Hobera egin dute Gipuzkoako enpresen egoerak eta aurreikuspenek, baina inbertsio txikiagoak espero dituzte 2027rako

Enpresen %85ek salmentak handitzea edo mantentzea espero dute 2027an. Hala ere, enpresentzat egoera exijentea dela esan du Gipuzkoako Ganberak, eta merkatu emergenteak esploratzeko beharra aldarrikatu du.

Mauricio Arregi eta Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako arduradunak, gaur egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Mauricio Arregi eta Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako arduradunak, gaur egindako agerraldian. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
Donostia
2026ko azaroaren 6a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezberdintasunak ezberdintasun, orokorrean, duela sei hilabete baino hobe daude Gipuzkoako enpresak, eta datorren urteari begira ere, baikorragoak dira. Bost enpresatik bat soilik ari da iaz baino salmenta gutxiago egiten, eta %42 ari da fakturazioa handitzen, Gipuzkoako ganberak urrian egindako inkestaren arabera. «Baina enpresek ondo erantzuteak ez du esan nahi zailtasunak izaten ari ez direnik», ohartarazi du ganberako presidente Mauricio Arregik. 

Sei hilabetean behin egiten die enpresei galdetegia Gipuzkoako Ganberak, apirilean eta urrian, hurrenez hurren. Apirilean, enpresen %28 ari zen soilik salmentak handitzen, eta orain hamalau puntu gehiago. Halaber, %30 ari zen fakturazioa txikitzen, eta orain bederatzi puntu gutxiago. 

Datorren hamabi hilabeteei erreparatuz, zertxobait hobetu dira enpresen aurreikuspenak: %31tik %38ra igaro da salmentak handitzea espero duten enpresen kopurua; bere horretan geratu dira fakturazioa mantentzea espero dutenak —enpresen erdiek espero dute hori—; eta %20tik %15era jaitsi da salmentak txikitzea espero dutenak. Beraz, Gipuzkoako enpresen %85 salmentak handitzea edo mantentzea espero dute.

«Enpresek bilakaera positiboa izan dute 2026an, eta 2027rako perspektibek joera horren jarraipena adierazten dute, nahiz eta aldea egon sektoreen artean», adierazi du Javier Zubia Gipuzkoako Ganberako zuzendari nagusiak. Zerbitzuen sektorean handitu da jarduera gehien, eta datorren urterako, enpresa guztien %7k soilik espero dute fakturazioa txikitzea, nahiz eta haztea ere erdiek baino gutxiagok aurreikusten duten. Era berean, merkataritzaren alorrean, «bi errealitate ezberdin» daudela nabarmendu du Zubiak: «Saltoki batzuk badaude zailtasunak izaten ari direnak. Tokiko merkataritzak erronka handiak ditu plataforma eta kate handien aurrean. Baina, aldi berean, beste saltoki batzuk daude gauzak oso ondo egiten eta hazten ari direnak».

Industria, hobetzen

Gipuzkoako ekonomiaren erdia baino gehiago hartzen dute merkataritzak eta zerbitzuek, baina bada beste sektore bat pisu handia ere baduena: industria. Ekonomiaren %30 inguru hartzen du Gipuzkoan. Bertan, enpresen %40 salmentak handitzen ari dira, eta kopuru hori mantentzea espero dute datorren urterako. Aldiz, lautik bat ohi baino salmenta txikiagoak izaten ari da, nahiz eta hori %15era murriztea espero duten datorren urterako.

Esportazioak ere espero baino gehiago izan dira enpresetan, eta ia erdiek handitu dituzte esportazioak. Bereziki industrian hartzen dute esportazioek pisua, eta enpresen %49k espero dute aurten baino gehiago esportatzea datorren urtean.

Horren inguruko gogoeta bat egin du Arregik, eta merkatu emergenteak esploratzeko beharra aldarrikatu: «Enpresak gero eta lehiakorragoak izateko ingurua ere lehiakorra izatea behar dute. Munduko hazkunde ekonomikoaren mapa aldatzen ari da, eta gure enpresek aldaketa hori oso presente izan behar dute».

Esan du Nazioarteko Diru Funtsaren azken aurreikuspenen arabera, %3,4 haziko dela munduko ekonomia datorren urtean; baina zifra horren atzean hainbat errealitate daudela: «Eurogunea apenas %1,2 haziko den, bitartean Asiako ekonomia emergenteek %4,9 egingo dute gora, hau da, lau aldiz gehiago, bereziki Indian eta Asia hego-ekialdean. Kontua ez da Europari begiratzeari uztea, beste merkatu batzuetara begiratzen jartzea baizik».

%84

Zenbat enpresek eutsi edo handitu duten lantaldea. Enpleguaren alorrean ondo dabiltza Gipuzkoako enpresak. Aurten, lantaldeei eutsi edo handitu dute enpresa guztien %84k. Eta datorren urterako ere joera hori mantentzea aurreikusten dute: konpainien %69k espero dute lantaldea mantentzea 2027an, %20k handitzea, eta %11k txikitzea.

Baina Gipuzkoako enpresek egoera positiboak hanka motzak izan ditzakeela ere badakite enpresek. Egoera globalak konpainiak kezkatzen ditu, eta soilik bost enpresatik batek uste du tetsuinguruak hobera egin duela azken sei hilabeteetan. Aldiz %81ak uste du bere horretan mantendu edo okerrera egin duela.

Eta horrek eragina du enpresen inbertsioan. Industrian, merkataritzan eta zerbitzuetan, aurreikusi dute aurten baino gutxiago inbertituko dutela 2027an. Zehazki, industrian, enpresa guztien %42k handitu dituzte inbertsioak aurten, eta datorren urtean %31k handitzea espero dute; merkataritzan %20k handitu dituzte inbertsioak aurten, eta %8 da 2027ko aurreikuspena; eta zerbitzuetan %42 izan da aurten, eta %29koa da aurreikuspena. Hortaz, litekeena da inbertsioek behera egitea.

Enpresen egoera gero eta exijenteagoa dela esan du Arregik. Ziurgabetasuna handia izaten jarraitzen duela dio, eta hainbat faktore zerrendatu ditu enpresentzat erronka handia direnak: «Tentsio geopolitikoak, teknologiaren azelerazioak —batez ere adimen artifizialaren alorrean—, lehia globalaren areagotzeak, pertsonen eta talentuaren eskasiak, eta energia eskuragarri izateko beharrak gero eta egoera exijenteagoa egiten du egoera enpresentzat».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA