Ieteam Groupek aholkularitza eskaintzen die enpresei, gobernuei, erakunde publikoei eta garapen ekonomikoko erakundeei, haiek lagunduz hainbat erronkatan, hala nola nazioartekotzean, garapenean, estrategian, talentuan eta eraldaketa digitalean. 2011. urtean Donostian sortutako taldeak hainbat filial ditu mundu guztian, eta gaur aliantza iragarri du Belfasteko OCO Global aholkularitzarekin.
Aliantzaren xedea 2030. urterako garapen ekonomikorako plataforma bateratua eraikitzea da, bi taldeen osagarritasunak baliatuz. Gaur egun, OCO Globalek eta Ieteam Groupek, batera, 30 milioi eurotik gorako fakturazioa dute urtean, eta 2030erako plataformaren tamaina handitzea nahi dute, gaur halako bi izateko.
Mexikon emango du lehen urratsa aliantza berriak. Modu bateratuan egindako lehen operazio horretan, zera elkartuko dute: batetik, Ieteam Groupen tokiko presentzia eta ezagutza, eta, bestetik, OCO Globalek merkataritza, inbertsioetan eta garapen ekonomikoetan duen esperientzia; eta, hala, aholkularitza eskaintza sendoa eratuko dute.
Aukera handiak
«Aliantza honen helburua eskala handitzea da, gure gaitasunak zabaltzea, eta egiaz bereizgarria izango den garapen ekonomikoko plataforma bat sortzea», adierazi du Iñigo Ugartek, Ieteam Groupeko buru eta sortzaileak. «Mexiko lehen urratsa da, baina gure anbizioa askoz zabalagoa da. Aukera handiak ikusten ditugu gure taldearen sareak eta ezagutza hainbat nazioarteko merkatutan uztartzeko».
Joachim Arnold OCO Globalekoko buruak azaldu duenez, «asmoa da garapen ekonomikoko erakundeei estrategiatik ekintzara arte laguntzeko gai izango den plataforma bat sortzea, merkatu bakoitzean tokiko gaitasun sendoak izanik».