Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu ditu, bi Bizkaian eta bat Araban, igeltsero atzerritarrak esplotatzea leporatuta. Ikerlarien arabera, gutxienez 41 langile zituzten beren menpe. Beste pertsona bat ere atxiki dute, baina oraingoz aske utzi dute, ikertu moduan. Operazioa irekita dago oraindik.
Ikerlarien ustez, atxilotuek sare antolatu baten gisan ziharduten. Hiru egoitza miatu dituzte, eta haietan lorturiko informazioan eta langileen testigantzetan oinarrituta iritsi dira ondorio horretara. Ikerketak iazko abuztuan hasi zituzten; Euskal Herriko eta Espainia iparraldeko hamar eraikuntza lan ikertu dituzte, eta zazpitan aurkitu dituzte irregulartasunak.
Atxilotuei lau delitu egozten dizkiete: legez kanpoko immigrazioa sustatzea, gizakien salerosketa, eta langileen eta atzerritarren eskubideen aurkako delitu bana. Esplotaturiko langileak Asiako etorkinak dira: Nepalgoak, Bangladeshkoak, Pakistangoak... Horietako batzuk jaioterrian erakartzen zituen sareak, eta atxilotuetako batek ardura hori zuen. Han zeudela, lan eskaintza egiten zien, eta irregularki etortzeko modua ahalbidetu. Sareko 41 langileetatik 40 egoera irregularrean zeuden.
30.000 euroko zorrak
Langileak «zaurgarritasun egoeran» bizi ziren, eta ikerlariek nabarmendu dute esplotatzaileekiko menpekotasuna erabatekoa zela. Haien bizi eta lan baldintzez gain, joan-etorriak ere kontratatzen zituzten. Langileak Gasteizko zenbait tokitan elkartzen ziren goizero, eta handik lanetara garraiatzen zituzten. Ikerketak iraun bitartean, langileetako bik lan istripuak izan zituzten, eta, osasun zentroan artatuak izan ondoren, alboratu egin zituzten.
Horrez gain, hainbat langilek xantaia egiten zietela salatu dute. Prozesua hastean esplotatzaileekiko zor bat onartzen zuten, kasu batzuetan 30.000 eurorainokoak —beti ez zen diru kopuru bera—, eta horrek haien zaurgarritasuna areagotu du.
Atxiloketak Euskal Herrian izan dira, baina Santanderko (Espainia) epaitegiaren esku daude diligentziak. Esan bezala, kasua irekita dago, eta, ikerketako iturrien arabera, ez dute baztertzen esplotazio sarearen biktimen kopurua handiagoa izatea. Euskal Herrian azken urteetan desegindako esplotazio sarerik handienetako bat da.