Industrian galdutako hiru lanpostutik bat berreskuratu du Mondragonek

61 milioi euro irabazi zituen iaz, 2008an baino %14 gutxiago, gerrikoa estutzeko neurriei esker

jakes goikoetxea
Donostia
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Mondragon taldearen industria adarrak behin-behineko ia hiru mila langile kaleratu zituen iazko urtearen lehen erdian. Iaz bertan, hala ere, galdutako hiru lanpostutatik bat (938) berreskuratu zuen urtearen bigarren erdian, pixkana-pixkana jarduera indartzen ari den seinale.

Euskal Herriko enpresa talde garrantzitsuenak 61 milioi euro irabazi zituen iaz, 2008ko 71 milioiak baino %14 gutxiago. Aldea ez da izugarria, baina aintzat hartu behar da taldeak 2008an jasan zuela krisiaren kolperik bortitzena: 2007an 711 milioi euro irabazi zituen, eta 2008an, 71 milioi; hamar aldiz gutxiago. Mondragon taldeak zuhur jokatzea erabaki du, eta 2008an gordetako diruaren halako hiru bideratu du dotazioetara 2009an.

Korporazioak nabarmendu du emaitzak «positiboak» direla, iazkoa urte «bereziki zaila» izan zelako jarduera guztietarako, batez ere lehenengo sei hilabeteetan.

Onartu du neurri handi batean iaz gerrikoa estutu zutelako izan dituztela emaitza horiek, bestela okerragoa izan baitzitekeen. «Beharrezko egokitzapenak eta ahaleginak» egin direla eta funtzionatu dutela aitortu du Jose Maria Aldekoa Mondragoneko lehendakariak. «Neurri horiekin asmatu egin dela erakusten du emaitzek hiruhilekoz hiruhileko izan duten hazkunde etengabeak».

Gogoratu behar da kooperatibek eta langileek hainbat neurri hartu dituztela krisiaren ondorioak samurtzeko: behin-behineko hainbat langile kaleratu dituzte, bazkide batzuk kooperatibaz aldatu, besteei erretiroa aurreratu,bazkide gisa dagozkien sariei uko egin eta zenbait kooperatibatan soldatak %10 inguru jaitsi. Aldekoaren iritziz, neurri horiek guztiek bermatu egin dute taldearen lehiakortasuna eta korporazioa etorkizunerako egoki prestatuta egoteko.

Atzo jakinarazitako datu nagusiak Txomin Garcia Euskadiko Kutxako presidenteak aurreratu zituen martxoan, kutxaren emaitzen aurkezpenean. Aurrera begira iragarri zuen taldeak emaitzak bideratu dituela eta «bide onean» doala.

Iaz batez beste 85.066 langile izan zituen Mondragonek, 2008an baino %8,3 gutxiago (7.400 inguru). Lanpostu kopuruaren urtez urteko joera ikusiz gero, iaz aldatu egin zen Mondragon taldeak lanpostuak sortzeko izan duen joera etengabea.

Krisia arlo guztietan

Kooperatiba taldeak hiru jarduera nagusi ditu: banaketa, finantzak eta industria. Hiruretan nabaritu ditu krisiaren ondorioak, baina batez ere eraikuntzari eta etxeko ondasun iraunkorrei lotutakoetan. Etxetresnetan, esaterako. Fagor Etxetresnek 19,9 milioi euro galdu zituzten iaz, salmentak 200 milioi eurotan jaitsi ostean, Espainiako etxegintzaren krisiaren ondorioz batez ere. 2007an 13,4 milioi euro irabazi zituen.

Finantzetan, Euskadiko Kutxak 56,5 milioi euro irabazi zituen iaz, 2008an baino %43,8 gutxiago. 205 milioi euro gorde zituen kobratu gabe gera daitezkeen zorrak estaltzeko.

Banaketa arloan, Eroskik iaz 75,6 milioi euro galdu zituen, 2008an galdutakoa baino 23 milioi euro gutxiago. Negozio arruntean emaitza onak izan zituen, baina zorraren zama oso astuna da, Eroski asko zorpetu baitzen inbertsioak eta erosketak (Caprabo) egiteko. Zorra atzeratzea hitzartu zuen finantza erakundeekin abenduan.

Krisiak krisi, Mondragonek iaz 325 milioi euro inbertitu zituen industrian; bost enpresa jarduera berri sortu zituen; Indian bi lantegi zabaldu; eta I+G+(b)-n 132 milioi euro baino gehiago inbertitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.