azterketaren emaitzek berretsi egin dute kontzesionarioetan eta bereziki tailerretan oso zabalduta dagoen ustea: urtetik urtera, autoen parkea gero eta zaharragoa da. Duela bost urte baino 2,5 urte zaharragoa da Hego Euskal Herrian.

Motorrei erreparatuta, errepideen erabateko deskarbonizazioa oso urrun dago oraindik. Erregai motorrak dira jaun eta gabe: hamar autotatik bederatzi baino gehiago (%94,4). Eta diesela da nagusi, %62. Hala ere, motor hori dutenen salmentak nabarmen jaitsi dira azken urteetan. Iaz, saldutako auto berrien %6,7 baizik ez ziren izan.

Lehen ez bezala, gaur egun gehiago saltzen dira gasolina erabiltzen dutenak. Iaz matrikulatutakoen artean, hirutik bat izan ziren (%31,7). Parkean antzekoa da haien pisua: %31,4.

Erosleen zalantzak

Askoz apalagoak dira bestelako motorrak dituzten ibilgailuen kopuruak. Horien artean, hibridoek dute presentziarik handiena Hego Euskal Herriko errepideetan. Guztira 62.348 dira, %3,95. Elektrifikatutakoen artean, horien alde egin dute bertako erosleek; besteak beste, ez dutelako behar bateriak kargatzeko azpiegiturarik. Gasolina edo diesel motorrak erabiltzen dituztenean kargatzean dute bateria, baina badute desabantaila bat: modu elektrikoan ibiltzeko autonomia oso mugatua dute. Hala ere, iaz saldutako autoen %42,8 halakoak izan ziren.

Motor elektrikoa baino ez dutenen salmenta gutxika-gutxika handitzen ari da. Iaz matrikulatutakoen %7,4 izan ziren, baina aurtengo lehen zazpi hilabeteetan %10,8 hazi da. Dena den, gaur egun 10.326 baino ez daude. Auto guztien %0,65.

Tarteko aukera bat izan daiteke hibrido entxufagarria: iaz, saldutakoen % 6,3 izan ziren, baina aurten %10eko kuota gainditu dute. Guztira 9.250 daude, parke osoaren %0,59.

Saltzaileen artean oso iritzi zabaldua da kargaleku publikoak ugaritzeak ibilgailu elektrikoen salmenta bultzatuko lukeela. Hego Euskal Herrian halako 2.964 azpiegitura zeuden ekainaren amaieran, eta horietatik %65 inguru karga motelekoak dira, hau da, 22 kilowatt baino gutxiagoko ahalmena dutenak. Beste 650 kargaleku publiko instalatuta daude jada, baina martxan jartzeko baimenak falta dituzte oraindik.

Ingurumen etiketak

Auto berriak erostea erabakitzeko orduan, ingurumen etiketak dira kontuan hartzen diren faktoreetako bat. Gaur egun, ziurtagiri horiek beharrezkoak dira hiriburu eta hiri handi batzuetan ibiltzeko. Halakorik ez dutenek debekatuta daukate sartzea. Hego Euskal Herrian 436.268 ibilgailu daude egoera horretan, guztien %27,6. Gainerakoek badute baimena sartzeko, baina, kategorien arabera, muga batzuk izan ditzakete: adibidez, B eta C etiketak dituztenak, zenbait lekutan, ezin dira hiriguneetan ibili kutsadura handiko egunetan, 0 etiketa edo Eco etiketa dutenak ez bezala. Gauza bera hobari batzuekin.

Gaur egun, autoen %5,48k baino ez dute 0 etiketa, eta gehienek C (%35,2) edo B (%31,5) etiketa dute. Hamabost urtetik gorakoek nagusiki B etiketa dute, edo ez dute etiketarik. Anfacek nabarmendu duenez, auto berrien gas isuriak, oro har, %30 apalagoak dira.

Jose Lopez-Tafall Anfaceko zuzendaria kezkatuta agertu da parkearen zaharkitzea dela eta. Azpimarratu du «arriskutsua» dela ingurumenerako eta segurtasunerako. Eta eskatu du diru laguntza gehiago eman ditzatela auto berriak erosteko. Uste du bereziki zerga hobarien bidez egin beharko litzatekeela hori, eta tramitazioak «errazagoa eta zuzenagoa» izan beharko lukeela. Merkantzien garraioaren sektoreak laguntza gehiago behar dituela azpimarratu du.

Gaur egun, Espainiako Gobernuak 7.000 eurorainoko laguntzak ematen ditu auto elektrikoak erosteko eta kargalekuak instalatzeko, Moves III planaren bidez. Eusko Jaurlaritzak bere plan propioa du: 3.500 eurorainoko laguntzak ematen ditu emisio gutxiko ibilgailuentzat —gasolina eta diesel ibilgailuak barne—. Nafarroako Gobernuak, berriz, 1.000 euro ematen ditu auto zaharrari baja emanez gero, eta zerga kenkari handiak ematen dizkie auto elektrikoa erosten dutenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.