Txinaren 2.0 shocka (I)

Herensugearen itzal gero eta handiagoa

Txinaren lehiakortasunak kezkatuta dauka Mendebaldea, koloka jarri baititu hainbat industria. Asiako herensugeak dio protekzionismoa justifikatzeko aitzakiak direla. 'China Shock 2.0' deitu diotenari begirada bat emango dio BERRIAk aste honetan.

Herensuge baten figura Shanghaiko urre denda baten dekorazioan. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Herensuge baten figura Shanghaiko urre denda baten dekorazioan. ALEX PLAVEVSKI / EFE
Irune Lasa.
2026ko abuztuaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txinaren merkataritza superabitak 1,2 bilioi dolarrak iritsi zituen iaz, eta kopurua handiagoa izango da aurten. China Shock 2.0 deiturikoaren ondorioz —Txinaren 2.0 shocka delakoaren eraginez, alegia— Mendebaldean eta batez ere Europan beldur dira industria inportanteak betiko galduko ote diren. 

Zer da Txinaren 2.0 shocka?

Hamarkada honen hasieratik Txinaren ondasunek merkatu globaletan lortu duten nagusitasuna dela eta, herrialde garatuetako hainbat sektore kolpea hartzen ari dira, eta, hain zuzen, ekonomista batzuek Txinaren 2.0 shocka deitu diote fenomeno horri.

Txinari begira, Asiako herrialde horren merkataritza superabit gero eta ikusgarriagoa da kolpe horren erakusgarri nagusia. Eta beste aldera begira, kolpearen sintomak Europan agertzen ari dira batez ere.

Sintomarik deigarrienak Alemaniako automobilgintza sektorearen krisia eta hango kaleratzeak dira, Txinako auto elektrikoen lehia biziarekin lotuak, baina kimikaren alorrean, makina-erremintan eta beste hainbat manufaktura aurreratutan ere nabaritzen ari dira Txinaren 2.0 shocka, eta ez onerako.

Shock bat dagoela dioen interpretazio horren arabera, industriako sektore osoak daude kolokan Mendebaldean. Enpresa asko Txinaren lehiari aurre egin ezinik dabiltza Europako merkatuan bertan, baina batez ere bestelako merkatuetan. Neurririk hartu ezean atzera-bueltarik gabeko galerak izan daitezkeela diote ekonomista horiek (Brad Setser, Sander Tordoir...), eta haien tesiei gero eta adiago erreparatzen diete agintariek Europan.

Aurrez izan al zen Txinaren beste shock bat?

Txina 2001. urtean sartu zen Munduko Merkataritza Erakundean, eta, funtsean, merkataritza globaleko partaide bihurtu. Handik, besteak beste, eskulan merkearen bitartez eta baldintza kutsatzaileagotan ekoitzitako salgaien olde bat etorri zen, teknologia apalekoa. Produktu merkeagoak ziren, eskuragarriagoak herrialde garatuetako diru sarrera txikiagoko familientzat. Kontsumoa handiarazi zuten, eta ekonomia hazi egin zen.

Txinan ekoizteko inbertsioak egin zituzten konpainien etekinak ere hor zeuden. Oro har, 2001etik 2007rako kopuruei begiratuta, esan ohi da Txinaz gain Mendebaldea ere irabazian atera zela Asiako herrialde horrek merkataritza askearekin eta globalizazioarekin bat egin zuenean.

Baina onura horrek bazuen ifrentzua. Lehia merkeari aurre egiteko ahalmenik gabe, Mendebaldean galbidera joan ziren teknologia gutxiko ondasunen ekoizpenean ari ziren industriak eta haiei lotutako lanpostuak: adibidez, ehungintzan, altzarigintzan, jostailugintzan, salgai elektroniko merkeetan...

TXINA, MERKATARITZA
Edukiontziak kargatzeko garabi erraldoiak Yiwuko portuan, Zhejiang probintzian. ALEX PLAVEVSKI / EFE

Galerarik handiena, hainbat txostenen arabera, AEBetan gertatu zen, nahiz eta globalizazioaren eraginez Europan ere itxi zituzten fabrikak —batez ere Europa hegoaldean—. Horri deitu zitzaion, gerora, Txinaren shocka.

