ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta LSB-USO sindikatuek agiri baten bitartez jakinarazi dutenez, azken asteetan hamabost langile akusatu dituzte Bizkaiko metalgintzako greban gertatutakoengatik. Horietako hiruk epailearen aurrean deklaratu dute gaur, Bilbon. Sindikatuek salatu dute langileetako batzuk isunak jaso dituztela, Mozal legea ezarri dietelako.
Bizkaiko metalgintzako langileek hamar greba egun egin zituzten udazkenean, lan hitzarmenaren berritzea eskatzeko. Protestak azaroan amaitu ziren, sindikatu gehienek eta FVEM patronalak akordio baterako oinarriak egin zituztenean. Orduz gero hiru hilabete igaro diren arren, akusazioak iristen ari dira greban parte hartu zuten langileei.
«Salatu nahi dugu akusazio horien guztien atzetik ezkutatuta dagoena grebarako eskubidea kriminalizatzeko nahia dela, lan eta bizi baldintza duinak babesteko edozein borroka kriminalizatzeko nahia», ziurtatu dute sindikatuek.
Kriminalizatzeko saiakera «erabaki politiko baten ondorioa» dela uste dute, eta Eusko Jaurlaritza aipatu dute espresuki. «Gatazkan zehar patronalaren alde jarri da zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten».
Sindikatuak haserre azaldu dira Jaurlaritzarekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin. «Ez ditugu ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan, eta prekaritatean murgilduta bizi diren langileekin».