Ibarrako enpresa bateko langile bat hil da Galizian, istripuz

Voith Hydro enpresako F.M.G.C. makina batek harrapatuta hil da Ourenseko zentral hidroelektriko batean.

lan istripuak
Lan istripuak salatzeko elkarretaratze bat, Nafarroan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 25a
16:20
Entzun

Ibarrako Voith Hydro enpresako langile bat hil zen atzo Rubia herrian (Ourense, Galizia), Enel konpainiaren zentral hidroelektriko batean lanean ari zela, makina batek harrapatuta. Galiziako hedabideen arabera, hildako langilea F.M.G.C. zen, 56 urtekoa, eta jatorriz portugesa.

LAB sindikatuak eman du istripuaren berri. «Samina eta elkartasuna» adierazi die langilearen gertukoei, eta ziurtatu du urtea hasi denetik hamar langile hil dira lanean. Kopuru horren barnean sartzen dira Euskal Herrian hildakoak, baita kanpoan lanean ari ziren euskal enpresetako langileak ere.

LABek gogorarazi duenez, industrian hildako hirugarrena da Galizian zendutakoa, eta denak makinek harrapatuta edo haiek emandako kolpeen ondorioz hil dira. Azaldu du langileen eskura jartzen diren makinek araudi zorrotza bete behar dutela 1997. urteaz geroztik, baina oraindik ere «ohikoa» dela araudia betetzen ez duten makina arriskutsuak nonahi topatzea. «Ez da kasualitatea, beraz, makinek eragin handia izatea urteroko ezbeharren tauletan. Patronalak inpunitate osoz jarduten du arauak bete gabe, nahiz eta araudiak hamarkadak daramatzan abian».

«Eraginkorrak ez izateko sortuak» izatea egotzi die Osalani eta Lan Ikuskaritzari, eta, salatu duenez, horren ondorioz patronalak «lasai jarraitzen du lan osasunerako neurriak bete gabe». Lan osasuneko araudia da, LABen arabera, gutxien betetzen dena. «Egitura instituzional horiek iraultzen ez diren bitartean, patronala kontrolatu eta hari isuna jartzeko plangintza gogor bat ezartzen ez den bitartean, egoerak berdin jarraituko du. Hor guztia gure bizitzarekin ordaintzen dugu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.