Albistea entzun

Bizkaiko metalgintzan akordiorako oinarri bat dago, eta greba ez da egingo

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek FVEMen proposamena onartu dute, eta bertan behera utzi greba deialdia; ELAk denbora eskatu du

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen agerraldia metalgintzaren grebaren berri emateko, joan den hilean.
ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen agerraldia metalgintzaren grebaren berri emateko, joan den hilean. M.DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2019ko azaroak 27

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek sakonago aztertu behar dute FMEV patronalak sindikatuei aurkeztutako azken proposamena, baina mahai gainean dagoena nahikoa da —xehetasunez jorratu arte behintzat— sektoreko 50.000 beharginei egindako greba deialdiak bertan behera uzteko.

 

Atzo iluntzean iritsi zen albistea, egun osoko bilera luzearen ostean: LAB, CCOO eta UGT sindikatuek akordiorako oinarri bat adostu dute Bizkaiko metalgintzako FMEV patronalarekin, eta bihar zein etzi eta abenduan egitekoak ziren zortzi greba egunak ez dira egingo, baldin eta behin-behinean adostutakoa egonkortu eta itun ofizial bihurtzen bada datozen egunetan. ELAk ez du bat egin akordio horrekin, eta denbora eskatu du patronalaren proposamena aztertzeko; ondoren iragarriko du zein den bere posizioa, eta haren arabera mobilizazioekin jarraitzen duen ala ez.

«Azken hilabeteetan patronalak bere jarrera immobilista aldatu behar izan du», esan zuen ELAk ohar baten bidez, akordioaren inguruko balorazioa egitean. «CCOOk, LABek eta UGTk, hitzarmena aurrez adostu, eta aste honetako greba deialdiak bertan behera uztea erabaki dute», azaldu zuen sindikatuak, horrekin batera denbora eskatuz. «Proposamenaren lehen azterketa bat egin ondoren, uste dugu gai batzuk hobetu egin behar direla. Kezkaz ikusten dugu, gainera, atzerapausoren bat gertatuko ote den». Horregatik, ELAk «beharrezkotzat» jotzen du patronalaren agiriak aztertzea «hurrengo urratsak erabakitzeko».

LAB: «Historikoa da»

Halako zuhurtziarik ez da ageri LAB sindikatuaren balorazioan; aitzitik, sindikatu abertzalearentzat «historikoa» da lortutako akordioa. «Gehiengoaren babesarekin, aurreakordio historikoa sinatu dugu. Historikoa, orain arte sektore honetan ez zeuden edukiak lortu ditugulako». Eta zein dira eduki horiek? Bada, besteak beste, lehen lerroan jarri duten erreibindikazio bat: subrogazioa. «Mantentze lanak egiten dituzten langileentzat subrogazioa lortu dugu. Euskal Herriko industrian lehen hitzarmena da subrogazioa jasotzen duena». Sindikatu abertzaleak dio estatalizazioa gainditu duen akordio bat ere badela. «Metalgintzako langileek urteak zeramatzaten hitzarmenik izan gabe, eta langile berriak dualtasuna pairatzen zuten: lan baldintza desberdinak lan bera egiteagatik. Halaber, langile guztiei eragiten zien estatalizazioaren mehatxuak. Prekaritatea hedatzeko bi egoera horiek sektoretik desegitea lortu dugu».

Eta soldata igoerak ere jasotzen ditu akordioak: 2019rako, KPIa gehi %1,75eko igoera; eta 2020. eta 2021. urteetarako, KPIa gehi 1,5ekoa. Halaber, emakumeen bazterketari aurre egiteko neurriak adostu dituzte alde guztiek. «Berdintasun batzorde bat sortzeko konpromisoa dago, enpresetan berdintasun planak egiteko eta kontratazioa langilearen sexua kontuan izan gabe egiteko».

Aurten, langileek hamar greba egun egin dituzte sektoreko itun baten alde Bizkaiko metalgintzan, eta beste zortzi egun egiteko prest zeuden, bihar eta etzi hasita, harik eta patronalak sindikatuen aldarrikapen batzuk onartu dituen arte. «Borroka historikoa egin dugu. Garai berri bat ireki da Bizkaiko metalgintzan, lan munduan eta jendartean», esan zuen LABek bere oharrean.

Honako hauek dira hitzarmenerako aurreakordioak jasotako puntuak:

-Subrogazioa mantentze lana egiten duten langileentzat.

-Berdintasun batzorde bat sortzeko, berdintasun planak egiteko eta kontratazioan generoa kontuan ez izateko konpromisoa.

-Dualitatearen eta estatalizazioaren aurkako neurriak.

-Behin-behinekotasunari mugak ezartzea.

-Kontratazio zuzena bultzatzea, aldi baterako laneko enpresen bidez eginiko kontratuak murrizteko.

-Lan osasun galera murrizteko neurriak hartzea.

-Soldatei dagokienez, 2019rako KPIa gehi %1,75eko igoera; eta 2020. eta 2021. urteetarako, KPIa gehi 1,5ekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Amiantoaren biktimen elkarte baten protesta, atzo, Espainiako Kongresuaren aurrean, Madrilen. ©JUAN CARLOS HIDALGO / EFE

Amiantoaren biktimentzako funtsa eratzea onartu du Kongresuak

Xabier Martin

Eusko Legebiltzarraren eskaera azaldu dute hiru legebiltzarkidek, eta Madrilgo ganberak ontzat jo du lege egitasmoa tramitatzea, Voxen abstentzioarekin. Funtsa nola elikatu, hor egongo da lokarria
Aernnovako langileen elkarretaratzea epaitegiaren aurrean. Tubacexekoak eta ITP Castingekoak ere han ziren. ©M.D. V / FOKU

Aernnovako langileek kaleratzeak indargabetzeko itxaropena dute

Imanol Magro Eizmendi

Abokatuak «neurri batean baikor» irten dira epaiketatik. Krisia egiturazkoa dela berretsi du enpresak
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, gaur, Madrilen. ©Emilio Naranjo / Efe

EBren funtsei esker «modernizazio aro berri bat» hasiko dela agindu du Sanchezek

Iker Aranburu

Lehen bi urteetan ibilgailu elektrikorako azpiegiturak sortzea izango da Madrilen lehentasuna

Idoia Mendia Lan sailburua astearte honetan egindako agerraldian ©Irekia

Jaurlaritzak eskubide subjektibo gisa aitortuko ditu enplegu politika aktiboak

Jokin Sagarzazu

Langileen formakuntzan oinarrituko du 2030erako enplegu estrategia. Kezka agertu du egungo lan merkatuaren «egiturazko gabeziekin».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.