Industriarako diru gehiago eta laguntza programa gutxiago iragarri ditu Jaurlaritzak

Hurrengo lau urteetan 15.900 milioi euro inbertituko dituzte, hainbat proiektu «eraldatzailetan». Industria planaren bitartez, etorkizunean «kalitatezko enplegua» bermatzeko oinarriak ezarri nahi dituzte, Jauregi sailburuaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren industria planaren aurkezpena, Artecheren Mungiako egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Eusko Jaurlaritzaren industria planaren aurkezpena, Artecheren Mungiako egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Mungia
2025eko ekainaren 11
14:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur aurkeztutako industria planaren mamiari baino, «hori gauzatzeko moduari» eman dio garrantzi handiagoa Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak. Hurrengo belaunaldiek «kalitatezko enplegua» izan dezatela bermatzeko, 3.900 milioi euro emango dituzte erakunde publikoek; aurreko lau urteetan baino %50 gehiago, alegia. Eta erakunde pribatuek beste 12.000 milioi euro jartzea espero dute. Laguntza programen kopurua, ordea, erdira murriztu dute: «Gutxiago izango dira, baina emankorragoak». Industria inbertsio berriak aztertu eta onartzeko epeak ere txikiagoak (%30) izango dira, «desburokratizazioaren» mesedetan.

Imanol Pradales lehendakaria buru zutela, sailburu gehienek parte hartu dute energiaren sektorean diharduen Arteche konpainiaren laborategira egindako bisitan, Mungian (Bizkaia). Beste erakunde publikoetako eta enpresetako ordezkariak izan dira bertan.

20

Zenbat proiektu garatuko dituzten. Industria planaren bitartez, hogei «proiektu eraldatzaile» garatuko dituzte hasieran —dagoeneko abian dira—: hamar sektore pribatuak zuzenduko ditu, eta beste hamarrak eremu publikoaren gidaritzapekoak izango dira; guztiak lankidetza publiko-pribatuan oinarrituta.

Leku hori aukeratu izana industria planaren helburu nagusiarekin lotu du Jauregik: Arteche familiak duela 77 urte sortutako lantegian du jatorria aipatutako Mungiako enpresak. Industria planari dagokionez, «etorkizuneko belaunaldientzat kalitate handiko lanpostuak sortzeko oinarriak ipintzea» da xede nagusia: «Gure seme-alaben nahiak aseko dituen eta ondo ordainduko den enplegu egonkorra sortu nahi dugu, potentzial guztia Euskadin garatzeko aukera emango diena».

Industria plana
Eusko Jaurlaritzaren industria planaren aurkezpena, gaur, Arteche enpresaren Mungiako egoitzan. IREKIA

Industria sailburuaren arabera, plana hiru jarduera ardatzetan oinarritzen da: «Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago». Horiek horrela, egitasmoak hamabost lehentasun estrategiko finkatzen ditu: besteak beste, enpresak errotzea, atzerriko inbertsioa erakartzea, talentu berria garatzea, emakumeak industriara erakartzea, deskarbonizazioa bultzatzea, enpresa txikien eta ertainen tamaina handitzea, eta industrian adimen artifiziala bultzatzea.

Eremu estrategikoak

Bi eremutan inbertitzea aurreikusten dute: alde batetik, orain arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria gehien hauspotu duten sektoreetan: hala nola automobilgintzan, energian, fabrikazio aurreratuan, metalurgian eta mugikortasun jasangarrian. Bestalde, etorkizunean industrian erreferentziazkoak izango diren sektoreak lagundu nahi dituzte: tartean, arlo aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sare adimendunak eta erregai berriztagarriak.

«Gure seme-alaben nahiak aseko dituen eta ondo ordainduta egongo den enplegu egonkorra sortu nahi dugu»

MIKEL JAUREGIEusko Jaurlaritzako Industria sailburua

2030era begirako industria plana gauzatzeko, 3.900 milioi euro emango dituzte erakunde publikoek; aurreko lau urteetan baino %50 gehiago. Horietatik 2.100 milioi euro Industria Sailak berak jarriko ditu, 1.200 milioi Euskal Finantza Aliantzaren baliabideak izango dira, eta gainontzeko 600 milioi euro Gasteizko gobernuko beste sail batzuetatik aterako dira. Erakunde pribatuek 12.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten dute.

Zirriborro bat

Industria sailburuak nabarmendu duenez, plana «euskal industriari jauzi kualitatiboa egiten lagunduko dion ibilbide orria izango da, herrialdearen etorkizun ekonomikoa, eta hurrengo belaunaldientzako ongizatea eta aurrerapena bermatzen lagunduko du». 2030eko Euskadi Industria Plana «inoiz ez bezalako jauzi kualitatiboa izango da euskal industria politikan». Bestalde, «Europako lehentasun estrategikoekin bat» datorrela adierazi du. Tartean egongo lirateke berrikuntza, deskarbonizazioa, autonomia estrategikoa eta desburokratizazioa, «kontinentearen berrindustrializazio prozesuari laguntzeko».

«Euskal industriari jauzi kualitatiboa egiten lagunduko dion ibilbide orria izango da, eta herrialdearen etorkizun ekonomikoa bermatzen lagunduko du»

MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Eusko Jaurlaritzak egin du txostena, erakunde publikoen, industria klusterren, enpresa erakundeen eta Europako Batzordearen laguntzarekin. Hala ere, Jauregik azaldu du «zirriborro bat» baino ez dela. Izan ere, hemendik gutxira, gizarte eragileekin eta ekonomia arloko erakundeekin harremanetan jarriko dira Gasteizko gobernuko arduradunak, plana eta proiektu eraldatzaileak aberasteko asmoz. Gero, gobernu kontseiluak onartu beharko du, Eusko Legebiltzarrean «uda ostean» aurkeztu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.