Industria berrindartzeko neurriak eskatu ditu KESek

Ekonomia haziko den arren, prekaritateak eta pobreziaren hazkundeak kezkatu du batzordea

KESek atzo egin zuen joan den urteko txostenaren aurkezpena. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Gogoeta egiteari utzi eta ekitekoko garaia dela. Franciso Jose Huidobro Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko (KES) presidenteak argi hitz egin du: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian enpresek gero eta pisu handiagoa hartu beharra daukate. Krisia hasi aurreko kopuruetara iritsi beharko litzatekeela esan du, eta egungo egoerarekin kezkatuta azaldu da. 2008an, 184.290 enpresa zeuden, eta joan den urtean berriz 159.001. Beherakada horrekin, EAEko BPGan industriak pisua galdu du azken urteetan, eta hori berreskuratzea ezinbestekotzat jo du, «krisitik ateratzeko giltzetako bat» delako. Hori lortu ahal izateko, ordea, kontuak agintariei eskatu dizkie, eta herri politika zehatzak garatzeko beharra ikusi du.

Industriak presentzia handiagoa izan behar duen arren, EAEko egoera ekonomikoa «inflexio puntuan» dagoela esan du Huidobrok. Nahiz eta onartu duen testuingurua «ezegonkorra» dela. Joan den urtean, %1,2 hazi zen hiru lurraldeetako ekonomia, eta aurten oraindik ere bide horretatik ibiliko denaren trazak hartu dizkio KESek atzo aurkeztu zuen txostenak. Baina presidenteak zuhurra izan nahi izan du, unean uneko bilakaera ikusi eta aztertu beharko dela esanez. Ekonomiak hazteari ez diola utzikodioten ahotsekin bat egin du, beraz, baina oso ozen hitz egin gabe. Txostenean bildutako informazioak, ordea, hazkundearen ideia berretsi besterik ez du egiten. Finantzaketa kostuek behera egin dute, eta horrek piztu egin du enpresa eta familien ekonomia. Horrez gain, kanpoko merkatuen igoerak ere eragina izan du EAEkoan, eta merkatuen konfiantza indartu egin da. Eragile horiekguztiek batzearekin ondorioztatu du KESek aurten ere BPGak gora egingo duela. Igoera hori zenbatekoa izango den ez du zehaztu, hala ere.

Prekaritateak gora

Egoera ekonomikoaren aurreikuspen positiboa egiten badu ere, Huidobrok ohartarazi du enpleguaren kalitatea gero eta kaskarragoa dela. Behin-behineko kontratuak eta lanaldi partzialek gora egin dute krisia hasi zenetik. Eta datuak ere eman ditu: iaz sinatu ziren kontratuen %5 bakarrik izan ziren mugagabeak. Alegia, ia kontratu denak behin-behinekoak izan ziren, eta, batez beste, 32 eguneko iraupenekoak. Ez hori bakarrik, 2014an sinatu ziren lanaldi partzialen kontratuak 2008an hitzartu zirenak halako bi izan ziren. Egoera larria dela esan du KESeko presidenteak, eta neurriak hartu behar direla gogorarazi die agintariei. Edozein modutan, azken hilabeteetan langabezia tasak behera egin du, baina 2009 eta 2013 artean galdutako lanpostuei begiratu die Huidobrok. «Lau urtean, denetara, 100.000 lanpostu inguru galdu dira, %10 denetara».

Langabeen artean, bestalde, iraupen luzekoen kopurua ere hazten ari da. 2013an beharrik gabe zeuden pertsonen %57,4k gutxienez urtebete bazeramaten lan bila, eta, joan den urtean, datua %65era iritsi zen. «Kolektibo honen egoera zaila da, gero eta denbora gehiago eman langabezian, orduan eta zailagoa baita berriz ere lanera itzultzea». Egoera horrek beste ondorio bat dakar, gainera. «Pertsona hauek langabezia saria agortzen dute, eta diru iturriak agortzen hasten» zaizkiela ohartarazi du.

Horrek guztiak izan du eraginik pobreziak azken urteetan izan duen gorakadarekin. KESek egindako ikerketaren arabera, gaur egun 127.000 pertsona daude egoera horretan, eta biztanleen %5,9ren errealitatea da hori. 2008. urtetik 1,7 puntu handituda datu hori. «Krisia hasi arte lortutako aurrerapen asko azkeneko bi urte hauetan arriskuan jartzen ari gara». Pobrezian ez, baina ongizaterik ez daukaten pertsonak ere zenbatu ditu txostenak. Biztanleen %11,5 daude egoera horretan, denetara 250.000 pertsona.

Baldintza horietan dauden pertsonek, ordea, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dute. Eta KESek argitaratutako txostenean biltzen denaren arabera, babes hori zabala da. Horretarako, alderaketa egin du Espainiarekin. Izan ere, estatuan ematen diren laguntza horien %41,8 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan banatzen dira. «Espainian 1.000 pertsonako 5,48 pertsonari laguntzen zaio errenta horrekin, eta erkidegoan, aldiz, 34 pertsonari». Laguntza horiei esker, pobrezia maila %39 murriztu ahal izan dela ondorioztatu du ikerketak.

Baina datu horiek positiboak diren arren, diru sarrera bermatzeko errentak enplegura itzultzeko lagundu behar duela aldarrikatu du. Eta, horretarako, politika aktiboekin daukaten integrazioa hobetzeko eskatu du Huidobrok. «Are gehiago, luze gabe behar handiagoak egongo delako. Langabezia sariak amaitu dituzten gero eta langabe gehiago egongo dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.