IEAk erreserba estrategikoetatik 300-400 milioi upel ateratzea proposatu du

Arratsaldean G7ak berriz ere bilera du petrolio erreserba estrategikoez hitz egiteko. Upelaren prezioak, hala ere, gora egin du, eta 90 dolarretik gora jarri da.

Artxiboko irudian, itsasontzi bat Dubaiko kostan, Emirerri Batuetan ainguratuta. STRINGER / EFE
Itsasontzi bat Dubaiko kostan, Emirerri Batuetan ainguratuta, artxiboko irudi batean. STRINGER / EFE
Irune Lasa.
2026ko martxoaren 11
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean ez, eta asteartean ere ez, baina baliteke gaur, asteazkenez, hainbat herrialderen erreserba estrategikoak petrolio garestia merkatzea.

G7ko Energia ministroak petrolio erreserba estrategikoak askatzearen alde agertu dira gaur zabaldutako agiri batean, baina hori egitea, berez, gaur 15:00etan hasiko den G7aren bilera ofizialean erabaki beharko litzateke.

Erabaki horretarako oinarri gisa, petrolio erreserba estrategikoetan orain arteko askapen handiena proposatu du IEA Nazioarteko Energia Agentziak, goizaldean The Wall Street Journal-ek esan duenez. 300-400 milioi petrolio upel lirateke, hedabideetan zabaldu denez. Agentziak G7aren aginduz prestatu du proposamena.

Une honetan, IEAko 32 kideek guztira 1.200 milioi petrolio upel dituzte haien erreserba publikoetan, eta beste 600 milioi esku pribatuetan, gobernuen derrigortasunen menpe. Hori bai, erreserba horiek edo horien zati bat liberatzea erabakiko balitz ere, petrolioa ez litzateke goizetik gauera iritsiko merkatura, herrialde bakoitzak zenbat saldu, noiz, eta xehetasun gehiago ere geratuko lirateke eta adosteko.

5

IEAk zuzendutako erreserba askapenak. Orain arte IEAren zuzendaritzapean petrolio erreserba estrategikoen bost askapen egin dira. Lehena Persiar golkoko gerran izan zen; hurrengoa, 2005. urtean, Rita eta Katrina urakanen ondoren; hirugarrena, 2011. urtean Libiako gerra zibilaren harira; eta beste bi, 2022an, Ukrainako gerraren eraginari aurre egiteko.

Ezin jakin oraindik erreserben askapen handiak lortuko duen prezioa baretzea, gaur goizaldean bertan Brent upela %2 garestitu baita, eta 90 dolarretik gora kokatu, 92 dolarren bueltan. Gertatu izan da erreserba estrategikoen askapenak prezioak handitzea: 2022an, Ukrainako gerraren harira egindako bi askapenetan, merkatuek egoera uste baino kritikoa den seinaleak zirela ulertu zuten.

Dena den, upelaren prezioetan aldakortasuna izugarrizkoa da, eta maiz, zaila ulertzen. Bart gauean, AEBetako Gobernuak sare sozialetan mezua zabaldu du, eta esan du AEBek arrakastaz eskoltatu dutela itsasontzi bat Ormuzko itsasartean. Momentuan egin du behera upelaren salneurriak. Eta ia berehala, mezua desagertu egin da sare sozialetatik. Gero argitu da ez dela halako operaziorik gertatu.

Erasoak

Edonola ere, Ormuzko itsasartera ez da barealdirik iritsi. Pentagonoaren arabera, AEBek Irango «hainbat» ontzi hondatu dituzte, tartean minak jartzeko hamasei itsasontzi.

Minekin ez, baina Erresuma Batuko armadaren arabera, jaurtigaiekin hiru ontzi jo dituzte Ormuzko itsasartean gaur. Ez dute, ordea, argibide askorik eman jo puntuan izan diren ontziei buruz; soilik haietako bat edukiontziak garraiatzen dituen itsasontzia dela, Ras Al-Kahiamanen mendebaldean zegoena; eta beste bat solteko gaien itsasontzi bat dela, Dubaitik ipar mendebaldera zegoena. Azken horretan sutea piztu da, baina lortu dute itzaltzea, eta ez omen da ingurumen eraginik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA