Iñaki Lopez Gandasegi hil da, Aernnovaren sortzailea

1996an sortu zuen Aernnova, Gamesaren adar aeronautikotik abiatuta, eta gaur egun munduko aeronautika enpresa nagusien hornitzaile handienetako bat da.

Iñaki Lopez Gandasegi, eskuinean eserita, abenduko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iñaki Lopez Gandasegi, eskuinean eserita, abenduko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko otsailaren 3a
12:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gaur, Euskadi umezurtz geratu da. Euskal enpresa sareak erreferente bat galdu du, begiratu beharreko ispilu bat». Hitz horiekin eman du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Iñaki Lopez Gandasegi enpresaburuaren heriotzaren berri. Aernnova aeronautika enpresaren sortzailea zen Gandasegi, eta bart hil da. 

1952an jaio zen, Bermeon (Bizkaia), eta, industria ingeniaritza ikasi eta gero, Senerren, Iberdueron eta Corporacion IBVn aritu zen lanean. Baina bere bizitzako funtsezko jauzia 1995ean egin zuen, Gamesako kontseilari ordezkari izendatu zutenean. Urte gutxi batzuk lehenago sortu zuten enpresa hori Joseba Grajales eta Juan Luis Arregi enpresaburu arabarrek, garai hartan euskal ekonomian pisu txikia zuten bi sektoretan aritzeko: energia eolikoan eta aeronautikan.

Azken arlo horretan, Brasilgo Embraerrentzat lehen lanak egiten hasi zen Gamesa, eta urteek aurrera egin ahala proiektu gehiago hartu zituen. 2006an, Gamesa zatitu egin zen: arlo eolikoari eutsi zion alde batek —gaur egun Siemensen esku dago—, eta Gandasegik beste enpresa bat sortu zuen adar aeronautikorako, Aernnova.



[image or embed]

— Imanol Pradales Gil (@imanolpradalesgil.bsky.social) 2026(e)ko otsailaren 3(a) (11:42)

Proiektu horretan Caja Castilla la Mancharen finantza babesa izan zuen Gandasegik, Euskal Herriko bankuek uzkur hartu baitzuten haren apustua. Erabaki horrek tirabirak eragin zituen enpresaburuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, baina urteek aurrera egin ahala baretu egin ziren, eta Gandasegiren lana goraipatu dute azken urteetan bertako instituzioek. Horren isla dira Pradalesen hitzak ez ezik baita Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarenak ere: «Azken hamarkadetan Arabaren eta Euskadiren eraldaketa eta industriaren suspertzea ulertzeko funtsezkoa izan den pertsona bat joan da». 

1.400 langile Euskal Herrian

Izan ere, gaur egun Euskal Herriko enpresarik handienetako bat da Aernnova. Azken datuen arabera, 5.863 langile ditu, eta haietatik 1.400 inguru daude Euskal Herrian. Miñaoko parke teknologikoan du egoitza nagusia, eta fabrika nagusia Berantevillan dago (Araba), baina baditu lantegiak Gamarran (Gasteiz), Zamudion (Bizkaia) eta Zarautzen (Gipuzkoa) ere.

aernnova
Aernnovaren egoitza nagusia, Miñaoko parke teknologikoan, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU

Aernnovak hegalak, fuselajeak eta egonkortzaileak egiten ditu munduko hegazkin eta helikoptero ekoizle nagusientzat (Airbus, Boeing, Embraer, Leonardo, Bombardier...).

Gandasegik Grant Skinnerren esku utzi zuen iaz Aernnovaren lehendakaritza exekutiboa, baina lehendakaritza instituzionalari eutsi zion. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.