Lan istripuen atzean istorio pertsonalak egoten dira. ELAren arabera, iaz ia 70.000 lan istripu izan ziren Hego Euskal Herrian, eta, patronalak «absentismoaz bakarrik» hitz egin nahi duela salatzeaz gain, sindikatuak giza ikuspegitik aztertu nahi izan ditu ezbehar horiek apirilaren 28an, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean.
Ikusi gehiago
Horretarako, lan istripu bat izandako hiru langileren testigantzak jaso, eta EHUko Bizkaia Aretoko tranpaldora igo ditu. Lan segurtasun txostenetan hildakoek jasotzen dituzte lerroburu nagusiak, baina haien itzalean zaurituen errealitatea dago. Min fisikoak eta kalte psikologikoak aipatu dituzte, eta gogor kritikatu dituzte mutualitateak eta lan ikuskariak.
«Mutualitateko ikuskariak esan zidan bost axola ziola nire osasunak»

Iratxe Rodriguezek 2015eko abuztuaren 29an izan zuen istripua. Leroy Merlin kateak Bizkaian duen biltegian egiten zuen lan, eta goiz batez bakarrik utzi zuten deskargatzen. «Nire arduradunak egon behar zuen nirekin, baina ez zen agertu. Bakarrik egon ez banintz ez zen gertatuko», gogoratu du. Altuera handiko kutxa astun bat mugitzen ari zen eskuzko transpalet batekin, eta kolpe handia hartu zuen belaunean eta hanka hezurrean.
Kolpearen ondorioak, baina, uste baino larriagoak izan ziren. Egun min kronikoa du, eta, asko jota lauzpabost pauso eman ditzakeenez, gurpildun aulkian dabil. «Ez dut bizitzarik, minez bizi naiz. Morfina behar dut, eta egoera honek depresioa eragin dit», azaldu du. Kolpea asko gaiztotu zen. Hasieran hezur hautsi bat zena tronbosi larria izan zen gero, eta Sudecken atrofia eragin zion. Lesio larrien edo ebakuntzen ostean ager daitekeen gaitz bat da. «Gaitz arraroa da, nerbio sistemakoa, eta, labur esanda, minez bizitzera behartzen zaitu».
Rodriguezek, baina, nabarmendu du gaitza bezain mingarria izan zela istripuaren ondoren mutualitateetan eta erakunde publikoetan barrena egin beharreko bidea. «Gogoan dut mutualitateko ikuskariak hitzez hitz esan zidala bost axola ziola nire osasunak. Minez bizi nintzela esan eta kasu zipitzik ez». Tronbosia aurkitzeko froga ukatu ziotela azaldu du, eta bere kasa eskatu egin zuelako aurkitu ziotela.
«Gizarte Segurantzak sendagiria eman zidanean makuluekin nenbilen, eta morfinazko itsasgarriak behar nituen. Ezin nintzen jantzi, eta lanera bidali nahi ninduten, izugarria da». Orduan hasi zuen auzibide luzea: «ELAra jo nuen, eta, egia esan, haiei esker epaiketak oso ondo joan dira». Bide horretan lan ikuskariaren rolak asko mindu du: «Epaitegietara joan behar izan genuen lan istripua zela frogatzeko. Ikuskariari gertaturiko guztia kontatu nion, eta ez zidan kasurik egin. Txostenik ere ez zidan eman. Pentsa, istripua ikertzera joan zenean lantokiko dendara joan zen bakarrik, eta nik ezbeharra kanpoko errepidean izan zuen».
«Enpresak argudiatu zuen uko egin niola segurtasun ikastaro bat egiteari; gezurra zen»

