Hiru euroko muga zerga ordainduko dute EBra kanpotik datozen pakete txikiek

Uztailaren 1ean jarriko da indarrean, 150 eurotik beherako inportazioetarako. Egunean 12 milioi pakete iristen dira, %93 Txinatik.

Temu eta Shein aplikazioak telefono batean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Temu eta Shein aplikazioak telefono batean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Iker Aranburu.
2025eko abenduaren 12a
13:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere merkataritza araudian aspaldian dagoen zulo bat estaltzea erabaki du Europako Batzordeak, azken urteetan hazi besterik ez baita egin. 1983az geroztik, aduanen lana errazteko, erabaki zuten EBtik kanpotik iritsitako pakete txikiek ez zutela muga zergarik ordainduko. Baina Txinaren indar ekonomikoa handitu ahala eta merkataritza elektronikoa zabaldu ahala, iristen diren paketeen oldea handituz joan da, eta horiek ere zergapetzea erabaki dute.

Ondorioz, 2026ko uztailaren 1etik aurrera, hiru euroko tasa bat ordaindu beharko dute Europako Batasunaz edo EFTAz kanpotik —Suitza, Norvegia, Islandia eta Liechtenstein— iritsitako 150 eurotik beherako inportazioek. Txinatik iristen dira halako gehienak, Temu-k, Shein-ek eta antzeko beste enpresa batek bidalita.  

Tasa horren bitartez, pakete horien kopurua moteldu nahi dute EBko agintariek. Izan ere, 2022az geroztik hirukoiztu egin dira, eta, 2024rako, 4.600 milioi pakete iritsi ziren horrela EBra, 12 milioi inguru eguneko. Horietatik, %93 Txinatik iritsitakoak dira.

Gainera, gobernuek argudiatu dute EBren arauak betetzen ez zituzten produktu asko sartzen zirela horrela Europako merkatura. Paketeekin iruzurra ere badagoela uste du Brusela. Haren arabera, EBn sartzen diren pakete txikien %65i egiazko balioa baino txikiagoa aitortzen zaielako, muga zergarik ordaindu beharrik ez izateko. Horrek lehiari eta EBko konpainiei eragiten dien kalteaz gain, ministroek kontuan izan dute salgaiak pakete txikietan banatzeak ingurumenean duen eragina ere.

Bost euro?

Inportazio txikiek muga zergak ez ordaintzeko araua, berez, 2028an jarriko da indarrean, aduanetako datu zentro bateratua indarrean jartzen denean. Baina ordura arte itxarotea denbora gehiegi zelakoan, behin-behineko neurria izango da hiru euroko muga zerga jartzea. Baliteke azkenean benetako kostua bost eurora iristea, Europako Batzordeak bi euroko «kudeaketa tasa bat» proposatu duelako, 2026ko azarotik aurrera indarrean jarri beharrekoa.

Denei muga zerga bera jartzea Frantziaren proposamena izan da, eta hura da azkenaldian Txinako enpresa digital handiei trabak jarri nahian dabilena. Pozik azaldu da hango Ekonomia ministro Roland Lescure: «Garaipen handia da Europako Batasunarentzat. Europak esku hartu du bere merkatu bakarra, bere kontsumitzaileak eta subiranotasuna defendatzeko». 

Paketeekin bildutako dirua EBren aurrekontura joango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.