Hegoaldeko ekonomiak industriaren motelaldiari eutsiko dio 2026an, Laboral Kutxaren arabera

Lau herrialdeetan hazkundea lau hamarren apalduko da, %1,8raino, baina eurogunekoa baino zazpi hamarren handiagoa izango da. Prezioen gorakadak moteltzen jarraituko du.

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendaria, txostenaren aurkezpenean, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendaria eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendaria, txostenaren aurkezpenean, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko abenduaren 18a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urrerik ez, baina ikatza ere ez. 2026ari begira, lasaitasun mezua bidali du Laboral Kutxak. Hego Euskal Herriko ekonomiak galga zanpatuta jarraituko du, industriaren sektorean bereziki, baina, oro har, hazkundeari eutsiko dio, aurten baino motelago bada ere.

Amaitzear den urtean, Hegoaldeko BPG barne produktu gordina %2,2 handituko da, eta beste %1,8 datorren urtean. Enpleguak, berriz, orain arteko bolada onari eutsiko dio, eta langabezia tasak beste lau hamarren egingo du behera. Kontsumorako produktuen prezioen igoera ere motelduko da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako KPIa %2,9tik %2ra apalduko da; eta Nafarroakoa, lau hamarren, %2,1eraino.

Uztailean egindako hazkunde aurreikuspenak mantendu edo apur bat hobetu ditu Laboral Kutxaren Ikerketa Departamenduak. Orduan 2025eko BPGa %2 handituko zela iragarri zuen, eta %1,7-1,8 datorren urtean. Inflazioa %2aren bueltan kokatu zuen. Ekonomia ez dabil pandemia aurreko mailan, baina «sendo» hazten ari da, txostenaren egileek ondorioztatu dutenez.

Haien iritzian, pandemiak mugarri bat ezarri zuen nazioarteko ekonomian. Lehenengo, hornidura kateetan eragindako tentsioak izan ziren, «oraindik ere nabari direnak»; gero, Ukrainako gerra iritsi zen eta hari lotutako krisi energetikoa; eta hori gutxi balitz bezala, Donald Trump AEBetako Gobernura iritsi eta nazioarteko merkatua aztoratu zuen bere muga zerga politikarekin, eta «politika protekzionisten gorakada» eragin zuen. 2025ean horren guztiaren ondorioek «bere horretan» segitu dutela azpimarratu dute, eta datorren urtean ere nabarituko direla.

Gainera, Europan, «hazkundea mugatzen dute egiturazko erronka» batzuk daudela nabarmendu dute: populazioaren zahartzea, eskulanaren «eskasia» eta trantsizio energetikorako prozesua, besteak beste.

Hobetze zantzuak

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendariak azaldu dutenez, nazioarteko faktore horiek guztiek denbora daramate Hego Euskal Herriko ekonomia ere baldintzatzen, baina inguruko eta bereziki iparraldeko beste herrialde batzuetan baino gutxiago nabari da hori. Haien azterketaren arabera, euroguneak %1,3ko hazkundea izango du aurten, eta %1,1ekoa hurrengo urtean.

Alemaniaren egoera nabarmendu dute. «Hura da, aurten ere, herrialderik kaltetuena». Haien aurreikuspenen arabera, %0,2 haziko da aurten, eta %1,1 datorren urtean. «Industria doitzen jarraitzen du, kanpo eskaria ahuldu egin da, eta automobilgintza sektorearen egiturazko lehiakortasuna presiopean dago, Txinak mugikortasun elektrikoari emandako bultzada dela eta». Laboral Kutxako adituen ustez, baina, Friedrich Merzen gobernuaren zerga politika berriak «bultzada» emango dio hango ekonomiari. Frantziako egoera ekonomikoa eta politikoa ere ez da samurra, haien iritzian, eta %0,9 baizik ez da haziko, aurten baino hamarren bat gehiago.

Azpimarratu dutenez, kontinentearen motor ekonomikoa diren bi herrialde horien egoerak eurogune osoa baldintzatzen du eta baldintzatuko du, salbuespen batzuk egon badauden arren —Espainia nabarmendu dute—. «Eurogunean hazkundeak oso poliki egiten du aurrera: industria ahula da, baina hornidura kateen normalizazioari eta energia tentsioen erlaxazioari esker, lortu da okertzea handiagoa ez izatea».

Argi printza batzuk nabari dituzten arren, ohartarazi dute oraindik ere zuhurtzia nagusi dela, eta hori nabaria dela EBZ Europako Banku Zentralaren diru politikan. «Interes tasetan murrizketak egiten hasi da apurka-apurka, igoeren zikloa atzean utzi ondoren. Inflazioa moteltzen ari den arren, diru politikak eremu murriztailean edo neutralean jarraitzen du, prezioen egonkortasuna sendotzeko».

Zerbitzuei esker

Eta Euskal Herrian zer? Nazioarteko testuinguru ezegonkor horrek sektoreren batean ondoriorik badu, industriaren sektorean du eragina, Laboral Kutxako adituek azaldu dutenez. Hala, gogoratu dute sektore horren iazko eta aurtengo adierazleak negatiboak izan direla: «Oro har, produkzioa eta negozio datuak txikitu egin dira. Enpleguarenak, aldiz, positiboak izan dira, baina balio mugatuekin».

Dena den, «egonkortze seinaleak» antzematen hasi direla nabarmendu dute. Hirugarren hiruhilekoan gorabehera batzuk izan dira: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria produkzioa %1,9 hazi zen uztailean, abuztuan %2,2 egin zuen behera, eta %0,3 apaldu zen irailean. Baina urrian berriz ere heldu dio goranzko joerari (%2,8), kontsumo ondasun iraunkorrek, ekipamendu ondasunek eta energia produktuek bultzatuta. «Hazkunde horrek erakusten du sektorea pixkanaka suspertzen ari dela. Hobekuntza finkatu egin da».

Aldiz, zerbitzuen sektoreak indartsu eusten dio, eurogunean bezala. Sektoreko negozio datuen indizeak %6ko hazkundea izan du aurten, eta hori batez ere kontsumoak eta turismoak bultzatu dutela adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.