Eustatek aldaketa txiki bat egin du urriaren amaieran aurreratutako datu makroekonomikoan. Orduan esan zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %2 hazi zela azken urtean, baina datu hori gorantz berrikusi du gaur: %2,1 hazi da 2018ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuz gero. Urte osorako %2,2ko hazkundea iragarri du Eusko Jaurlaritzak.
Hiruhileko arteko datua ere berrikusi du Eustatek: orain dio uztailetik irailera %0,5 hazi zela ekonomia, hamarren bat gehiago.
Aldaketarik ez dago, ordea, ekonomiaren sektore desberdinen jokaeran. Orduan bezala orain ere, industriak egiten dio galga ekonomiari. Horrela, hiruhileko arteko tasan hazkunde negatiboa izan du bigarren sektoreak: -%0,2. Gainera, energiaren ekarpen positiboak —Petronor berriro martxa bizian joatea— lausotu egin du gainbehera: manufaktura industria hutsak %0,4 egin du behera. Urte arteko tasa oraindik positiboa da sektore osoan (%0,7).
Berez, tasa negatiboa duen sektore bakarra lehenengoa da: duela urtebete baino %1,8 txikiagoa da. Nekazaritzaren eta arrantzaren ekarpena oso gorabeheratsua izan ohi da, eta txikia da hiru lurraldeetako barne produktu gordinean duen azken eragina.
Hazkunde tasa sendoak dituzte, berriz, beste bi sektoreek: kontsumo publiko eta pribatu egonkor bati esker, zerbitzuek hamarren bat igo dute beren hazkundea —%2,5etik %2,6ra—, eta eraikuntzak %2,9ko hazkundeari eutsi dio.
Bizkaia, hobeto
Herrialdeei dagokienez, Arabak eman du hazkunde tasarik txikiena (%1,6), hor dutelako pisurik handien bai industriak eta bai nekazaritzak. Industriak, berriz, Bizkaiari egiten dio ekarpenik txikiena, eta, ondorioz, hark du hazkunde tasarik handiena (%2,3). Beste bi lurraldeen erdibidean dago Gipuzkoa, %2,1ko hazkundearekin.
Herrialdeen arteko desberdintasun horiek antzeman dira enpleguan ere: azken urtean %1,7 handitu da Bizkaian, %1,6 Gipuzkoan eta %1,2 baizik ez Araban.