Immigrazioa ez da nahikoa izango langile eskasiari aurre egiteko, Laboral Kutxaren ustez

EAEn langile eskasia izango da, baina iragarpena baikorragoa da Nafarroarentzat. Lan bizitza luzatzea eta prestakuntza funtsezkoak izango dira, baita etorkinak ere.

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irune Lasa.
2025eko maiatzaren 28a
15:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Mundua bizkor aldatzen ari da, eta bitartean Euskal Herria zahartzen ari da. Horren ondorioak jada hasiak dira nabaritzen euskal ekonomian, eta dagoeneko sektore batzuk zailtasunak izaten ari dira langileak lortzeko, hala nola eraikuntza eta osasungintza. Etorkizunera begira erronka are handiagoa izan daiteke, eta desorekak, ziurrenez, ez dira immigrazioaren bidez soilik hobetuko.

Biztanleriaren zahartzeak lan merkatuan izan ditzakeen ondorioak aztertu ditu Laboral Kutxak, galdera eginez: hemendik dozena bat urtera, 2036an, zenbat langile egongo dira zenbat lanposturako? Erantzun posibleak ez dira oso baikorrak.

Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendariaren arabera, «lan merkatua, ezagutzen dugun moduan, goitik behera aldatzear dago, hurrengo hamarkadan datozen hiru erronken ondorioz: digitalizazio bizkortua, karbono gutxiko ekonomiarako jauzia eta biztanleriaren zahartzea». Hiru indar horien konbinazioaren ondorioz, gaineratu du, «talentu eskasia eskualde lehiakortasunerako oztopo nagusia izan daiteke».

Bilakaera demografikoari begira, Urgoitik gogoratu du Hego Euskal Herriko bizi itxaropena 84 urtekoa dela eta jaiotza tasa 1,3 seme-alabakoa dela emakume bakoitzeko. Haren esanetan, «ordezkatze mailatik oso urrun» dago.

Horrela, 2036. urtean egoera nolakoa izan daitekeen aztertu du Laboral Kutxak, eta aukera posibleak plazaratu ditu. Batetik, lan egiteko prest egongo diren pertsonei buruzko proiekzio ezkorra, tartekoa eta baikorra garatu ditu; eta bestetik, antzeko proiekzioak egin ditu urte horretan egon daitezkeen lanpostuen kopuruari buruz.

«Hego Euskal Herria aitzindari izan daiteke Europaren oparotasunerako olatuan, baldin eta gai bada itun sozial baten bidez bizi itxaropen luzea lehiakortasunerako abantaila bihurtzeko»

IBON URGOITILaboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria

Horiek guztiak konbinatuta, Urgoitik laino beltzak ikusten ditu EAEko lan merkatuari dagokionez. «EAEk langile defizita izango duela ondorioztatu dute agertoki gehienei dagokienez. Langile faltarik ez duten agertoki bakarrak enplegu kopuruak behera egiten duenekoak dira».

Nafarroarentzat, berriz, iragarpena baikorragoa da. «Foru erkidegoarentzat berebizikoa da EBren %78ko enplegu tasaren helburua lortzea. Hala, langileen eta lanpostuen kopuruak bateratzea lortuko luke Nafarroak».

Lan bizitza luzatzea

Edonola ere, desorekei aurre egiteko neurri batzuk ere aurkeztu ditu Laboral Kutxak, hala nola lan bizitza luzatzea, immigrazioa erakartzea eta atxikitzea, eta lanbide prestakuntza eguneratzeko programak aztertzea.

Langile seniorrei buruz, Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa saileko zuzendariak azaldu du EAEn 2036. urtean ezinezkoa izan daitekeela behar adina langile izatea soilik 20 urtetik 64 urtera arteko herritarrak kontuan izanda, nahiz eta enplegu tasa %78koa izan. «Horiei 65-69 adin tarteko langileak batuta, bai, ozta-ozta eta betiere hipotesirik baikorrenean, egungo enplegu maila izango genuke».

Immigrazioa eta prestakuntza

Langile kopuruei buruzko proiekzioak egiteko, INEren datuak erabili dituzte Laboral Kutxaren azterketa egiteko, eta immigrazio kopuruak positiboak dira Hego Euskal Herriarentzat. «Horregatik, azterketatik atera daitekeen ondorio bat izan daiteke immigrazio garbi positiboarekin ere ez garela langile nahikoak izango [2036an]. Egia da, hala ere, Airef-ek beste proiekzio batzuk egiten dituela, eta oso konplexua dela estimazioak egitea immigrazioei buruz. Baina INEren datuei erreparatuta, bai, ondoriozta daiteke immigrazioa ez dela nahikoa», azaldu du Madariagak.

Alde horretatik, Urgoitik aipatu du immigrazioa erakartzeaz gain beharrezkoa izango dela «beste neurri batzuk ere» hartzea.

«Baliteke pertsona batzuk lan merkatutik kanpo geratzea tarte batez, hain zuzen, prestakuntza behar dutelako. Hori izan daiteke gogorrena»

JOSEBA MADARIAGALaboral Kutxako Ikerketa saileko zuzendaria

Prestakuntza izango da beste neurri horietako bat. Baina ez da nahikoa izango jende gaztea egoki prestatzea etorkizuneko lanpostu horietarako. Madariagak gogoeta egin du: «Prestakuntzak eman diezaieke erantzuna egongo diren beharrei? Zalantza asko daude horri dagokionez. Sektore teknologikoan, adibidez, hainbestekoak dira elementu disruptiboak, prestakuntza arautuak ezingo baitie behar horiei erantzun, ziur asko. ‘Reskilling’ egin beharko da, berriz prestatzea; formakuntza daukaten pertsonek berriz prestatu beharko dute sortuko diren lanpostu berri horietara egokitzeko».

Eta hor arriskuak ikusten ditu Laboral Kutxako ekonomistak. «Prestatzeko aukera izango da, horrek ez nau horrenbeste kezkatzen. Baina baliteke pertsona batzuk lan merkatutik kanpo geratzea tarte batez, hain zuzen, prestakuntza hori behar dutelako. Hori izan daiteke gogorrena, lan merkatuan izan daitezkeen egokitzapen faltaren eta desoreken ondorio soziala».

Urgoitik, hala ere, uko egin dio «fatalismo demografikora» jotzeari. «Azterketak erakusten du Hego Euskal Herria aitzindari izan daitekeela Europaren oparotasunerako olatuan, baldin eta gai bada itun sozial baten bidez bizi itxaropen luzea lehiakortasunerako abantaila bihurtzeko. Kooperatiba sarea, industria kultura eta kaudimen teknologikoa aukera boteretsuak dira, betiere eskualdeak asumitzen badu talentua urria izango dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.