Helegitea jarri diote San Bartolomeko merkataritza zentro «ilegalaren» proiektuari

Merkataritza zentroa egiteko plan berezia legez kontrakoa dela diote Dendartean-eko abokatuek, eta zentroaren lanek zenbait arazo sortuko dituztela iragarri dute auzo elkarteek.

Helegitea aurkezteko Donostian egin duten prentsaurrekoa, gaur. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2023ko apirilaren 19a
16:18
Entzun

Donostiako Erdialdean, San Bartolome muinoan zehazki, 8.000 metro koadro baino gehiagoko merkataritza zentro bat eta 200 autorentzako lekua izango duen aparkaleku bat egin nahi ditu Donostiako Udal Gobernuak. San Bartolome hirigintza plan berezi horren aurkako helegitea jarri du Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta haiekin batera zentroaren eraikuntzaren aurkako idazki bat sinatu dute Bagera Donostiako merkatarien elkarteak eta Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteek. Gaur aurkeztu dute prentsaren aurrean, ONCE elkarteak Donostiako Erdialdean duen egoitzan.

Dendartean elkarteko presidenteak, Amador Biterik, gogorarazi du 2021eko otsailean alegazioak jarri zituztela, baina ez zutela aurrera egin. Oraingoan, helegitea aurkeztu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusian: «Ikerketa urbanistiko bat agindu genien abokatu urbanista batzuei, eta esan ziguten proiektuak ez dula betetzen 2015eko HAPO hiri antolamenduko plan orokorraren aldaketa. Hor ezin da 8.000 metro koadroko merkataritza zentro bat egin», dio Biterik.

Horrez gain, Biteriren esanetan, merkataritza zentroa egiteko plan berezian, zentroak berak hartuko lukeen eremuan ez dituzte kontuan hartu espazio osagarriak —karga eta deskarga zonak, sarbideak...—, eta horiek okupatuko luketen espazioa eraikigarritasunaren barruan sartu behar dutela babestu dute elkarteek. Biterik adierazi du hirigintzarekin zerikusia duten beste hainbat arau hausten dituela merkataritza zentroa egiteko proiektuak; horregatik, baikor da helegitearekin, eta uste du Espainiako Auzitegi Gorenera irits daitekeela.

Helegitea aurkezten dutenetik aurrera, hogei egun izango ditu Donostiako Udalak beharrezko espediente eta txostenak aurkezteko, baina Biterik aurreratu du balitekeela prozesuak urtebete baino gehiago irautea: «Helegiteak oso oinarri sendoa duela uste dut. Auzitegietan defendaezinak diren gauzak defendatzen izan gara noizbait, baina kasu honetan udala azkartu egin da. Horrela egin dute, ondo egitea garestia eta gatazkatsua delako. Proiektua oso zaila da justifikatzeko, horregatik egin dute hain azkar eta trakets. Garbi dugu ez dela legezkoa».

Zarata eta kutsadura

San Bartolomeko merkataritza zentroa egiteko, guztira 44 metroko altuerako zuloa egin behar dute muinoan —35 metro zentroaren bederatzi solairuak egiteko, eta bederatzi metro aparkalekua egiteko—. Hori dela eta, Erdian Bizi auzo elkarteko Antxon Santamariak adierazi du kamioiak etengabeko joan-etorrian ibiliko direla, eta horrek eragin handia izango duela trafikoan, zaratan eta airearen kalitatean. Bestalde, trafiko hori eta Erdialdean beste aparkaleku bat eraikitzea udalaren azken urteetako politikaren aurkakoa dela uste du; izan ere, hiriaren erdiguneko trafikoa gutxitzeko hainbat neurri hartu ditu azkenaldian Eneko Goiaren udal gobernuak.

Amara Bai auzo elkarteko Harkaitz Aranburuk ere parte hartu du gaurko prentsaurrekoan, eta adierazi du San Bartolomeko merkataritza zentroa Amaran azken urteetan egiten ari diren proiektu handi guztietako azkenetarikoa dela: «Guretzat ez da kontu berria. 40 urte baino gehiago daramagu gai honekin Amaran. Aspalditik diogu auzoa bahitu zutela, eta gaur egun dena da porlana, eta guztiz desitxuratu dute gure auzoa». Donostiako alkateak, Eneko Goiak, atzo adierazi zuen Amaran egiteko geratzen den proiektu bakarra San Bartolomeko merkataritza zentroa dela, «San Bartolome muinoko magala ezin delako dagoen moduan egon». Aranburuk arrazoia eman dio hein batean Goiari, ironia apur batekin, eta alkateari gogorarazi dio duela urte batzuk promestutako kirol kantxak, «umeentzat bertan hezi eta hazteko» balioko luketeenak, egin gabe daudela.

Azkenik, merkatari txikientzat ere kaltegarria izango litzatekeela adierazi dute. Merkataritza txikiak azken urteetan gainbehera handia izan duela esan dute, eta San Bartolomeko proiektua «multinazional handien intereserako» dela uste du Biterik. Guillermina Garcia-Vaquero Donostiako merkatariak bi denda ditu, horietako bat Amara Berriko Arco merkataritza zentroan, eta adierazi du bere esperientziak erakutsi diola halako merkataritza zentro handiek, hiriguneetan daudenek batez ere, ez dutela ondo funtzionatzen. Bestalde, gogorarazi du Donostiako Erdialdean jada «nahikoa» merkataritza zentro daudela eskaria betetzeko, eta uste du San Bartolome ez dela beharrezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.