Energia

Ikatzaren aroa luzatu egingo da

Alemaniak, Herbehereek eta Austriak ikatz gehiago erreta konpentsatuko dute Errusiako gas hornidura txikitu izana. Europak %53 bete ditu gas biltegiak, eta %80ra iritsi nahi du irailaren 30erako.

Ikatza erretzen duen zentral termiko bat, Wedel herrian, Alemania iparraldean. FOCKE STRANGMANN / EFE
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 21a
17:11
Entzun

Ministro ekologista bati egokitu zaio erabakia iragartzea. Igandean, Robert Habeck Alemaniako Ekonomia ministro berdeak jakinarazi zuen larrialdiko lege bat indarrean jarriko zuela zentral termiko batzuk berriro irekitzeko. «Mingotsa da, baina uneotan ezinbestekoa da gasa gutxiago erabiltzea», argudiatu zuen Habeckek. Errusia Alemaniaren gasaren iturria ixten hasi ahala —Nordstream 1 gasbideko isuria %40 apaldu du, arazo teknikoak argudiatuta—, Alemania beste aukera batzuen bila ari da argindarra ekoizteko, eta iturririk zikinenaren alde egin du, gogo txarrez bada ere.

Habeckek azaldutakoaren arabera, hurrengo bi urteetan hamar gigawatt argindar gehiago ekoizteko baimena emango diete zentral termikoei, eta, horrela, ekoizpenaren heren bat sortuko da ikatzaren bidez. Maiatzaren amaieran, 31 gigawatt ekoizteko gaitasuna zuten ikatza erretzen duten zentral termikoek. Azken urteetan, Berlingo gobernuek energia berriztagarrien aldeko apustu handia egin dute, eta, hala, urteko lehen hiruhilekoan iturri berriztagarriek bete zuten argindar beharren %50.

Nuklearrari adio

Gas gutxiago erretzeak utzitako hutsunea ez ezik, zentral nuklearrak ixteak ekarriko duen lau gigawatten galera ere konpentsatuko du ikatzak. Izan ere, Errusiako gasarekiko mendekotasuna hautsi nahi izateak ere ez du aldarazi energia nuklearrari 2022 amaieran agur esateko plana. Angela Merkel gobernuburu zela erabaki zuten azken hiru erreaktoreak 2022ko abenduan itzaltzea, eta Berdeak kide dituen gobernu batek nekez har zezakeen kontrako erabakirik, batez ere kontuan hartuta mugimendu antinuklear bat izan zela hasieran.

Zentralen jabe diren energia konpainiek ere ez dute kontra egin, erreaktoreak irekita jarraitu dezaten egin beharreko inbertsioak eta hartu beharreko segurtasun neurriak garestiegiak izango liratekeelako.

Austriak eta Herbehereek ere bai

Alemania ez da klima larrialdiaren eta energia segurtasunaren artean aukeratu behar eta gehiago kutsatzea erabaki duen bakarra. Austriako Gobernuak Mellacheko zentral termikoa berriro pizteko akordioa izenpetu du Verbund konpainia elektrikoarekin. 2020an itxi zuten Mellach, Austriari geratzen zitzaion azken zentral termikoa.

Herbehereek, berriz, ez zituzten itxi zentral termikoak, baina horien gaitasunaren %35 soilik baliatzen zuten, CO2 isuriak kontrolatzeko. Orain, baina, 2024 bitartean ikatz gehiago erretzeko baimena izango dute. Ikusteko dago gobernuak atzera egingo ote duen zentral horiek 2030ean ixteko aginduari dagokionez.

Baliteke Italia izatea halako neurriak iragartzen dituen hurrena.

Erabaki horiek guztiek ezinegona eragin dute Bruselan, Europako Batasunak klima aldaketaren aurka hartutako konpromisoak betetzea zailtzen baitu. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak estatu kideei gogorarazi die badaudela beste bide batzuk Errusiako gasaren hutsunea betetzeko, hala nola energia berriztagarrietan gehiago inbertitzea eta gas kontsumoa apaltzea. Haren datuen arabera, aurtengo lehen lau hilabeteetan gas kontsumoa %9 txikiagoa izan da iazkoaren aldean.

Gas biltegiak, beteago

Olaf Scholz Alemaniako gobernuburuak onartu du oker bat izan zela gas hornitzaile bakarrarekiko mendekotasun handia izatea —gerraren aurretik, Alemaniak gasaren %55 ekartzen zuen Errusiatik—, eta, orain, hornitzaile gehiago lortzen ari da. Gaur, EnBW konpainiak iragarri du kontratu bat sinatu duela hogei urtez GNL gas natural likidotua AEBetatik inportatzeko.

Itsasontziz likido moduan iritsitako GNLa berriro gas bihurtzeko lantegirik ez dago gaur egun Alemanian, baina Scholzek agindu du lau plataforma flotagarri izango dituela negurako. Gainera, gas biltegiak betetzen ari da, neguan hornidurarik falta ez dadin. Gaur egun %56 daude beteta, baina abendurako %90 izatea da helburua, Habeckek azaldu duenez. Erreserba horrek bizpahiru hilabeteko kontsumoa bermatzen du negu arrunt batean.

EB osoan ari dira orain biltegiak betetzen. Azken datuek diote 588 terawatt-ordu gas daudela, edukieraren %53,4. Beste 292 terawatt-ordu geratzen zaizkio EBk irailaren 30erako bere buruari jarri dion %80ko edukiera betetzeko. Hau da, 3.000 gigawatt-ordu egunean; azken asteetan, egunero 4.000 eta 5.000 gigawatt-ordu artean sartu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.