Grebaren aurkakoak izan ziren lanuztearen arrakasta egiaztatzen lehenak. 11:00ak baino lehen enpresetako hiru langiletik bi ez zirela lanera joan onartu zuen SEA Arabako Enpresaburuen Elkarteak. Industriak eta, batez ere, enpresa handiek gidatu zuten grebaren arrakasta Araban, baina, beste sektoreetan ere erantzuna oso zabala izan zen. Poliziak zortzi lagun atxilotu zituen, eta beste bederatziri desordena publikoak egotziko dizkie.
Erantzuna nabarmena zela iradokitzen zuen goizean goizetik industrialde nagusien egoerak. Jundizen lasaitasuna nagusi, ia zaratarik ez, kamioi eta furgoi ia bat bera ere ez, eta auto gutxi. Arabako enpresa nagusian, Mercedesen, katea geldirik zegoen. Sindikatuen arabera, hamar langiletik bederatzik bat egin zuten deialdiarekin. Betoñuko industrialdeak antzeko irudia utzi zuen. Michelinen ere erantzun zabala izan zuen grebak; %65-70 bitartekoa kalkulatu zuten antolatzaileek. Enpresen hiru laurdenetan baino gehiagotan langileen %70ek edo gehiagok bat egin zuen grebarekin, sindikatuek egindako zenbaketaren arabera.
Lan erreformaren kontrako mobilizazioa zabaltzeko ardura hartu zuten pikete ugarik. Lehen istiluak Tuvisa udal autobusen garajean gertatu ziren. Polizia piketeei oldartu zitzaien, pertsona bat atxilotu zuen, eta beste bat inputatu zuen. EHUk Gasteizen duen kanpusean ere ertzainek beste hiru lagun atzeman zituzten, «pintaketak egiteko asmoa» zutela argudiatuta.
Baina gertaera larriena goizeko bederatziak pasata jazo zen. Xuban Nafarrate 19 urteko gaztea larri zauritu zen, ertzainekin izandako liskar baten ondorioz. Bertsio kontrajarriak egon ziren. Nafarrateren lagunek adierazi zutenez, poliziek harengana jo zuten, lurrera bota eta jo egin zuten. Buruan pilotakada eman ziotela ere zabaldu zen. Herrizaingo Sailak, ordea, gaztea bere kasa erori zela ziurtatu zuen. Gertaeraren ondoren Nafarrate Santiagoko ospitalera eraman zuten, egoera larrian, garunean isuria zuela. Zainketa Intentsiboko Unitatean sartu zuten. Arratsaldez gaztea arriskutik kanpo zegoela adierazi zuten Osakidetzako iturriek. Desordena publikoak egotzi dizkio Herrizaingo Sailak.
Eusko Legebiltzarreko kanpoaldean ere izan ziren tirabirak. Ehunka lagun ganberaren aurrean bildu ziren, eta grebaren nahiz kapitalismoaren aurkako oihu egiten hasi ziren. Une horretan osoko bilkura egiten ari zen. Torlojuak, arrautzak, pintura pote bat eta beste objektu batzuk jaurti dituzte. Ondoren, bildutakoak sakabanatu zituen Ertzaintzak.
Ibilbidea, beteta
Eguerdiko manifestazioarekin goia jo zuen lanuzte orokorrak. ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuen Bilbo plazan zuten hitzordua. Inguruko kale eta espaloiak jendez gainezka zeuden. Aspaldiko mobilizaziorik handiena izan zen Arabako hiriburuan: burua Andra Mari Zuriaren plazaraino iritsita zegoela, azken manifestariak oraindik ere Frantzia kalean ziren, irteeratik hurbil.
Goizeko eta arratsaldeko manifestazioetan istiluak egon ziren El Corte Ingles saltokiaren ondoan. Goizean pertsona bat atzeman zuen bertan poliziak eta arratsaldean beste bi.
Greba orokorra. Herrialdeak. Araba
Industria handiak bultzatu du lanuzte handia
Zortzi lagun atxilotu ditu Poliziak, eta 19 urteko gazte bat larri zauritu da ertzainekin izandako liskar batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu