Energia segurtasuna hainbat mehatxuren pean ikusten du IEA Nazioarteko Energia Agentziak. «Zenbait erregai mehatxupean daude, baita teknologia asko ere, eta, gainera, aldi berean ari dira agertzen mehatxu horiek guztiak», ohartarazi du gaur IEAko presidente Fatih Birolek.
Adibideak ere jarri ditu: AEBek petrolio erosketei ezarri nahi dizkieten zigorrak, Ukrainako gerrak gas naturalaren hornikuntzan eragindako segurtasun falta, itzalaldiak argindar sistemetan... «Eta ohikotzat jo daitezkeen arriskuei mehatxu berriak gehitzen ari zaizkie; haietako bat, nabarmena: mineral kritikoen ekoizpenaren kontzentrazio handia».
Denbora darama IEAk mineral kritikoen inguruko mehatxuez ohartarazten. Txinak haien esportazioei aurten ezarritako mugak agerian jarri du mineral kritikoekiko oro har zer mendekotasun handia duten energiaren munduak eta munduko ekonomiak. «Horren erakusgarri datu bat: gaur egun lur arraroen fintze ahalmenaren %91 herrialde bakarraren esku dago [Txina]. Hori ikusita, hainbat herrialdek jarri dituzte fintze proiektuak abian, baina horiek garaiz eta arrakastaz burututa ere, hemendik hamar urtera oraindik ere herri bakar horretan finduko dira lur arraroen %71».
Eskaria lekuz aldatzen
IEAk gaur aurkeztutako txostenetik bost hizpide nabarmendu ditu Birolek berak, eta lehena eskaria izan da. Energia eskariak handitzen jarraitzen du munduan, eta, nahiz eta azken urteetan Txina izan eskaria handitzearen erantzule nagusia, «pixkanaka, hura ordezkatuko duten beste herrialde batzuk agertu dira: India, Asia hego-ekialdea eta Latinoamerika».
«Argindarraren Aroa»
IEAk aurreko urteetan jada aurreikusia zuen argindarraren eskaria gora egiten ari zela eta gorantz jarraituko zuela, beste energia iturriek baino gehiago. «Bazetorrela esaten genuen, baina orain esan dezakegu iritsi dela Argindarraren Aroa. Oraindik petrolioa erabiltzen dugu, gasa erabiltzen dugu, baina ikusgarria da argindarraren eskaria nola handitu den».
Kontuan hartzekoa da adimen artifizialak dakarren kontsumoa, baita aire girotuaren zabalkundeak eta ibilgailu elektrikoen hedapenak dakartena ere. Eta iturriei dagokienez, IEAk zera antzeman du: argindar ekoizpenean eguzki panelen ugaltze handia eta nuklearren itzulera indartsua.
Petrolioa eta gasa
Birolen arabera, garraioaren elektrifikazioarekin gertatzen denak baldintzatuko du zer gertatzen den petrolioaren eskariarekin; izan ere, gaur egun garraioak hartzen du petrolio kontsumoaren %45. Egungo politikei eusten bazaie, petrolio eskariak gora egiten jarraituko du hurrengo mende laurdenean. Aldiz, elektrifikaziorako politikak ezarriko balira, petrolio eskariak 2030ean joko luke goia.
Gasaren arloan ere aldaketa handiak gertatuko direla aurreikusi du IEAk. Azaldu duenez, nahiz eta eskaria oraindik sendoa izan, GNL gas natural likidotuaren olatu erraldoia dator merkatura, AEBak, Qatar, Australia eta Kanada gas asko esportatzen hasiak direlako. Ondorioz, IEAk uste du gasaren merkatua erabat aldatuko dela, eta gasa merkatu egingo dela.
Klima larrialdia
Klima larrialdia hizpide hartuta, Birolek bi aldagai aipatu ditu: klima aldaketari garai batean emandako lehentasuna lausotzen ari da arlo politikoan, eta, aldi berean, 2024. urtea historiako urterik beroena izan da.
Horiek eragina dute txostenean aipatutako hipotesi guztietan. «Gaur egungo isuri politikekin jarraitzen badugu, munduko batez besteko tenperatura hiru gradu handituko da. Hitzemandako eta oraindik bete gabeko politikak aintzat hartuta, beroketa globala 2,5 gradukoa izango litzateke, eta, zero isuri garbia balitz, 1,5 gradukoa».
Energiarako sarbidea
IEAk aztertu ohi du garabideko herrialdeetako herritarrek modua ba al duten argindarra edukitzeko eta kutsadurarik gabeko sukalde motak erabiltzeko. Erakundea kezkatuta azaldu da azken urteetako joera dela eta: urtetik urtera gero eta herrialde gehiagotan argindarra eta kutsadurarik gabeko sukalde mota edukitzeko modua zuten herritarrek, baina azken bizpahiru urteetan joera hori eten egin da.
Esaterako, oraindik 2.000 milioi pertsonek ez dute sukalde garbirik. Sukalde garbien kopuruak gora egin du zenbait tokitan, baina Afrikan ez. Han oraindik ere bost familietatik lauk egurra, ikatza, kerosenoa eta animalia gorotza erabiltzen dituzte sukaldean, eta horrek ondorio lazgarriak ditu haien osasunean.