«Zenbat Gipuzkoa daude munduan? Hori izaten da beti nire galdera: nora, zein Gipuzkoatara eraman dezakegu gure eredua? Bai baitakigu hemen Gipuzkoan sortutako gure eredu honek funtzionatzen duela, berritzailea delako, ez delako aholkularitza eredu tradizionala». Iñigo Ugarte Ieteam Group aholkularitzaren sortzaile eta zuzendari nagusiak (Zarautz, Gipuzkoa, 1974) esplikatu du nola urratu duen Ieteam Groupek hazkunderako bere ibilbidea.
Enpresentzako eta erakundeentzako egiten du lan Ieteam Groupek, batez ere lau alorretan: pertsonen hautapenean, organizazioentzako aholkularitzan, berrikuntzarako proiektuetan eta nazioartekotze prozesuetan.
Adibidez, enpresa batentzako plan estrategikoa presta dezake; beste enpresa bati nazioartekotze prozesuan beharrezkoak dituen hainbat lan egin diezazkioke, Ieteamek tokian lehendik dituen baliabide eta ezagutzekin —horixe da Ieteam Groupen indarguneetako bat, bertako taldeak izatea hainbat lekutan—; edo gobernuren bati lagundu diezaioke, esaterako, herrialdeko esportatzaileentzako merkatu berriak aztertzen eta aukeratzen.
Horrelako lanak egiten dituzte aholkularitza enpresek, eta, publiko zabalarentzat, sektore horretan ezagunenak big four delakoak dira, lau handiak: Deloitte, PwC, Ernst & Young eta KPMG. Baina Ieteam Groupek egin du tokitxoa ahalguztidun horien artean, eta hazten jarraituko duela uste du.
Eta, orain gutxi, albiste izan da Ieteam Group, Belfasteko (Irlanda) OCO Global aholkularitza handiagorekin aliantza osatu duelako.
Aliantza
Ugartek aipatutako hazkundean, AEBetako Gipuzkoa horietako batzuetan gurutzatu zen Ieteam Group OCO Globalekin. «Haiek asko hazitakoak dira», esplikatu du Ugartek. «Lau milioiko fakturazioa zuten duela bost urte, eta hogei milioikoa orain; hazkunde horretan, neurri batean galdu egin zuten bezeroarekiko gertutasuna».
«[OCO Globalekiko aliantza] Lau urterako izango da, helburu finkoekin. Lau urte horiek pasatu eta gero, pentsatuko dugu zer egin»
IÑIGO UGARTE Ieteam Groupen sortzailea eta zuzendari nagusia
Hain zuzen, handienek bezeroei eskaini ezin dieten gertutasuna eta malgutasuna daude Ieteam Groupen arrakastaren oinarrian, zuzendariaren esanetan; eta, horiekin batera, teknologien erabilera berritzailea, modua ematen baitie lantalde eraginkorra edukitzeko eta harreman pertsonaletarako tarte gehiago izateko.
Mattin Etxeberriak (Ataun, Gipuzkoa, 1996) Ieteam Groupeko nazioarteko hazkunde zuzendariak kontatu du nola irlandarrak galdezka hasi ziren zein ziren AEBetan bezero bat eta bestea kendu zizkieten horiek. Bezeroek, berriz, Ieteam Groupen hasierako OCO Globalen antza zutela esaten zioten Etxeberriari, antzeko eredua zutela. «Horrek xaxatu zuen gure arteko elkarrizketa».
Hasieran akordio komertziala izan behar zuena aliantza estrategiko bilakatu zen Ieteam Groupekoak eta OCO Globalekoak elkar ezagutzean. «Lau urterako izango da, helburu finkoekin. Lau urte horiek pasatu eta gero, pentsatuko dugu zer egin», gaineratu du Ugartek.
Lau urte horien buruan izango den jokalekua ere marraztu du: «Egitura eta bezeroak gehituko ditugu, eta haien bezeroak gure esparrura ekarri. Oraindik ez dakigu zer forma izango duen, baina badakigu 2030. urtean 60 milioi euroko negozio bat, marka bakarra egongo dela».
Horretan lagungarri izango da bi aholkularitzek enpresa kultura oso antzekoa izatea, Etxeberriaren ustez. «Ikusi dugu lerrokatuta gaudela. Kulturalki ere, haiek Ipar Irlandatik datoz, gu Euskal Herritik; hasierako elkarrizketetan argi ikusten zen ulertzen dugula nondik gatozen bakoitza. Jatorria hiriburu batean ez izateak ere ematen zigun abiatzeko kimika bat».
OCO Globalekin baterako etorkizunari begira, Ieteam Groupek Euskal Herrian sustraituta jarraituko duela dio Ugartek: «Ni enpresa honen buru naizen artean, hemen oinarrituko da, seguru». Ieteamen jabetzaren egiturak hori bideratu dezakeela uste du, gainera. Ieteam Groupen %70 jabe da Ugarte sortzailea, eta kapitalaren gainerako %30a beste 25 bazkide-langilerena da.
Talentua
Nabarmentzekoa da zein gaztea den Ieteam Groupeko langile taldea. 32,5 urte da batez besteko adina haren bulegoetan. Eta behargin horietako asko haien lan baldintza ez-gogobetegarriengatik ezagunak diren aholkularitza handiagoetatik iritsi dira Ieteam Groupera, «presentzialismotik» urruntzen den beste eredu malguago batera.
Ieteam group
- Sorrera: 2011. urtea, Donostia.
- Jarduera: aholkularitza, espezializazioa pertsonen hautapenean, organizazioentzako aholkularitzan, berrikuntzarako proiektuetan eta nazioartekotze prozesuetan.
- Bezeroak: hainbat konpainiaz gain, hainbat gobernu ditu bezeroen artean; besteak beste, Alabama, Colorado, Ipar Dakota, eta Puerto Rico AEBetan; eta Alemania, Italia, Islandia eta Suitza Europan.
- Fakturazioa: Sei milioi euro 2025ean, zortzi milioi euroren aurreikuspena 2026an, urtero %20 haztea helburu.
- Bulegoak: Euskal Herrian, Donostia, Bilbo eta Miarritze. Atzerrian, Espainia (Madril), Mexiko, Kolonbia, Brasil eta Abu Dhabi.
- Langile taldea: ehun langile inguru.