Jakes Anduagak 2021eko azaroaren 15ean izan zuen istripua. Lau Anaiak enpresak Lazkaon (Gipuzkoa) duen plantan zebilen lanean behin behineko kontratu batekin. Garabi hidraulikoak kale egin, eta 2.000 kiloko eta hiru metroko diametroko pieza bat eskuin hankaren gainean erori zitzaion. «Bazekiten makina ez zebilela ondo. Denok genekien, eta ez zuten ezer egin. Pentsa, garabi horren mantenu enpresak ordaindu zidan kalte ordainaren erdia». Anduagak eskuin hanka galdu zuen, eta orain protesi bat darabil.
Anduaga kexu da istripua eragotzi zitekeelako, eta berari inork ez ziolako arriskuen berri eman. «Nik garabi ikastaro sinple bat egin nuen bakarrik, ez nekien ze arrisku zeuden nire postuan, ezta beste xehetasun asko ere. Are gehiago, enpresak leporatu zidan uko egin niola segurtasun ikastaro bat egiteari, eta gezurra zen. Helbide elektroniko bat bidali zidala argudiatu zuen, baina ezin izan zuen frogatu».
Gerora frogatu ahal izan zuen istripua enpresaren errua izan zela bera ez zuelako behar bezalako trebakuntzarik jaso. Hura salatu behar izan zuen kalte ordaina jaso ahal izateko, eta duela gutxi kobratu du. «Enpresarekin, gaizki», laburbildu du. ELAren eskutik jarri zuen salaketa, eta abokatuekin oso eskertuta dagoela esan du, eta oraindik ere jasotzen duen edozein agiri haiei bidaltzen diela. Era berean, zehaztu du istripuaren ondoren konpondu zutela berari istripua eragin zion makina.
Eta mutualitatearekin? «Ondo, ezin dut ezer txarrik esan. Berriz indartzeko prozesuan ondo jokatu zuten», nabarmendu du. Iraganeko aditzekin mintzo da, baina orainaldia beharko luke, oraindik ere entrenatzen baitu hanka indartzeko. «Ni oso kirolzalea nintzen, eta orain ere egiten dut, baina ez da gauza bera. Bizitza aldatu egin zitzaidan. Orain burua deskonektatzeko egiten dut, beharrezkoa dut. Hau guztia oso luzea da».
«Nire bi lankide beren buruaz beste egiten saiatu dira arduradun baten erruz»

Sara Landak ez zuen lan istripu fisikorik izan; bere arduradun baten jazarpenak osasun kalte handiak eragin zizkion. «Lan ikuskaritzak berak esan zuen hori, nirekiko tratua erasokorra eta umiliagarria zela», onartu du. Hamar urte baino gehiagoko prozesua izan da, eta egun bere auzia Espainiako Auzitegi Gorenean dago. «Nire salaketak aurrera egin zuela ikusita beste bi lankidek ere salaketa jarri zuten. Aurretik beren buruaz beste egiten saiatu ziren pertsona horren erruz».
Mercadonak Barañainen (Nafarroa) duen dendan egiten du lan, eta bertan jasan zuen jazarpena. Landak hiru hernia ditu bizkarrean, eta arduradun horrek egin ezin zitzakeen lan jakin batzuk agindu zizkion luzaroan: pisu handiak mugitu, kutxazain aritu... —labean egiten du lan orain—. «Askotan hartu nuen baja minez nengoelako. Botika asko hartu behar izan nituen, eta horren ondorioz semeari bularra emateari utzi nion. Urtebete egin nuen bajan, depresioak jota».
Hori gutxi balitz bezala, isolatu egin zutela dio Landak. «Nire lankideei nirekin harremana ez izateko agindu zien, eta horretarako sarrera, irteera eta atseden ordutegiak aldatu zizkidan. Pentsa, behin konortea galdu, eta ondoren neronek deitu izan behar nion anbulantziari. Enpresaren eredutik kanpo nengoela zioten, etengabeko jazarpena zen». Arazo psikologiko larriak izan zituen: depresioa, psikosia... «Itsutu egin nintzen, nire obsesioa nagusia akabatzea zen. Orain, zorionez, ondo nago, sendatuta».
Mutualitateekin ez du kexarik, bai ordea enpresaren mediku eta abokatuekin. «Lan ikuskaritza lantokira etorri zen, eta lankide askorekin hitz egin zuen. Hurrengo egunean, ugazaba eta enpresako abokatua ikuskariarekin hitz egindako lankide guztiekin bildu ziren». Landak, baina, ikuskariari jakinarazi zion: «Ez nion kaltetu bezala deitu, ELAko ordezkari gisa baizik, eta bere txostenean idatzi zuen gertaera hori. Txostena oso argigarria izan zen, umiliazio gehienak jaso zituen».
Hamar urte geroago bertan jarraitzen du lanean. Enpresa uzteko eskaini zioten dirua ez zuen onartu. Hori bai, salaketa jarri izanaren ondorioak ez dira amaitu: «Egutegia txandakatzeko aukera kendu didate, eta baita helburuak lortzeagatik banatzen duten diru saria ere. Gure kasuan, soldataren zati handi bat da. Balorazioetan diote ez naizela behar bezain langile».
Esan bezala, bertan dihardu oraindik, eta lankideak sufritzen ikusten ditu. Sindikatuaren babesa sentitzen du, baina mezua bidali die erakunde publiko eta epaileei: «Laneko osasuna zaindu behar da, eta protokoloak betetzen direla bermatu. Salaketak jartzen dituzten langileek babesa behar dute. Mutualitateak eta enpresa mediku eta zerbitzuak konplizeak dira horrelakoetan».
Ikusi gehiago