Zenbait iturrik diote AEBetan milioika lanpostu galdu zirela, baina, beste batzuen arabera, milioi bat enplegu inguru izan ziren. Edonola ere, garai hartan, AEBetako zenbait zonatan bete-betean nabaritu zuten industriaren beherakada, eta, horren harira, batek baino gehiagok esan izan du enplegu galera horiek daudela, besteak beste, Donald Trumpen eta populismoen arrakastaren atzean.

Egia da, halaber, zenbaitek zalantzan jartzen dutela industriaren beherakada eta enplegu galera horiek guztiak Txinari leporatzea, argudiatuta beste hainbat faktore ere izan zirela tartean.

Finantza krisi handiarekin batera, Txinaren merkataritza superabitaren goraldi ikusgarriaren erritmoa motelduz joan zen 2008-2009 urteetan, eta egoera baretu egin zen.

Eta orain zer dela-eta hitz egiten dute bigarren shockaz?

Lehen shockak iraun zuen bitarte horretan, Europa iparraldeko herrialdeek —eta bereziki Alemaniak— etekin politak lortu zituzten, eta haien industria nagusiek oso gutxi nabaritu zuten Txinako salgai merke haien lehia.

Izan ere, Alemaniak beste maila batean jokatzen zuen. Bai, zapatagintza desagertu egin zen herrialde hartan, baina Alemaniako enpresen kapital ondasunek, punta-puntako makinek eta luxuzko autoek merkatu oparoa topatu zuten Txinan.

%26

Txinaren pisua zenbatekoa den I+Gko inbertsio globalean. Munduan ikerketan eta garapenean egiten den inbertsioaren %26 Txinak egiten du gaur egun.

Kontua da oraingoan Europako Batasuneko industria handi eta aurreratuenak daudela jomugan, Txina nagusitzen ari baita Europa lehiakorra zen teknologia handiko industrietan ere; oso bizkor nagusitzen ere. Eta, jakina, Alemaniarentzat ez da gauza bera zapatagintza industria galtzea edo automobilgintza galtzea.

Nola iritsi da Txina maila horretara?

Duela hogei urte, txiskeroak eta arropa merkeak ekoizten zituen Txinak; orain, horietaz gain, kalitatezko gailu teknologikoak ere ekoizten eta saltzen ditu, punta-puntakoak. Nagusi da mundua deskarbonizatzeko teknologiarik eraginkorrenetan —baterietan, eguzki paneletan...— eta ekonomia garatuetako motor nagusia zena bereganatzen ari da, automobilgintza sektorea alegia, Txinakoak baitira ibilgailu elektrikorik lehiakorrenak eta haietarako bateria ia guztiak.

Nagusitasun hori, Mendebaldean orokortzen ari den interpretazioaren arabera, Pekinen luzera begirako ikuspegiaren eta industria politiken emaitza da neurri batean, bai, baina badu zerikusia Txinako Gobernuak bere enpresei emandako laguntza handiekin eta haien ondorioz sortutako gehiegizko ekoizpenarekin ere.

Diotenez, gehiegizko ekoizpen hori ari da merkatu globalak hartzen, yuanak bultzatuta, egiaz beharko lukeen balioaren azpitik baitago.

Zer da gehiegizko ekoizpen hori?

OCDEk Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak—zeinak herrialderik industrializatuenak biltzen dituen, baina Txina ez— ekain hasieran plazaratu zuen industria laguntzei buruzko txostena. 2024an, 108.000 milioi dolarren laguntzak banatu ziren munduan industriarako, horietatik %52 Txinan. OCDEko 38 herrialdeetan enpresek jasotako laguntzen halako hirutik zortzira bitarte jaso zituzten enpresek Txinan.

Mathias Cormann OCDEko idazkari nagusiak «merkatuak distortsionatu ditzaketen industria laguntza luze eta iraunkorrak» aipatu zituen, eta halakoek «abantaila bidegabeak eta gehiegizko ekoizpenak» sortzen dituztela esan.

