«Mugako kontrol zorrotzagoak» eskatu dituzte Hegoaldeko abeltzainek

ENBAk, EHNE Konfederazioak eta UAGNk Biriatuko ordainlekua blokeatu dute, dermatosiari aurre egiteko neurriak eta EB-Mercosur akordioa salatzeko. Euskal Herriko politikariei inplikazio handiagoa eskatu diete.

Traktoreak AP-8 autobidean geldirik, Biriatuko ordainlekuaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Traktoreak AP-8 autobidean geldirik, Biriatuko ordainlekuaren aurrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jokin Sagarzazu - Imanol Magro Eizmendi
2026ko urtarrilaren 15a
15:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irun eta Biriatu arteko muga nekazarien eta abeltzainen protestarako gune bihurtu da beste behin. Hego Euskal Herrikoen txanda izan da gaur. Lekua ez dute ausaz aukeratu. Izan ere, nagusiki bi dira abeltzainen kezka iturriak: batetik, erakundeek hartu dituzten neurriak Frantziatik hedatu den dermatosi nodular kutsakorraren gaitzari aurre egiteko, eta, bestetik, EB eta Mercosurren arteko merkataritza akordioa, zeinak, haien arabera, Latinoamerikako haragiaren esportazioak izugarri handituko dituen. Bi kasuetan mugako kontrolak «zorrozteko» eskatu dute. Nabarmendu dute abeltzaintza sektorea «haragi bizitan» dagoela, «babesgabe», eta konponbidea Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako eta Europako politikarien mahaietan dagoela.

Irunera laurehun lagun inguru gerturatu dira Hego Euskal Herri osotik. Urrunagokoek autobusez egin dute harainoko bidea, eta Gipuzkoako eta Nafarroako  hainbatek, euren traktoreetan, hirurogei bat guztira. ENBA, EHNE Konfederazioa eta UAGN Hego Euskal Herriko nekazarien elkarte nagusiak deitu dute protestara, eta haiei batu zaizkie Nafarroako Semilla y Belarrako eta Arabako Atac Trebiñu eta Araba Landaren Alde taldeko kide batzuk. Mugaren beste aldetik, A63ko ultrak deituriko 50 bat lagun gerturatu dira, txano horiak jantzita, Hegoaldeko kideei «elkartasuna» adierazteko, eta lau traktore jarri dituzte ordainlekuen ateetan.

(ID_15681038) (Andoni Canellada/@FOKU) 2026-01-15, Irun. Enba, EHNE eta UAGA nekazari elkarteen mobilizazioa Irungo mugan, EBren et...
Manifestariak autobidean sartzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Antolatzaileek egunak eman dituzte Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin protestaren nondik norakoak zehazten, inguruetan sor zitezkeen trafiko eta segurtasun arriskuak saihesteko. Ez da aparteko arazorik izan, eta protestak iraun duen denboran —bi ordu luze— trafiko ilara batzuk sortu dira, baina aurreko asteetan autobidearen Lapurdiko zatian egin ziren protestek eragindakoak baino askoz ere txikiagoak izan dira.

Oro har, errepideko erabiltzaileen elkartasun aldarriak ugariagoak izan dira haserre keinuak baino, bereziki kamioilarienak: manifestariekin gurutzatzerakoan hainbat izan dira euren bozinak jo eta animo mezuak bidali dituztenak.

«Sektorearen heriotza»

Parte hartzaileek Behobiako Zaisa mugaz gaindiko plataforma logistikoan jarria zuten hitzordua, eta 11:30ak pasa zirela abiatu dira manifestazioan hango biribilgunetik AP-8 autobideko Biriatuko ordainlekurako. Aurretik oinezkoak, eta, haien atzetik, 30 traktore. Bide hori egiteko hogei minutuz itxi dute errepidea, baita autobideko tartea ere, ehun metro inguru, eta, horrekin batera, Baionarako bidean dauden ordainleku guztiak.

