Hilabeterik beltzenean, 14.863 enplegu galdu dira Hegoaldean

Langabe kopurua ohi baino gutxiago handitu da urtarrilean: 837 gehiago daude iaz baino. Zerbitzuetan soilik handitu da langabeen kopurua, eta, horren eraginez, emakumeak dira langabeen %58,4.

Langile bat, artxiboko irudi batean. ANGELES VISDOMINE / EFE
Langile bat, artxiboko irudi batean. ANGELES VISDOMINE / EFE
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 3a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtearen lehenengo hilabeteari ilbeltza deitu ohi zaio euskalki batzuetan, eta izen hori ongi merezia du lan merkatuari dagokionez. Egun motzek eta euriak ilundutako hilabetean, ilun agertzen da urtarrila ere, handitu egiten baitira langabeen zerrendak, eta txikitu, berriz, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenenak. Hala gertatu da 2026an ere. Ohi baino gutxiago ugaritu dira langabe erregistratuak (+837), baina langile kopuruan eroriko handia izan da, batez beste abenduan baino 14.863 afiliatu gutxiago baititu Gizarte Segurantzak.

2013ko urtarrilera egin behar da atzera urtarril batean halako enplegu galera bat ikusteko (-18.164 izan zen orduan), egia bada ere aurtengoa ez dagoela hain urrun mende honetako batezbestekotik (-13.099).

Eta ikuspegi baikorragoarekin begiratu nahi izanez gero, esan beharra dago 2026ko urtarrilean 2013koan baino 217.000 langile gehiago daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Are gehiago, duela urtebete baino 15.968 kotizatzaile gehiago ditu Gizarte Segurantzak. Hau da, enplegua sortu da azken urtean, hilabete bateko eta besteko jaitsiera gorabehera —udan ere asko jaitsi ohi da—.

Autonomoen galera

Afiliazioen ugaritze hori erregimen orokorrari dagokio, batik bat soldatapekoak biltzen dituen erregimenari. Baina badira salbuespenak; erregimen orokorraren atal bat da etxeko langileena, baina horretan gero eta langile gutxiago daude: 32.995 dira orain, 2025eko urtarrilean baino 300 gutxiago eta 2020ko urtarrilean baino 2.500 gutxiago. 

Gauza bera gertatzen ari da autonomoen erregimenarekin. 211.732 direla dio Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak, duela urtebete baino 500 gutxiago eta 2020ko urtarrilean baino ia 5.500 gutxiago. Portzentajeetan azalduta, %2,5 txikitu da autonomoen kopurua.

Emakumeen kalte

Langabeziari dagokionez, aurtengo urtarrileko datua —837 langabe gehiago—, 1998. urteaz geroztik bildutako onena da. Urte horretatik hona batez beste 5.700 ugaldu dira langabeak urtarrilean, baina egia da azken hamarkadan datu apalagoak erregistratu direla (-2.600). 

Langabezia handitzearen eta langile kopurua apaltzearen arrazoi nagusia da Eguberrietarako sortzen diren lanpostu asko galdu egiten direla garai hori bukatzearekin batera. Hori ikusten da, esaterako, sektorekako langabeziaren datuetan. Zerbitzuetan handitu egin da langabeen kopurua (+1.109), baita aurretik lanik ez zutenen artean ere (+80). Beste sektoreetan, ordea, apaldu egin da langabeen kopurua: 144 gutxiago dira eraikuntzan, eta eta 169 gutxiago industrian.

Eta, noski, zerbitzuetan enplegua galtzen bada, emakumeak dira kaltetuenak, sektore horretan enplegatzen baitira haietako gehienak. Berez, haien artean soilik handitu da langabeen kopurua, eta jada langabe gisa erregistratuta daudenen %58,4 dira —%58 ziren abenduan—. 

Urtarrilean zerbitzuek indar gutxiago daukatenez —batez ere turismoari, ostalaritzari eta merkataritzari dagokionez—, handitu egiten da kontratu mugagabeen kopurua. Aurtengoan, sinatutako lau kontratutik ia bat izan da mugagabea (%23,93). Iazko batezbestekotik (%22,51) pixka bat gora dago portzentaje hori. 

%56,8

Zenbat langabek ez duten laguntzarik jasotzen. Abenduan, langabe erregistratuen %56,8k ez zuten langabezia saririk eskuratzen. Portzentaje horrek gora egin du azken urteetan —%53,7 ziren 2019ko abenduan—, baina aldi berean egia da %28,2tik %31,4ra handitu dela langabezia sari arrunta (handiena) jasotzen dutenen kopurua.

Urtarrileko ohiko datuek ohiko erreakzioak eragin dituzte. Ikuspuntu positiboa nabarmendu dute gobernuek, eta negatiboa, berriz, sindikatuek. 

«Oro har, urtarrileko datuek erakusten dutenez, urtarrileko sasoikako aldaketaz harago, Euskadik joera positiboa sendotu du: duela urtebete baino langabezia gutxiago dago, kontratazioa egonkorragoa da, eta langabeziaren iraupena pixkanaka hobetzen ari da. Horrela, Euskadiko lan merkatua sendoagoa, orekatuagoa eta kalitate handiagoa den eredu baterantz doa, enplegura bideratuago dagoen eredu baterantz», esan du Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordeak. 

ELAren arabera, «datuek baieztatzen dute HEHko enplegua sasoikako aldaketen eta kontratazio eredu prekario baten mende dagoela. Gabonetako kanpainaren ondoren langabeziak gora egiteak, emakumeengan duen eragin handiak, gazteen artean aurrerapausorik ez egoteak eta kontratuen behin-behinekotasun handiak argi uzten dute enpleguaren sorrera ez dela ez egonkortasunaren eta ez eskubideen sinonimo».

Daniel Gonzalez EAEko UGTko enplegu arduradunak ere azpimarratu du urtarrilak zer kalte egiten dion emakumeen enpleguari, baina kezkatuta azaldu da Donald Trumpen muga zergek industriari egiten dioten kaltearen inguruan ere, eta Tubos Reunidosen egoera ekarri du gogora. Alde horretatik, «bereziki pairatzen ari diren eskualdeetan enplegua defendatzeko eta ezohiko neurriak ezartzeko» eskatu die sindikatuak erakundeei.

«Langabezia oraindik oso handia da», deitoratu du Nafarroako CCOOk. Horregatik, «hurrengo hilabeteetako erronka izango da langabezia txikitzea enplegu osoa lortu ahal izateko». 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.