Liberalismoaren molderik muturrekoenen arabera, industria politika publikorik onena da botere publikoek industria politikarik ez egitea, eta dena merkatuaren esku uztea. Gaur egun, ordea, ikuspegi hori guztiz zaharkiturik dago, eta, horregatik, industria politika publikoak hautatu ditu Zedarriak ikerketa foroak bere zortzigarren txostena ontzeko gaitzat. Zehazki, enpresa estrategikoetan partaidetza publikoa bideratzeko zenbait irizpide eman du foroak txostenean, gizartean horren inguruko eztabaida pizteko asmoz.
Zedarriak foroko kide Guillermo Dorronsorok eta Pilar Kaltzadak azaldu dutenez, eztabaida hori puri-purian dago, Euskal Herrian ez ezik, Europan eta mundu osoan ere. Txinako eta AEBetako gobernuak zuzenean ari dira euren industria sustatzeko neurriak hartzen, eta horrek lehiatzeko zailtasun handiak ekartzen dizkie gainerako herrialdeei. Horregatik, «eztabaida ekonomikoaren erdigunera» itzuli da gaia: «Gaur egun, auzia ez da partaidetza publikoari baietz edo ezetz esatea, ezpada partaidetza publiko hori noiz eta nola egin, eta, batez ere, zer helburu estrategikorekin», esan du Kaltzadak.
Foroaren iritziz, «enpresen errotzea» bultzatzea hartu behar da helburu moduan. Baina errotze hori ez da soilik enpresa batek egoitza soziala lurralde jakin batean edukitzea: enpresa horrek lurralde horrekin dituen lotura ekonomiko, teknologiko, sozial eta instituzionalei erreparatu behar zaie.
«Enpresen errotzeak ez du zerikusirik protekzionismoarekin edo mugiezintasunarekin, ez da hilzorian dagoen enpresa bati arnasketa lagundua ematea»
GUILLERMO DORRONSOROZedarriak foroko zuzendaria
Horregatik, Zedarriak-ek proposatu du, enpresa bat baliabide publikoen bidez sustatzekotan, horren funtzio estrategikoak aintzat hartzea: aktibo produktibo eta teknologikoetan inbertsioak egiten ote dituen, nola kokatuta dagoen tokiko balio katean, enplegu kualifikatua sortzen ote duen, lankidetzarik ote duen hornitzaileekin eta ezagutza zentroekin, eta abar. «Enpresen errotzeak ez du zerikusirik protekzionismoarekin edo mugiezintasunarekin, ez da hilzorian dagoen enpresa bati arnasketa lagundua ematea», esan du Dorronsorok.
Kasu jakinetan sartu gabe
Txostenaren bidez, «esparru orokor bat» eta «egoki aritzeko jarraibide batzuk» ematea izan da Zedarriak-en helburua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan asko dira erakunde publikoen partaidetza, sostengua edo laguntza ekonomikoa duten sektore eta enpresak, eta askoz gehiago administrazioaren bultzada hori bilatzen dutenak, baina txostenaren egileek nahiago izan dute kasu jakinik ez aztertu. Dorronsorok esan duenez, ez daukate horrelako azterketa bat egiteko beharrezkoa den informazio guztia, eta, gainera, normalean denborak esaten du partaidetza eredu bat arrakastatsua izan den ala ez.
Txostenean, nabarmendu dute partaidetza publikoa ez dela soilik erakunde publikoek diru laguntzak ematea, eta «erreminta kutxan» eskura dauden tresnak askoz ugariagoak direla: partaidetza maileguak, zor malgua, agindu publikoa duten funtsak, erakunde publikoek kapitalean zuzenean edo zeharka parte hartzea, eta abar. «Orain, partaidetza ereduak askoz konplexuagoak eta sofistikatuagoak dira», azaldu du Kaltzadak.
Zedarriak-ek nabarmendu du finantzaketa publikoa «baliabide mugatu eta bereziki baliotsua» dela, eta ezinezkoa dela enpresa eta sektore guztiei mugarik gabe laguntzea: horregatik, botere publikoek aukeraketa bat egin behar dute, eta «eraginik handiena duten operazioak» hautatu. Eragin hori neurtzeko, ikuspegia zabaltzea proposatzen dute txostenaren egileek, eta, sustatu beharreko enpresa edo sektoreari bakarka erreparatu beharrean, «ekosistema osoa» aintzat hartzea aholkatzen dute.
Eta ohartarazpen bat egin dute: erakunde publikoen esku hartzea definitzean, askotan «erabaki mingarriak» hartu behar dituzte botere publikoek, «baliabide mugatuekin» ari direlako. «Zaratari eta presio sozialari muzin egitea» aholkatu dute: «Zarata sozial eta mediatikoak ez du laguntzen operazio horiek modu egokian egiten».
1980ko birmoldaketa «arrakastatsua»
1980ko hamarkadako industria birmoldatzeko prozesua jarri dute horren adibidetzat. Esan dutenez, orduan botere publikoek «zaharkituta zegoen sektore bat» eraberritzeko erabakia hartu zuten, eta prozesu hori «arrakastaz» burutu zen, baina bidean «oso erabaki gogorrak» hartu behar izan zituzten, eta haien kontrako presio soziala oso handia zen: «Presio horri men egin izan baliote, seguru asko gaur egun ez genuke hitz egingo prozesu horren arrakastaz», esan du Dorronsorok.
Helburu estrategikoak argi edukitzea, kasu bakoitzerako tresna egokia eta proportzionatua hautatzea, egitasmoaren «etorkizuneko bideragarritasuna eta ahalmen eraldatzailea» aintzat hartzea, baliabide publikoekin batera inbertsio pribatu osagarria mobilizatzea, parte hartzea aldian behin berrikustea eta, beharrezkoa denean, hura egokitzea eta beste zenbait neurri proposatu ditu Zedarriak-ek bere txostenean.