Horniduren eta gastuen jaitsierak %10 handitu ditu Laboral Kutxaren irabaziak

Kreditu kooperatibak mailegu gehiago emanez egin dio aurre interes tasa txikiak dakarzkion trabei. Berankortasun tasa %4,5 apaldu du

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Urte ona izan da 2018a Laboral Kutxarentzat. 113 milioi euro irabazi zituen iaz, aurreko urteanbaino %10,06 gehiago. Mozkin gordina 148 milioikoa izan da, eta 14,7 milioi euro ordaindu ditu sozietate zergan, irabazien %10 inguru.

Mozkinaren handitzeak lotura zuzena izan du hornidura txikiagoekin: egoera ekonomiko hobearen eskutik, mailegu ustel gutxiagoren kaltea estali behar izan zuen Mondragon taldeko finantza erakundeak joan den urtean: 35,3 milioi izan ziren 2017an, eta 11,4 milioi baizik ez 2018an. Horri gehitu behar zaio administrazio gastuak bost milioi eurotan jaitsi dituela —227 milioi eurora arte—, eta komisioetan bost milioi gehiago patrikaratu dituela. Inbertsio funtsek kontratazioak eta kreditu txartelen «portaera onak» zerikusi handia izan dute komisioak handitzearekin.

Bi atal horien hobekuntzak konpentsatu ditu negozio hutsaren zailtasunak. Izan ere, interes tasak zerotik hurbil izateak konplikatu egiten du bankuen negozio arrunta: bezeroen aurrezkia biltzea, eta haiekin maileguak ematea, interes tasa handiagoekin. Horrela, interesek eman duten marjina milioi bat euroan txikitu zaio bankuari, 246,4 milioi eurora arte.

Kapital aldetik sendo

Testuingurua ikusita, datua «oso ona» iruditu zaio Laboral Kutxari. Besteak beste, mailegu gehiago ematen ari delako: hipoteka maileguak %18,7 handitu dira azken urtean, enpresa txiki eta ertainentzako kredituak %18,8 eta autonomoentzako eta negozio txikientzako maileguak, berriz, %14,5. Ona iruditu zaio bildutako aurrezkia ere; bezeroen kudeatutako baliabideak %3,9 handitu dira (21.841 milioi euro). Horien artean %4,3 handitu dira barruko baliabideak —hala nola, ageriko kontuak, aurrezki kontuak eta eperako kontuak—; halaber, inbertsio fondoen saldoek %5etik gorako hazkunde erritmoari eutsi diote.

Urtea osasun egoera onean bukatu duela dioeten beste parametro batzuk ere erakutsi ditu Laboral Kutxak. Batetik, berankortasun tasa %4,51 txikitu du; eta, bestetik, kaudimena handitu egin du: CET1 kapital-ratioa %18,76koa du, ikuskatzaileak eskatzen duen gutxieneko tasa baino hamar puntu gorago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.