Hipotekak 300 euro baino gehiago merkatuko dira

Bederatzigarren hilabetez jarraian behera eginda, Euriborrak %1,6an amaitu du ekaina, inoizko mailarik txikienean

Miren Garate.
Donostia
2009ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur hasiko da ofizialki merkealdi sasoia Hego Euskal Herrian. Euriborrak, ordea, hilabeteak daramatza merkealdian. Bederatzigarren hilabetez jarraian, ekainean ere jaitsi egin da hipoteka gehienak kalkulatzeko erreferentziatzat erabiltzen den indizea, eta %1,610ean itxi du hilabetea, inoizko mailarik txikienean.

Kontuan hartuta joan den ekainean %5,331n zegoela Euriborra, aurrerantzean erosketak merkealdian eginda baino dezente gehiago aurreztuko dute hipotekaren bat dutenek.Izan ere, urtean behin berritzeko kontratua edukiz gero, hemendik aurrera, hilean 300 euro inguru gutxiago pagatu beharko dituzte.

Epearen arabera

Zenbat eta epe luzeagorako eduki, orduan eta handiagoa izango da aurreztutako kopurua. Hala, 30 urtean ordaintzeko 160.000 euroko hipoteka dutenek hilean 345 euro gutxiago ordainduko dituzte; 35 urterakoa dutenek, 358 gutxiago; eta 40 urterakoa dutenek, 371 gutxiago. Urtebetean, beraz, 4.000 eta 4.500 euro artean jaitsiko zaie itzuli beharreko kopurua.

Ekonomiaren oparoaldian, 50 urtean ordaintzeko aukera ere eman zuten bankuek. Horiek, merkealdiko azken egunak balira bezala, ia kostu erdia edukiko dute. Gisa horretako produkturen bat zutenek, azken hamabi hilabeteetan, 826 euro pagatu dituzte hilero-hilero; aurrerantzean, 432 euro itzuli beharko dizkiote bankuari, hau da, %47,71 gutxiago.

Dena den, badago faktore bat hipotekaren bat dutenek kontuan hartu beharrekoa. Mailegu batzuek zoru klausulak dituzte, gutxieneko mugak alegia. Hala, Euriborra eta hipoteka maileguaren diferentziala gehituta gutxieneko muga horren azpitik egonda ere -%3-4 ingurukoa izan ohi da-, minimo hori ordaindu beharko dute.

Aurrerantzean ere merkeago

Gainerakoan, merkealdia irailaren 30ean amaituko bada ere, Euriborrarenak iraupen luzeagoa izango du itxura guztien arabera. Zergatik? Alde batetik, 2008ko uztailetik urrira arte %5etik gora ibili zelako indizea, inoizko mailarik handienean hain zuzen. Hori dela eta, euroa indarrean jarri zenez geroztik egindako hipotekarik garestienak orduan sinatu ziren.Urte amaieran hasi zen beheranzko joera, eta momentu hauetan hortik oso behera dabil. Kontrakoa da gertatzen dena, historiako mailarik txikienean dagoela Euriborra.

Bestetik, kontuan hartu behar da orduko egoera ekonomikoa eta oraingoa guztiz ezberdinak direla. Iaz, Europako Banku Zentralakgehien errepikatu zuen mezua inflazioa kontrolatu behar zela izan zen. Hala, diruaren prezioa oso goian mantendu zuen ia urte guztian, eta urrira arte ez zuen interes tasen jaitsierarik onartu.

Orain, ordea, inflaziorako baino deflaziorako arrisku handiagoa dago. Beraz, igotzekotan ere, ez dirudi erakundeak diruaren prezioa asko garestituko duenik. Eta gaur egun interesak %1ean daudenez, Euriborrak hortik oso gora ezingo du ibili. Izan ere, batak eta besteak erlazio zuzena dute, aurrenekoaren arabera finkatzen baita bigarrena.

Etxeak merkeago

Hain zuzen, Eurostat Europako estatistika erakundeak atzo jakinarazi zuenez, urtearteko inflazioa jaitsi egin da eurogunean. 1997tik, inoiz ez zen halakorik gertatu. Batez beste, %0,1 jaitsi dira prezioak euroa erabiltzen duten herrialdeetan.

Hego Euskal Herrian bertan, maiatzean izan zen urtearteko inflazioaren jaitsiera lehen aldiz. INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, %0,3 jaitsi ziren prezioak orduan, eta seguruenik ekainean ere behera egingo dute.Batez ere, petrolioaren prezioak eragin du jaitsiera.

Gainera, etxea erostekotan dabiltzanentzat Euriborrarren maila ez da albiste on bakarra. INEk azaldu duenez, indizea bezala, etxebizitzen prezioak ere merkealdian baitaude. Lehen hiruhilekoan, iazko datuekin alderatuta, %10,8 merkatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere; Nafarroan, berriz, zertxobait gutxiago, %10,1.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.