Iberdrolak kapitala handitu du, AEBetan eta Erresuma Batuan gehiago inbertitzeko

Konpainiak salatu du Espainiako araudi berriak ez duela sareetan inbertitzeko pizgarririk eskaintzen. Lehen seihilekoan iaz baino %14 gutxiago irabazi du.

Iberdrolaren egoitza nagusia, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iberdrolaren egoitza nagusia, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2025eko uztailaren 23a
12:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Iberdrolak 5.000 milioi euro handitu du bere kapitala: bere burtsako balioaren %5. Diru horrekin sare elektrikoetan inbertsioak handitzea du helburu, eta bi herrialdetan bereziki: AEB Amerikako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, alegia, konpainiaren gaur egungo bi merkatu nagusietan. Operazio horren xedea zorra kontrolpean mantentzea eta dibidenduak bermatzea ere bada.

Gaur goizean iragarri du kapitala handitzeko erabakia eta hori gauzatzeko ordu gutxi batzuk baino ez ditu behar izan. Soilik inbertitzaile profesionalek erosi ahal izan dituzte akzio berriak. Tamaina horretako iragarpenak egiten direnean ohikoa denez, konpainiak Espainiako burtsan kotizatzeari utzi dio gaur goizean. Akzio bakoitzagatik 15,15 euro ordaindu dira, azken urteko batez besteko prezioa baino %7,5 garestiago.

Iberdrolak Bizkaian du egoitza fiskala, eta lurralde horretan inbertitzaile ugari ditu. Gaur egun Espainiaren mugetatik kanpo lortzen ditu irabazi gehienak, eta gauza bera egiten du inbertsioekin. Konpainiak aurreikusten du 2031ra arte 55.000 milioi euro inbertituko dituela mundu osoan, eta gastu handiena AEBetan eta Erresuma Batuan egingo duela. Azaldu duenez, bi herrialde horietan baldintza «egonkorragoak eta errentagarriagoak» eskaini dizkiote azken urteetan; Espainian, aldiz, araudiak ez dio halakorik bermatzen.

Zehazki, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak —sektore elektrikoa arautzen duen agintaritzak— 2025etik 2030era bitarteko sareen errentagarritasun finantzario berria ezarri du: %6,5ekoa izango da. Iberdrolaren ustez, tasa hori ez da nahikoa konpainiek herrialdean inbertsio handiak egiteko.

Irabazi handiak

Iberdrolak kapitala handitzeko erabakiaren berri eman du 2025eko lehen sei hilabeteetako emaitzak aurkeztearekin batera: 3.572 milioi euro irabazi ditu, %14 gutxiago aurreko urteko epe berarekin alderatuta. 2024ko lehen hiruhilekoan Mexikoko aktibo batzuk saldu zituen, eta aurten ez du halako ezohiko irabazirik izan. Ohiko jarduera ekonomikoaren bidez loturiko emaitzek, berriz, %20ko hazkundea izan dute.

Inbertsioak ere handitu ditu: %7. Horietatik %54 sareetara bideratu ditu, eta %38 energia berriztagarrietara.

138

Itzalaldiaren ondorioz zenbat galdu zuen, milioi eurotan. Iberdrolak azaldu duenez, apirilaren 28an Iberiar penintsulako sare elektrikoan gertatutako itzalaldiak kalte zuzena eragin zion: 135 milioi eurokoa, zerbitzu osagarrien eta energia merkatuko gorabeheren ondorioz. Zehaztu duenez, itzalaldiak energia salmentaren atalari eragin zion bereziki: %13ko galera izan zuen. Azaldu du Erresuma Batuan eta Europako beste herrialde batzuetan lortutako irabaziekin arindu zuela negozioaren arlo horretan izandako kaltea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.