Hiru urteren ondoren, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak akordio bat sinatu du

UGTk, CCOOk, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak langile migratuen arta hobetzeko lantalde bat osatu dute, besteak beste. Gutxieneko soldata propioaren gaia ez dute ukitu.

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak gaur eginiko bilera. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak gaur eginiko bilera. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko apirilaren 14a
16:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan akordio bat sinatu izana akordioa bera baino garrantzitsuagoa da. Alegia, adostasuna bera adosturiko puntuen gainetik dagoela. Horixe gertatu da, hain zuzen, EAEko Elkarrizketa Sozialaren Mahaian. Izan ere, hiru urteren ondoren, CCOOk, UGTk —bien artean langileen %30 inguru ordezkatzen dituzte—, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzak beren sinadurak jarri dituzte paper berean, eta, besteak beste, langile migratuen arta hobetzeko lantalde bat osatzea erabaki dute.

Mahaiaren azken fruitua 2023ko apirilaren 19koa zen. Etorkizuneko zaintza posiblearen inguruko itun baten oinarriak zehazten zituen. Harrezkeroztik ez zen lortu agiri publiko bilakatzeko moduko inolako adostasunik. ELAk eta LABek mahaiari eginiko kritika nagusietako bat hori da, hain zuzen, ezer gutxirako balio duela, eta, besteak beste, horregatik ez dute parte hartzen bertan.

Gaur goizean sinaturiko akordioak kritika horiei emandako erantzun bat dirudi, adosturiko hainbat puntutan zehaztasuna falta baita. Gehiago dira asmo onak eta etorkizunerako egitasmoak eragin zuzena duten erabakiak baino. Horrela onartu du CCOOk bere balorazioan: «Akordio hau abiapuntu gisa ulertu behar da, bere eragin ahalmena erakusten jarraitu behar duen foro bat berreskuratu duelako. Akordiorik gabeko aro baten ondoren, hori zen sindikatuaren helburua».

Ekialde Hurbileko gatazkaren erruz langabezian edo aldi baterako erregulazioan dauden langileetako batzuen diru sariak hobetzeko funts bat onartu dute

Akordioak lau puntu ditu. Nabarmenena Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko neurrien sorta da. Horien arabera, Jaurlaritzak hobetu egingo ditu gerraren eraginez langabezian edo aldi baterako lan espedienteetan duden langileen kalte ordainak. 23.000 eurotik beherako kotizazio oinarria duten langileek eskatu ahalko dute, eta 175 edo 125 euro jasoko dituzte, lanaldiaren arabera.

Horrez gain, mahaiko hiru hankek langile migratuen arta hobetzeko lantalde bat osatzea erabaki dute. Jaurlaritzaren arabera, hurrengo hamabi urteetan 675.013 lanpostu bete beharko dira —562.500, erretiroen eraginez—, eta langile migratuek rol garrantzitsua jokatuko dute. Lantaldeak «migrazio prozesu seguru, ordenatu eta erregularrak sustatzea, migratzaileen eskubideak bermatzea eta haien laneratzea bultzatzea» izango du helburu.

Jaurlaritza, pozik

Beste bi akordioen arabera, parte hartze instituzionalari buruzko euskal legearen oinarriak ezarri dituzte, eta, horiek bideratzeko asmotan, hausnarketa prozesu bat abiatuko dute, sindikatuek eta enpresari elkarteek euskal sistema ekonomikoan duten zeregina zehazteko. Azkenik Pertsona langileen formakuntzarako eredu propio baten oinarriak izenburua duen agiri bat sinatu dute.

Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburuak akordioak txalotu ditu, eta «ziurgabetasunak eta polarizazioak markatutako garai honetan» elkarrizketaren balioa defendatu du: «Elkarrizketa ez da asmoen adierazpen bat bakarrik; politika erabilgarria, arduratsua eta erabat demokratikoa egitearen aldeko apustu sendoa da».

Hori bai, bileran ez dute ukitu gutxieneko soldata propioaren gaia. Torresek berak eta Confebaskek esana dute Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak izan beharko lukeela auzi horri buruz hitz egiteko foroa, baina, hala ere, bileraren berri emateko oharrean ez da ageri hari buruzko inolako erreferentziarik. Sindikatuek ere ez dute aipatu beren oharretan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA