Okerrera egin du nabarmen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek egoera ekonomikoan duten konfiantzak. Laboral Kutxaren azterketaren arabera, hirugarren hiruhilekotik laugarrenera lau puntu jaitsi da, eta 2015eko lehen hiruhilekotik izan duen baliorik okerrenarekin amaitu du urtea (-9). "Urte aldakorra" izan dela dio finantza erakundeak: lehen sei hiruhilekoan balio positiboetan egon zen konfiantza, baina negatiboetan bigarrenean. Laboral Kutxak nabarmendu duenez, Espainiako hauteskundeak gertatu eta hurrengo bi asteetan egin zuen inkesta, "eta horrek zuzeneko eragina izan dezake emaitzan".
Herritarren konfiantza galerak bat egiten du enpresaburuen iritziarekin. Joan den astean kaleratu zuen azterketa hori Laboral Kutxak, eta ezkortasuna zabaltzen ari dela erakutsi zuen. Horrela, %32k esan zuten urtearen hasieran okerrera egingo zuela ekonomiak, eta %10ek soilik egingo zuela hobera.
Konfiantza galera ez da Euskal Herriko ezaugarri bat. Portaera bera erakutsi dute Espainiako, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko herritarrek ere.
Pertsonalki, ez hain ezkor
Ezkortasunak gehiago eragiten dio egoera ekonomiko orokorrari norberaren egoerari baino. Horrela, -10etik -17ra jaitsi da ekonomia orokorrari buruzko ustea, eta -2tik -7ra baizik ez etxeko ekonomiari buruzkoa. Ezkortasuna enpleguaren eremura zabaldu da gehien: %41ek uste dute langabezia handitu egingo dela hurrengo hamabi hilabeteetan (+12), eta %12k soilik espero dute behera egitea (-8).
Erosketa handiei dagokienez, kopuru apaletan daude oraindik ere: %0,8k baizik ez diote etxebizitza erosteko asmoa dutela (%2,5 aurreko hiruhilekoan), eta %6,8k autoa erosi nahi dute (%7,2k aurrekoan).