Laguntza horiek banatzako modua berezia da Txinan: laguntza zuzenak eta zerga kenkariak baino askoz gehiago erabiltzen dira kreditu merkeak. Eta ez ditu Pekingo gobernuak ematen gehienetan, baizik eta Txinako probintziek eurek.

1.000

Eguzki panelen ekoizpen ahalmena gigawattetan.  Txinako Gobernua neurriak hartzen ari da eguzki panelen industria «ordenatzeko». Urtean 1.000 gigawatt sortzeko adina eguzki panel egiteko gaitasuna iritsi du Txinak, hots, 2025ean munduan instalatu ziren eguzki panelak halako bi.

Lehia dago probintzien artean, industria gune ahalik eta gehien garatzeko; eta sekulako lehia dago enpresen artean ere, ahalik eta lehiakorrenak izateko, horretarako produktuak merkatu behar badira ere.

Txina ados dago interpretazio horrekin?

Beste interpretazio bat egiten du. Lehia basati eta suntsitzaileko egoera horri neijuan (inboluzioa) deitu diote Txinan. Zenbait sektoretan, berdin du ahalegina zenbatekoa den, gehiegizko gaitasunaren eraginez enpresen etekinak gero eta txikiagoak baitira, edo hutsa. Baina probintzietako gobernu eta bankuek eutsi egiten diete enpresa zonbi horiei, ondoko probintziakoak noiz hondoratuko diren zain. Deflazioa da ondorioetako bat.

TXINA, EKONOMIA
Xi Jinpignen afixa bat Pekinen. ALEX PLAVEVSKI / EFE

Beste ondorioetako bat da —hori leporatzen diote Txinari— laguntza bidegabeekin egindako gehiegizko produkzio hori merkatu globalak hartzen ari dela, modu bidegabean.

Txinak, hala ere, nazioartean ukatu egiten du gehiegizko gaitasuna daukala, eta argudiatu bere produktuek nazioarteko merkatuetan duten lehiakortasuna berrikuntzan, hornidura kate eraginkorretan eta lan gogorrean oinarritzen dela. Uste du Mendebaldeak bere protekzionismoa justifikatzeko erabiltzen duela gehiegizko gaitasunaren etiketa hori, eta gogoratu du Mendebaldean ere enpresek eta industriek laguntzak izaten dituztela.

Yuanaren balioa txikiegia da?

Txinak ukatu egiten du yuanak behar baino balio txikiagoa duela ere, baina Mendebaldeak, hain zuzen, uste du egungo shockaren eragile handienetako bat dela yuana azpibaloratua egotea, horren ondorioz Txinaren salgaiak nazioartean are merkeagoak —eta lehiakorragoak— baitira nazioartean.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak dio, adibidez, yuanak merkataritza fluxuen arabera balio beharko lukeena baino %16 gutxiago balio duela. Beste azterketa batzuetan aipatzen da %20-30 artekoa dela ehuneko hori, Txinak kontrolatu egiten baitu bere diruaren trukea.

315

Zenbat sektoretan den nagusi Txina. 2016. urtean, 163 industria sektoretan ziren esportazioen erdiak baino gehiago Txinakoak. 2024. urterako, 315 industria sektoretan gertatzen zen hori. Sektore jakin batzuetan, sekulakoa da Txinaren nagusitasuna. Eguzki paneletan, adibidez, %87koa da haren merkatu kuota.

Bidezko lehiaren izenean, Mendebaldeko gobernuek —eta Alemaniak berak— aipatu izan dute yuana indartzeko akordio bat beharko litzatekeela, yenarekin 1986an egin zen Plazako Akordioa bezalakoa.

Baina Pekinek ez du ezer entzun nahi horri buruz. Yuan indartsuago batek, besteak beste, inportazioak merkatuko lituzke Txinan, eta deflaziorako arriskuak areagotu. Bestalde, Txinako gobernuak uste du amarru bat izaten dela halako akordioen atzean, Plazako Akordioak burbuila bat sorrarazi eta krisi ekonomiko luzea eragin baitzuen Japonian, eta Txinak ez du halakorik nahi beretzat.

Barne eskari ahula

Merkatu erraldoia izatea da, zalantzarik gabe, Txinaren indargune ekonomikorik handienetako bat. Halako merkatua izatea oso lagungarria izan daiteke bertako enpresen garapenerako, are gehiago —hainbat arrazoiengatik— kanpoko lehia murritza baldin bada.

CHINA ECONOMY
Emakume bat erosketak egiten Pekingo saltoki batean. WU HAO / EFE

Baina, bestalde, Txinako ekonomiak badu ezaugarri deigarri bat: eskari ahula. Neurri batean, esan daiteke hori Txinako gobernuaren hautu bat dela, hazkunderako ekoizpena lehenesten baitu. Zenbaitek —Mendebaldean, jakina— uste dute Pekinek ez dituela kontsumitzaileak askorik ahaldundu nahi.

Edonola ere, bai pandemiaz geroztik etxebizitza merkatuak izan duen krisiak eta bai prezio jaitsierek higatu egin dute Txinako kontsumitzaileen konfiantza. Eta, gainera, gizarte babeseko sistema ahulak aurreztera bultzatzen ditu txinatarrak, eta horrek mugatu egiten du haien gastua.

%37

Barne eskariaren pisua zenbatekoa den Txinan, BPGari dagokionez. Beste herrialde batzuekin alderatuta, familien kontsumoa txikia da Txinan, BPGaren %37-40 ingurukoa. Beste ekonomia aurreratuetan barne eskariak %60-65eko pisua du, eta AEBetan %70ekoa da.

Zer eskatzen diote Txinari?

Mendebaldetik, Txinari esaten zaio barne kontsumo hori bultzatu behar duela. Hazkundea ia soilik esportazioetan oinarritzeak eta helburu horrekin herrialdeak merkataritzarako erabilitako moduek —gehiegizko gaitasuna, yuanaren balioa...— egoera «eutsiezina» bihurtu dutela besteentzat.

Eskakizun horri begira, ulertzekoa izan daiteke Pekinek Mendebaldearen moral bikoitza salatzea. Alemaniak ez al du ba, urteetan, hazkundea esportazioetan oinarritu, gastu publikoaren gerrikoa estutu eta euroaren abantaila baliatu?

Txinan asko dira Europari hori leporatzen diotenak: orain, tratuan galduan ateratzen den honetan, aldatu egin nahi dituela lehen onuragarri zitzaizkion arauak.

TXINA, EKONOMIA (1)
Txinako bandera bat Shanghain. ALEX PLAVEVSKI / EFE

Bestela ere, askoren ustez, xaloa litzateke Mendebaldeko industrien egoeraren erru guztia Txinaren superabit izugarriari eta gobernu komunistaren kontrol zorrotzaren abantailei egoztea, batez ere, Adam Tooze historialariak dioen moduan, «egiaz ikertu nahi bada zer gertatu den AEBetako basamortu industrialetan, Alemaniako automobilgintzan, eta Indiako lan merkatuko desberdinkerian».

Zer egin du Mendebaldeak?

Txinako Gobernuak 2015eko bost urteko planean erabaki zuen teknologia berdeen alde egitea, industria politika argiak ezarri zituen horretarako, eta orain nagusi da haietan. Teknologia horiek dira itxaropen nagusia klima larrialdiari aurre egiteko ezinbesteko deskarbonizaziorako. Zergatik ez zuen hori egin Europak, adibidez?

Toozek berak nabarmendu du nola 2023an, nahiz eta dagoeneko oso presente egon Txinako auto elektrikoen mehatxua, soilik Alemaniako hiru autogile handiek (Volkswagen, BMW eta Mercedes) 31.000 milioi euro ordaindu zituztela dibidendutan, dirutza hori lehiakortasunean inbertitu beharrean.

Merkataritzaren joko arauak, gobernuen industria politikak, sistema politiko batzuen eta besteen abantaila eta desabantailak... Eztabaida puri-purian da, eta zer neurri hartu ere bada eztabaidagai. Bitartean, herensugearen itzala gero eta handiagoa da ekonomia batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA