Argia da IEA Nazioarteko Energia Agentziaren mezua: Europak «prest egon behar luke» Errusiak aurrerantzean har ditzakeen erabakien aurrean. Joan den astean gasbideak ixten hasi zen Errusia, eta Europari hornidura murriztu; orain, IEA beldur da gas esportazioak «guztiz» etengo dituen.
Fatih Birol IEAko zuzendari nagusiak egin ditu adierazpenok, Financial Times egunkarian. «Negua gero eta gertuago, orduan eta gehiago ulertzen ditugu Errusiaren intentzioak». Batetik, Europan gas bilketak saihestea, eta, bestetik, Errusiak «abantaila» izatea hilabeterik hotzenetan.
Egoerari aurre egiteko, Birolek gas eskaria murrizteko neurriak galdegin dizkio Europari. Elektrizitatea sortzeko, gasa erretzearen alternatiben alde egin du. Haren ustez, justifikatuta dago CO2 emisioak handitzea –Alemaniak, Herbehereek eta Austriak ikatz gehiago erreta konpentsatuko dute Errusiako gas hornidura txikitu izana–. «Aldi baterako» neurriak liratekeela defendatu du. Zentral nuklearren itxiera ere atzeratu beharko litzateke haren ustez, «segurtasun baldintzak betetzen diren heinean».