Iberdrolak %13 handitu zituen iaz bere irabaziak, 3.406 milioi euroraino. Mozkinaren zati bat AEBetan egindako ezohiko operazio batzuei dagokie, baina horiek gabe ere irabazia %8 handituko zela azaldu du argindar konpainiak.
Zentral hidroelektrikoek oso urte txarra izan dute, eta, horren ondorioz, argindar ekoizpena jaitsi du Bilbon egoitza duen konpainiak. Hala ere, emaitza positiboa izan du adar guztietan: sarean, argindar sorkuntzan eta bezeroetan. Ebitda edo esplotazioaren emaitza gordina %8,1 handitu du, 10.104 milioi euroraino.
Emaitzekin gustura azaldu da Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea. «Enpresa erakusten ari da urtetik urtera bere negozio eredu jasangarriak balioa sortzen duela akziodunentzat, langileentzat eta, oro har, gizartearentzat».
Iberdrolak 2019. urtean 8.158 milioi euro inbertitu ditu bere ekoizpen gaitasuna handitzeko (%41) eta sareak berritzeko (%44). Aurten are gehiago inbertitu nahi du, 10.000 milioi euro inguru. Halaber handitu beharko luke irabazia, 2020an ez ezik, baita hurrengo urteetan ere. Mozkin horietan agertuko dira Siemens Gamesaren bere parte hartzearen salmenta. 1.100 milioi euro jaso zituen akzioen %8en truke, eta horietatik 485 milioi gainbalioa dira.