Energia

IEAk ez du beharrezko ikusten erregai fosiletan inbertitzea

Energiaren Nazioarteko Agentziak uste du petrolioaren kontsumoak 2030ean joko duela goia. Nazioarteko lankidetza handitzeko eskatu du, klima helburuak betetzeko.

AEBetako petrolio putzu bat. LARRY W. SMITH (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko irailaren 26a
12:25
Entzun

Bere ibilbide orria berrikusi du IEA Energiaren Nazioarteko Agentziak, COP28ren hurrengo bilerara begira — azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitarte egingo da, Arabiar Emirerri Batuetan—. Dokumentu horretan dio oraindik posible dela Parisko Akordioaren helburuak lortzea, 2050. urterako neutraltasun klimatikoa lortzea eta planetaren tenperatura igoera 1,5 gradu zentigradura mugatzea; eta eransten du petrolio hobi berrietan, ikatz meategietan eta gas ustiategi berrietan inbertitu gabe lor daitekeela hori. Hala ere, uste du gaur egun zabalik daudenak mantendu behar direla eta onartuta dauden proiektuei eutsi behar zaiela, prezioen igoera kaltegarriak saihesteko.

COP28ko eztabaida nagusietako bat izango da zer eginkizun izan behar duten erregai fosilek energia trantsizioan. IEAren arabera, helburu hori egingarria da energia berriztagarrien hazkundearen bidez. Haren kalkuluen arabera, 2030erako hirukoiztu egingo da, mundu osoan, teknologia horiek energia sortzeko duten ahalmena, eta erregai fosilen eskaria %25 murriztuko da, %80 2050erako.

IEAren arabera, ikatza izango da hemendik 2030era gehien murriztuko den erregaia, eta, ondoren, petrolioa. Gas naturala motelago murriztuko da, hiru arrazoirengatik: industrian gehiago erabiltzen delako, sistema elektrikoaren euskarri gisa erabiltzen delako berriztagarriak eta nuklearra eskari guztiari erantzuteko nahikoa ez direnean, eta hidrogenoa sortzeko erabiltzen delako.

Energia berriztagarrien ekoizpen ahalmena handitzearekin batera, IEAk aurreikusten du 2030ean matrikulatutako hiru ibilgailutik bi elektrikoak izango direla. Eta etxe, enpresa eta eraikin publikoetan asko zabalduko direla bero ponpak — edo aerotermia sistemak —, gas galdaren, elektrikoen edo beste erregai fosil batzuk erabiltzen dituztenen ordez. Uste du litekeena dela berokuntza sistema horren salmentak %20 handitzea urtero hemendik 2030era — %11ko hazkundea izan zuten iaz–. Halaber, espero du energiaren sektoreko metano isurketak %75 murriztea.

IEAk energia berriztagarrien aldeko prozesua bizkortzeko deia egin du; batez ere, «errenta ertain eta apaleko herrialdeetan». «Ekonomia aurreratuak eta Txina prest daude [emisioak murrizteko] helburu globala lortzeko, baina politika indartsuagoak eta nazioarteko laguntza handiagoa behar da garatzeko bidean dauden herrialdeentzat».

Hala ere, erakundeak ez du ezkutatzen «nazioarteko tentsio gero eta handiagoek» ezbaian jar dezaketela helburu hori. Fatih Birol IEAko zuzendariak gobernuei eskatu die tentsio geopolitikoak eta klimaren helburuak bereizteko eta nazioarteko lankidetza handitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.