Laborariak Biriatun
Ipar Euskal Herriko laborari batzuek ere bat egin dute protestarekin. JOKIN SAGARZAZU / BERRIA

Behin manifestazioa eginda, berriz ireki dute autobideko errai bat eta hamar ordainlekuetatik lau. Han gelditu dira, eta protestara deitzeko argudio nagusiak aletu dituzte EHNE konfederazioko Garikoitz Nazabalek euskaraz eta UAGNko Felix Bariainek gazteleraz. Dermatosiaren kudeaketan bost eskaera zehatz egin dituzte. Txertaketari dagokionez, iritzi diote ez dela nahikoa Gipuzkoako eta Nafarroa iparraldeko abelburuak bakarrik txertatzea. Abenduaren 29an erabaki zuen hala egitea Espainiako Gobernuak, Hego Euskal Herriko administrazioen eta sektorearen iritziaren aurka —haiek txertaketa lurralde osora zabaltzea eskatu zuten—.

Hala, gaurko protestan nekazarien erakundeek berriz ere eskatu diote Madrili Frantziarekin mugakide diren azienda guztiak txerta ditzala, eta mugako kontrolak indartu ditzala edo aldi baterako debekatu dezala Frantziako ganaduaren sarrera, mugak itxiz —han antzeman zituzten gaitzaren lehen fokuak, duela sei hilabete—.

Horrekin lotuta, kezka berezia agertu dute mugako mendietako eta lur komunaletako egoerarekin. Gune horietan, askotan, erkidego, lurralde edota estatu desberdinetako animaliak elkarrekin bizi dira, eta batzuetan txertatutakoak eta txertatu gabekoak nahasten dira.

Beste neurri bat ere kritikatu dute: osasun hustuketarena; alegia, behitegi bateko animalia bat kutsatzen bada denak sakrifikatu behar izatea. Ohartarazi dute sektorearen batez besteko adina kontuan hartuta neurri horrek hainbat ustiategiren itxiera ekar dezakeela. «Hau ez da neurri sanitario hutsa, sektorearen heriotza geldoa da», salatu dute.

Hala, eta kalteei aurre egiteko, baserrientzako zuzeneko diru laguntza programa bat ere eskatu dute, banakako sakrifizioak edota hustuketak pairatu dituztenentzat. Sistema horrek, besteak beste, merkatu kotizazioaren araberako kalte ordainak eskaini beharko lituzke, eta zeharkako beste kalte batzuk ere kontuan hartu: jardueraren aldi baterako etenak eragindako kaltea, lehengaien deuseztapena...

A63ko ultrak taldeko presidenteorde Thierry Leon ere mintzatu da, gaztelaniaz. Frantziako Gobernuaren txertaketa kanpaina oso mantso doala salatu du, eta osasun hustuketaren obligazioa gaitzetsi. Laborarien protesten kontrako «errepresioa» amaitzeko eskatu du.

Haragi merkea

Mercosurri dagokionez, Ipar Euskal Herriko laborarien antzeko eskaerak egin dituzte Hegoaldekoek. Salatu dute Europako gobernuek Latinoamerikako «haragi sektore ahaltsuaren menpe» utzi dutela Europako abeltzaintza.

Biriatuko pasabidea moztu duten nekazarietako batzuk. JOKIN SAGARZAZU
Biriatuko pasabidea moztu duten nekazarietako batzuk. JOKIN SAGARZAZU

Ohartarazi dute hango haragia merkeagoa dela, besteak beste han animaliak beste baldintza batzuetan hazten dituztelako eta hango ekoizleek ez dituztelako bete behar Europakoek bete behar dituzten kalitate eta segurtasun estandarrak, ingurumenekoak eta lan arlokoak.

Eginiko azken eskaera zuzena izan da, eurodiputatu guztiei egina, baina bereziki Hego Euskal Herrikoei: «Ordezkatzen omen dituzten abeltzain eta nekazariekin lerroka daitezela eta akordioaren berrespena bazter dezatela». Halaber, nabarmendu dute espero dutela hainbat diputatuk akordioaren aurka Europako auzitegietan jarri asmo duten helegiteak bidea egitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.